argia.eus
INPRIMATU
Ulermenerako kaosa
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 27a

Hitza eta hizkuntza omen dira beste espezieetatik bereizi eta geureari arrazoizko berezitasuna ematen diona. Hizkuntza izango da, gero, gure arteko berezikeriak eta mailakatzeak »zapaldua, kolonizatzailea...» ekarriko dizkiguna. Hizkuntza bakoitza bere kulturan espezializatua da eta kultura guztiek lotura estua dute naturarekin eta landareekin. Euskaldunok izugarrizko aberastasuna dugu landare izendegian, landare berak dozena bat edo hamabost izen izan ditzake... Aberastasun hau ulermenerako zailtasuna ere bada. Honi beste hizkuntzetakoak gehituta dotorea da kaosa baina galanta. Panorama honetan landare bat aurkitu edo sortzen duenak egoki deritzon izena jarri eta kultura guztietako jendeak erabili dezan izendegi batean ezartzen da.
Izen generiko gehienak hizkuntzaren batean landareak duen izenetik dator: grekoa, latina, arabiera... Daphne ibaietako jainkoaren alabaren izenetik dator, Andromeda Kasiopea eta Zefeoren alabarenetik,... Beste batzuk botanikariak, mezenas jendea eta abar goraipatzeko jarriak dira: Leonard Fuchsentzat Fuchsia, Adam Lonicerentzat Lonicera, Atanasio Etxeberria margolariarentzat Echeverria familia, Armand David ezpeletarrarentzat Davidia, Lardizabalarentzat Lardizabalaceae familia eta Lardizabala generoa...
Landare guztiek generikoaren ondoren bigarren bat dute: geografiari lotua: atlantica ipar Afrikako Atlas mendietakoa, australe hegoaldekoa, sinense txinarra, euskadiensis hemengoa, lusitanica Portugaldarra... habitatari lotua: aquatica urtarra, maritima itsas ondokoa, palustre paduretakoa, sylvatica basotarra... eitearen itxurari lotua: pendula makurtua, nana ttikia, arborea zuhaitz tankerakoa, horizontale zabalera hazten dena... hostoen formari lotua: coriacea gogorra, crassifolia urtsua edo lodia, glabra ilerik gabea, hirsuta iletsua, macrophylla hostoa handiak, picta koloretsua, variegata bi koloreduna... loreen formari lotua: campanulata ezkil itxurakoa, polyantha lore ugaria duena, stellata izar itxurakoa... koloreei lotua: alba zuria, aurantiaca laranja, aurea urrea, flava larua, lutea horia, rubra gorria, viride berdea... usainari lotua: foetida kirastuna, moschata goroldi usainekoa...
Botanikari euskaldun gutxi izan ditugula nabarmena da.