argia.eus
INPRIMATU
Enjrique
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 27a
Mujica Herzog. Aspaldikoa. Mihin zuhurren arabera, PSOEren garai bateko finantzabide. Behin, Parisetik Miarritzera hegazkinez nentorrela, emazte erraldoi baten konpainian egin nuen topo Air Francekoan. Munichetik omen zetozen elkarrekin. Ez ziruditen amoranteak. So eta so, lutoz jantzi emaztea ezaguna egiten zitzaidala »eta, telebistan hainbatetan ikusitako huraxe zela ohartu nintzen: Golda Meir. Demokrata baino antifrankista zela susmoa betitik nuen, harekin izandako bizpahiru aldiko harremanetan, bere autoritarismoak harritu baininduen. Ez nenbilen oker, gerora frankismorik gabeko bere Espainiaren nolakoak frogatu didan eran. Garai hartan euskal preso politikoen abokatu taldeko partaide hura, Francoren juduen aurkako gorrotoak egin zuela antifrankista alegia, poemak izkiriatzen dituzten guztiak ez direla poetak, bertsoak egiten dituen oro ez dela bertsolari. Israelen omen dabil hizlari. Etxean. Eta Espainiako herriaren defendatzaile soldatapekoa, palestinarrak beren lurretan preso atxikitzeko harresi ikaragarrien alde mintzatu omen da, ohi bezala sutsuki, erronkari, segurki euskaldunentzat hemen nahiko lukeen sistema goraipatuz, ezinbestekotzat joz. Ez nau harritu, sutu egin nau. Beharrik bera ez dagoela elkarrizketaren alde.