Inon berdintasunik lortu bada, eskolan lortu dela uste da. Ana Agirrek, Emakundeko prestakuntza arduradunak uste horren alde ustela jarri nahi du agerian: «Orain bai, berdin hezten dira umeak, alegia, mutilen ereduaren arabera. Baina helburua ez da berdin heztea, modu integralean baizik».
Eskola sistemak hasieratik lehentasuna eman die genero maskulinoaren balioei. Androzentrismoa izan du ardatz. Oraindik arlo publikorako bakarrik, alegia, gizonezkoen mundua izan den horretarako prestatzen ditu ikasleak, lan munduan integratzeko.
Aldiz, emakumeen generoari atxikitako balioak bigarren mailan geratzen dira. Esaterako, familiako bizitza edo etxeko kontuak ez dira maila berean lantzen.
Ana Agirrek azaltzen duenez, «eskolak integratu behar lituzke bizitzarako baliagarri diren balio guztiak. Bai emakumezko edo gizonezko generoei atxikitakoak. Eta denei eskaini behar zaizkie, neskei eta mutilei. Hori litzateke benetan aukera berdintasunerako heziketa eskaintzea».
Nola egin zen irakaskuntza mistoa?
Hego Euskal Herrian, 60ko hamarkadan sortu zen eskola mistoa. Ordura arte, neskek eta mutilek bereizita ikasten zuten. Baina neska eta mutilak elkartzearekin bakarrik ez dela arazoa konpontzen argudiatzen du Maria Jose Urruzola hezkidetza aholkulariak La educación de las niñas desde el feminismo de la diferencia artikuluan (Hezkidetza hezkuntz sisteman liburuan): «Ikastetxeek, orokorrean, ez zuten planteatu ere egin zer ekar zezakeen neskak eta mutilak espazio fisiko berean elkartzeak, gizartea sexista denean, eta gizontasuna emakumetasunaren gainetik dagoenean, eguneroko bizitzan».
Urruzolak ondorioztatzen duenez, emakumeak desabantaila egoeran egon arren, eskolak ez zuen egoera orekatzeko neurririk hartu, eta horrek ekarri zuen gizonezkoen hezkuntza eredua nagusitzea.
Eskola mistoak sortu zireneko unea erabakiorra izan zen. Heziketa orekatuago bat lortzeko hainbat gauza kontuan hartu beharrekoak ziren, baina ez zituzten hartu. Horrela azaltzen du Urruzolak: «Ez zen ‘gizonezko generoaren’ eta ‘emakumezko generoaren’ kritikarik egin. Ez zen nesken aldeko diskriminazio politikarik aurreikusi. Ez zen argitu pertsona bezala zer baloreetan heziko ziren. Ez zen aztertu irakasgaietan transmititzen zen androzentrismoa; esaterako, historian, filosofian, zientziatan... Eta ez zen kontuan hartu emakumeei egozten zaizkien rolei balio gutxiago ematen zaiela gizartean, gizonen rolei baino».
Arazo nagusia: ez konturatzea
Heziketa parekidea emateko kezka hau asko landu zen 90eko hamarkadaren hasieran. Zehar lerro bihurtzearen ideia zabaldu zen, alegia, generoaren gaia aparteko zerbait bezala landu beharrean, beharrezkoa zela alor denetan txertatzea. Erabaki honen balorazioa egin digu Beatriz Moralek, Farapi antropologia taldeko kideak: «Ideia oso ona da, baina praktikan gertatu dena da, zehar lerro egin beharraren izenean, ez dela ezer egin, eta kito».
Urte luzeetan gaia baztertu samar egon ondoren, oraintxe hasi da berriro hezkuntza munduko jendea kezkatzen, ikusten delako gauzak ez direla benetan aldatu. Teoria eta materiala aldetik, 90eko hamarkadatik lan handia aurreratuta dagoela dio Moralek: «Material ona dago, eta egin diren hausnarketak oso aproposak dira. Baina gai honi buruz pentsatzen jartzea da gakoa. Eguneroko bizitzan sartuta gaude, eta ez gara jabetzen errepikatzen ditugun ereduez. Erabat barneratuta ditugu generoen rolak. Horregatik, galderak planteatzea da lehen pausoa».
LOCE: «Atzera pausoa» den legea
2002. urte bukaeran jarri zen martxan Espainiako Estatuan LOCE legea. Hezkidetza garatzeko ematen duen aukerez, honela dio Ana Agirre Emakundeko prestakuntza arduradunak: «Lege horren garapenaz atera diren hainbat dekretu sakonki aztertu gabe dauzkat. Baina lehen inpresioa da atzera pauso bat eman nahi dela. Aurreko legeak, LOGSE legeak bere helburuen artean jasotzen zituen aukera berdintasunerako printzipioak, eta egiten zuen planteamendu orokorrak balio ezberdinak irakasteari garrantzia ematen zion. Eta LOCE legeak ez du marko hori hain ongi definitzen. Baina ikusteko dago, lege horrek zer garapen izango duen».
Martxan dauden proiektuak
Emakundek Ekintza Positiborako III. Planaren barruan, hezkuntzan egin beharreko lana diseinatua du. 15 urte dira Plana martxan dagoela, eta hezkidetza lantzeko banatzen dituen atal nagusiak dira: ikasle, irakasle eta gurasoen sentsibilizazioa, irakasleen prestakuntza, ikasketak aukeratzeko orientazioa, eta edukien errebisioa.
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lana da Plana ikastetxeetan aplikatzea. Agirrek azaltzen duenez, «Hezkuntza Sailak irakasleak prestatzeko eskaintzen dituen aukeren artean, lehentasuna dutenetako bat da hezkidetzaren gaia. Baina ikastetxeen esku dago aukeratzea zer gaitan prestatu nahi dituen bere irakasleak. Horregatik da beharrezkoa sentsibilizatzea».
Plan honez gain, bestelako formulekin hasi dira ikastetxeak hezkidetzaren gaia lantzen. Esaterako, Hernaniko Udalak bultzatuta, herri horretako ikastetxeak Berdintasuna eta Hezkidetza ikastaroa jasotzen ari dira. Beatriz Moral eta Begoña Petxarroman dira irakasle. Azaltzen dutenez, aurten galderak planteatzea eta bakoitza bere ikastetxearen errealitateaz jabetzea da helburua. Eta hurrengo urtean, denen artean irtenbideak edo ekintza zehatzak bilatzen saiatuko dira. Ikastaroan aztertzen dituzten gaiak dira: espazioa, gorputza, edukiak eta orientabidea.
Ikasle, irakasle eta gurasoek parte hartzearen garrantzia
Irakasleak dira ikastetxeko errealitatea gertutik ezagutzen dutenak. Eta behaketaren bidez, neska eta mutilen jarrerak aztertzen ari dira. Ordea, ikasleak ere lan horretan jarri ditu Nekane Idarreta Hernaniko Langile ikastolako irakasleak: «Ikasle taldetxo bati eskatu diot behaketa lana egin dezan. Ondoren, klase osoari azalduko dizkiote emaitzak. Irakasleok esatea alferrik baita, ikasleek konturatu behar dute neska eta mutilen arteko ezberdintasunez».
Era berean, gurasoekin ere lantzen dute hezkidetzaren gaia. Begoña Petxarromanek azaltzen duen bezala, «oso garrantzitsua da jakitea ikasleek etxean zer giro duten eta zer eredu ikusten dituzten. Eta beharrezkoa da gurasoek jakin eta ulertu dezaten bere umeak zer ari diren lantzen eskolan. Bestela, ikasleek eskolan gauza bat aditu eta etxean beste gauza bat ikusiko dute».