argia.eus
INPRIMATU
Arbitzan barrena
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 27a

Elurte ederra azken hau! Elurte guztiak bezala zuria eta beltza era berean "elurre xurie delaik, beltza da". Zuria uzta urte ederra iragartzen duelako »"elur urte arto urte"» eta beltza... beltzarena larre-azienda duen edozeini galdetu behar »"elurrak hanka lotzen du".
Dena delako koloreko azienda duen edonor gorri dabil egun hauetan. Ahaztutako hotzak eta behetako sailak bezalaxe etxe-bueltako lurrak elurrak estalirik. Larreak ametsetan mandio, ganbazal, karrera, meta, zuhatza, belar-zulo, silo, bolak, ganbara, etxe-ordeko, eilor, borda... negua igarotzeko jasotako bazkak ederki miatuak izan dira. Zakutan eta fardotan kanpotik datozen jatenen dantza polita dabil.
Honelako neguak kopetekoan behar-eta argazkitan jasoak genituen. "Uste ez genuen mandoak ostikoa bota" eta solo eta soroak hutsik... Garai batean arbi-buru ederrez lepo izango ziren eta haiek majeraratzeko eskuak ospelduagatik azienda aseta, gozo-arraio.
Arbirik ez da ia ereiten egun. Litroka saltzen zen hazia eskuratzeko gorriak ikusiko dituzu. Baserri gutxi batzuetan besterik ez duzu topatuko betiko arbi gorri borobila. Erraz aurkituko duzun Herbeheretako arbi zuri luzanga geurean garatua, loretua zen elurtetarako, aziendarentzako eskastua, alegia.
Ehunka urtetan arbia (Brassica napus) geure elikaduraren oinarrietako bat izan zen, patata aziendari emateari utzi eta geu jaten hasi ginen arte. Neguzalea da arbia eta beroak usaindu ordurako garatzen da, gure gastronomiako gutizia ezkutuenetako bat emanez: arbi-gara, arbi-listo edo arbi-litsa. Udan azkarregi, abuztuaren erdialdea baino lehenago, ereinez gero zanbruak jotzen ditu eta usteldu, etxean probatua dut aurten eta arrazoi zuen bai Bedaioko Larrañetako Mariak... Arbi-burua usteltzen duen ontto honi aurre egiten asko laguntzen omen dio soroa karetzeak.
Bitamina, batez ere C, eta mineral ugari ditu arbiak eta bere zuntz aberastasunagatik libratze lanak errazten ditu eta hesteetako minbizia uxatzen du; beste minbizi askotatik babesteko Brassica jeneroko landare jendea jatearen onurak gero eta argiago azaltzen ari dira.