Emeterio Arrese euskaltzale bidaiaria

  • Apirilean beteko dira 50 urte Emeterio Arrese (1869-1954) olerkari tolosarra hil zela. Ez dira gutxi euskaltzale honek bere bizian osatu zituen literatura lanak, bertsoak eta antzerkiak. Ez dira gutxi ezta ere Amerikara burutu zituen bidaiak, Buenos Airesen, Habanan, Mexikon eta New York-en denboraldi luzeak egin zituen. Bere garaiko bertsolari, literaturgile eta enpresari ezagunen lagun; bohemioa izatez, errepublikarra ideiez, historia luze eta oparokoa genuen Arrese.

2021eko uztailaren 27an
Emeterio Arrese Bauduer 1869an jaio zen Tolosan, aita tolosarra zuen, ama berriz frantsesa, biak urte mordoa Gasteizen bizi izanagatik, bertan ezagutu eta maitemindu ziren, baina ostera Tolosara itzuli ziren. Beraz, Emeterio herri honetan hazi zen eta bertako eskolapioetan ikasi zuen, ez zituen ordea oso oroitzapen gozoak izan eskola honi dagokionez eta batzuen ustez, bertan jaso zuen tratuagatik Elizarenganako mesfidantza ez zitzaion inoiz kendu.

Ezinegona eta urduritasuna segituan iratzarri zitzaion, batez ere euskaltzaletasunari dagokionez, 1887 inguruan Pedro Mari Otaño bertsolaria ezagutu zuen eta baita bere lagun min egin ere; geroztik, Arreseren bertsoek Otañok hain gustuko zuen herrikoitasun eta lirikotasunaren arteko bateraketa horretatik edan zuten. Arresek maiz hitz egiten zuen Otaño, bere adiskideari buruz eta Euzko Gogoan (1952, 9-10 zbk.) bertsolaria lehen aldiz ikusi zuen egunaz idatzi zuen: "Emeretziren bat urte izango nitun nik Pello Mari ezagutu nuen garaian. Donosti'ko zarreko txoko batean aren bertsoak entzuteko abagune izanik, zorionez arkitu nintzan. Izan ere, mendi-mendiko larranbillo usai, iturri naro, ta gañantzeko beste aldegai eder guziak ere berekin zitun Pello Mari'ren bertso bakoitzak. Egun artandik eratorri zan gure adiskidetasun aundia"

Amerikan zehar

Gaztea zen Emeterio oraindik eta abenturazaletasuna barruan zeraman, odola bor-bor zeriola Amerikara joatea erabaki zuen, mundua ezagutzera nonbait. Ez dakigu zehazki zenbat bider joan zen Amerikara, baina bertako herrialde askotan egon zela bai: Buenos Airesen »Otañok zerikusirik izango zuen honetan ere», Mexikon, New Yorken eta San Luis de Missourin, baina batez ere Habanan. Kontratista bezala jardun zenez, lanbide honen baliabideak aprobetxatu zituen Amerikan zenbait pilotaleku eraikitzeko eta diru mordoxka bat irabazi zuenean benetako "amerikano" bihurtu zen; baina diru hori galtzeko zalea ere bazen tolosarra, behin dirudun eta beste behin "xentimorik gabe" ibiltzen zen.

Arreseren Amerikako egonaldietaz apenas dugun berririk, baina bere bertsogintza aztertuz gero, Euskal Herria ez zuela inolaz ere ahaztu nabari da, askotan damu da bertatik alde egin zuelako. Jasaten zuen herriminaren adibide garbi bat bere amaren falta sumatzen zuenean ikusten dugu; Amerikan zegoela hainbat olerki idatzi zituen bere amaren inguruan, hauek garbi erakusten dute nola maite eta kasik jainkotu zuen bera sortu zuen emakumea. 1903an Arresek bere amaren heriotzaren berri izan zuen Habanan eta tristurak jota, oso ezaguna egin zen olerki bat idatzi zuen: "Tristura makur illungarriya / beñere kentzen ez dana / datorkit orain gogoraturik / hil zaidan ama laztana", zioen olerkiak bere lerro batzuetan.

Badakigu Emeterio Arreseren lehen bidaia Kubarakoa izan zela. Ez ziren garai xamurrak Espainiako azken kolonian, izan ere, 1895ean Kubako Gerra lehertu zen eta olerkariak gogotik bizi izan zuen gudaldi hura; beste askok bezala, espainiar abertzaletasun sutsua erakutsi zuen eta Kubako matxinatuen, nahiz yankien kontra bereak eta bi bota zituen: "Zer uste dute moro zar oiek / española garaitzia, / gure kopeta beren indarrez / umill goiberatutzia?" galdetzen zuen Tolosan 1896an idatzitako bertso batean. Hortik gutxira Kubara joan zen eta urte batzuk beranduago New Yorken egon zenean yankien kontrako iritzi garbia erakutsi zuen; ez zitzaion lurralde hori batere gustatu, jaso zuen tratua ez baitzen guztiz gozoa izan.

