Izenburutik hasita, aldarrikapen edo ohartarazpen kutsua du erakusketak. Desde un lugar 1978-2004 esatean, jatorri edo abiapuntuaz ari zaizkigu antolatzaileak, baina baita helburu edo norabideaz ere; nonbait sortzen dena nonbaiterako eta norbaitentzat sortzen baita. Artelanek, sortzen diren momentutik, beharrezko dute ibilbide bat, ikuslearenganaino eramango dituena. Sarriegi, ordea, luzea eta neketsua suertatzen da bide hori, oztopo gehiegi eta laguntza gutxi baitaude tartean. Erakundeen partetik babesik, proiektu berririk eta arretarik apenas dagoen lekuan, are gogorragoa da artistek egin beharreko ahalegina beraien lana ikustarazteko. Moisés Pérez de Albéniz galeriak Nafarroan kalitatezko arte garaikidea badela gogorarazi nahi izan digu erakusketa honen bidez, ilunpean, argi keinuak bidaliz lurra han dela adierazten digun itsasargiak bezala.
Euskarri tradizionalak nagusi
Nagusiki margolanek eta eskulturek osatzen dute erakusketa, nahiz eta baden argazki lanen bat ere. Margolariei dagokienez, aniztasuna da aipagarri. Azken urte hauetako artelanetan, ez dugu joera homogeneo edo bateraturik topatuko, korronte ezberdinen inguruan egindako esperimentazio saioak baino. Abstrakzioa eta figurazioaren artean, lehenengo joera da nagusi. Adibide batzuk aipatzearren, Fernando Pagolak espresionismo abstraktuarekin lan egiten du, baita Javier Baldak ere, nahiz eta, bakoitzak bere ikerketa bidea jarraitzearen ondorioz, bien arteko tartea handia izan. Fernando Iriarteren kasuan, berriz, materiaren lanketa nabarmendu beharko genuke eta Asunción Goikoetxearenean berriz, heliografiak, argiak eta denborak, margo edo pigmenturik erabili gabe, sortutako koadro bitxiak.
Figuraziotik abiatzen diren margolarien artean ere bide ezberdinak jorratu dituztenak topatuko ditugu. Pedro Osések, adibidez, pop joeretara gerturatzen gaitu, Pedro Salaberrik kolore lauak eta forma sinpleak erabiltzen ditu bere errealitatea islatzeko eta Juan Jose Akerretak berriz, figurazio intimista eta poetikoagoa darabil bere lanetan.
Eskulturaren kasuan ere bi joera nagusi bereizten dira. Batetik, eskulturaren ikuspegi klasikoa jarraitzen dutenak ditugu, bai kontzeptu eta bai material aldetik. Hor dugu, esate baterako, Faustino Aizkorberen lana, euskal eskultura deitu izan denarekin lotura estua duena. Bestalde, ikuspegi berritzaileago batetik abiatzen diren artistak ere aurkituko ditugu, hala nola, Dick Rekalde, Angel Bados edo Dora Salazar. Kontzeptu tradizionalak alde batera utzi eta baliabide, gai eta ikuspuntu berriak erabiliz sortutako lanek gaurkotasuna eman diote erakusketari.
Azkenik, argazkigintzarentzat aipamentxo bat. Tamalez, 25 urtetan sortu denaren adibide bakarra baino ez dugu ikusiko: Paco Polánen argazki serie bat. Harrigarria da azken urteetan Nafarroan sortu den arteari begirada luzatzean, arreta handiagoa jarri ez izana argazkigintzan. Beste hainbeste esan behar dugu bideoz edo teknologia berriekin egindako artelanei buruz, adibide bakar bat ere ez baitugu topatuko erakusketan. Dudarik gabe, euskarri "berriek" honelako erakusketa batean merezi dute toki bat, arte garaikideaz ari garela ezinbestekoak baitira.
Arreta eta ardura eske
Erakusketa honen bidez erakundeak, artistak eta ikusleak gogoeta egitera bultzatzea da antolatzaileen helburua. Moisés Pérez de Albénizek galdera bat bezala planteatzen du erakusketa: "Zer gertatzen da hemen, hain kalitate handiko artistak egonda, kanpoan ezezagunak izateko?". Dudarik gabe, zuzenean erakunde publikoei eragiten dien galdera da hau. Katalogoen argitalpenerako laguntzarik eza, arte azokak ez bultzatzea, arte garaikidearekiko inolako ardurarik ez izatea eta orokorrean, erabateko babes falta da erakusketaren antolatzaileek salatzen dutena. Eta noski, horrekin guztiarekin bat datoz, egoera zuzenkien pairatzen duten artistak. Ezinbesteko ikusten dute Nafarroako Gobernuak arte garaikidearekiko duen jarrera aldatzea: hartu beharreko ardurak hartzea, alegia. Egoera ez da samurra eta guztien lana beharko da arte garaikide osasuntsu bat nahi baldin badugu. Lehenengo pausoa erakusketa hau ikustera joatea izan liteke.