Donostiako egonaldia

Euskal Herrira itzultzeko garaia iritsi zitzaion antza, hamabost urte baino gehiagoz etxetik kanpora ibili denaren zirrara berberarekin itzuli zen gainera; baina berton aurkitu zuenak ez zuen zerikusirik gazte koxkor bat zenean utzi zuen lurrarekin, erabat ezberdina zela ohartu zen, lagunak aldendu eta kaleetan euskararik entzuten ez zuelako kexu zen gure Arrese. Aberats itzuli arren, zorionik ez zuen aurkitu beraz. Zori makurra! izeneko bertso-sortan "Arrotz ote naiz lur ontan ere?" galdegiten zion bere buruari.

Behin eta berriro tolosarra zela esan arren, Amerikatik etorri zenean Donostian ezarri zen eta bertan denbora luzea egin zuen. Hiri horretan eman zituen bere urterik oparoenak, bai literatura aldetik eta baita ospe aldetik ere. Lagunak aldendu zitzaizkiola kexu bazen ere, egia da betiko adiskideak bere ondotik ez zitzaizkiola sekula joan; hor dugu Polikarpo Elosegiren adibidea, bere anaia Juan eta Antoniorekin batera, Boinas Elosegui enpresa famatuaren jabea zen hau, txikitatik Emeterio Arreseren lagun mina dudarik gabe. 1948an Polikarpo hil zenean, olerkariak bere samina eta gomuta ederki asko adierazten jakin zuen bertso bitan »Laister igana izenburupean». Beste horrenbeste esan daiteke Manuel Urreta olerkariarekin edo Eduardo Mokoroa musikariarekin izan zuen harremanaz.

Hain zuzen, azken honekin, adiskidetasunaz gain, lan harreman sendo bat gauzatu zuen. 1900ean Mokoroak Sentierak opera estreinatu zuen Iruñean eta opera horrek Arreseren letrak zeramatzan, ostera, 1936an opera hau Leidor izenez berrantzeztu zen eta nahikoa famatu egin zen gainera. 1911. urtea benetan urte berezia behar zuen izan idazle tolosarrarentzat, bere herriak omenaldi xume baina beroa eskaini omen zion eta hori gutxi balitz, urte berean Seguran egin ziren Euskal Jaietan Zara izeneko bere obrak bigarren saria jaso zuen »berrogeita hamar pezeta, dirutza garai haietan»; hain zuzen ere, Zara opera Mokoroaren musikarekin zegoen konposaturik. 1913an Tolosako udaletxeak Nere Bidean liburua argitaratu zion Arreseri, ordu arte idatzi zituen olerkien bilduma bat zen eta liburuaren azken zatiak Zara opera oso-osorik zekarren.

Gerora beste zenbait olerki-bilduma argitaratu zituen, euskaltzaleen artean benetan ezagun egin zen eta laudorioak besterik ez zituen jaso, Ibinagabeitiaren hitzak dira horren erakusgarri: "Arrese'k poesi-indar berbizikoa txertatu dio gure euskerari. Ortan gutxi izan dira gure artean ain lan ederra egin duenik. Aren eskuetan poesi-tresna egin-egiña duzute gure izkera: apain, egoki ta neurrikoa; pin eta zailua". (Euzko Gogoa, 1952 7-8 zbk.).

Gainbehera

1948an, laurogei urte bete zituenean, Donostiatik Tolosara itzuli zen, zahartzaroaren azken urteak bere herrian egiteko. Bere bertso-sorta batek zioen bezala, gainbehera zetorkion eta "ankak elbarri, burua motel" zituen. Dena den, azken urte horietan ez zuen berezko nortasunik galdu; Juan Garmendia Larrañagak gizon sendoa zela dio eta traje nahiz kapelarekin ibiltzen omen zen, ezkertiarra baino gehiago errepublikazalea zen eta erlijiosoa izan arren, ez zuen eliza gehiegi maite. Bi hitzetan, Arrese bohemioa eta erromantikoa zela esan dezakegu.

1952an Otañori eginiko omenaldian parte hartu zuen eta urte berean bere azken liburua, Olerki Berritze argitaratu zioten. Emeterio Arrese 1954ko apirilaren 7an hil zen 85 urterekin Tolosan, bere jaioterrian; azken orduak berarekin igaro eta sakramentuak eman zizkion Salbatore Mitxelena frantziskotar olerkariak "illak bakarrik entzuten duten izkera maitagarrian" zendu zela esan zuen.

Alde batetik bestera

Antza denez, alde batetik bestera ibiltze horrek ez zion onik ekarri Arreseri, Buenos Airesetik Habanara joan zenean, Argentinan utzi zuen lagun batek harantz eta honantz zertan zebilen galdetu zion eta tolosarrak bertso paregabe batzuekin erantzun zion, sorta horretakoak dira bi hauek:

Andik irtenda nik etzekiat
nolabait ala bearrak
onuntz ekarri ninduan edo
nere buruzbide txarrak.
Ai, jakiñ banu!; baña gaur zertan
estutu ortz t'atzaparrak....?
Tipula zar bat ez dik baliyo
oraingo nere negarrak

Ni zer nabillen jakin nai al dek?
Ara: lur au borobilla
ote dan zeukat nere buruban
izugarrizko naspilla.
Ta...bazekiat hi jun eitzala
»beti izan aiz abilla»
Iparragirre'k or utzitako
zaku-dirubaren billa.



Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


Eguneraketa berriak daude