argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2021eko uztailaren 27a
Jaki funtzionalak (eta II)
Jaki funtzionalak (ikus aurreko ARGIA) eta berauen onurak goraipatzen dituzten iragarkiak egunero ikusten ditugu telebistan. Berriki, Juan Mari Arzak sukaldari ospetsua eta Martin Fiz kirolari olinpikoa azaldu zaizkigu estanolesterrak dituzen esnekiak promozionatzen. Baina zer dira aspaldi honetan ugari entzuten diren elementu erantsi horiek? Zer dira hiztegi arruntetan agertzen ez diren hitz itsusi horiek? Horren mesedegarriak, horren beharrezkoak ote dira? Hainbat argibide:
Estanolesterra konposatu begetal bat da. Egurraren pulparen hondakinetan aurkitzen da eta kolesterolaren aurkako esterol begetalik edo fitoesterolik eraginkorrena da.
Esterol begetalak zelula begetalen osagaiak dira. Bere estruktura kimikoa eta bere funtzioak animalien zeluletako kolesterolaren antzekoak dira eta oso eraginkorrak dira hesteetan, kolesterolaren xukatzea galarazten baitute.
Probiotikoak gure elikaduraren osagarri gisa hartzen diren mikroorganismo biziak dira eta onuragarriak dira kontsumitzailearen osasunerako, hesteetako flora bakterianoan eragiten baitute. Merkatuko produktuen artean, esnekietan aurkituko ditugu nagusiki.
Gure liseriketa aparatuan 400 mikroorganismo espezietik gora bizi dira eta horietarik 30-40 inguruk »flota mikrobianoa deitzen dena» %99a osatzen dute. Jaki probiotikoek floraren oreka mantentzen eta mikroorganismo kaltegarriei aurre egiten laguntzen dute.
Prebiotikoak gure hesteetako bakteria onen hazkuntza eta aktibitatea eragiten duten jakiak dira.
Edari bizigarriak edo energetikoak. Ikerlari askok kezka azaldu du mota honetako edari berrien aurrean, kafeina, teina edota beste alkaloide bizigarriren bat izateaz gainera, askok ginseng, guarana, taurina edo efedrina baitute osagaien artean. Ikerlari hauen hitzetan ezin da esan gabe utzi, adibidez, kafeina eta efedrina nahasteak bihotzeko arazoak sor ditzakeela, edota taurina deituriko aminoazidoaren epe luzeko efektuak oraindik ez direla aztertu. Bestalde, alkoholarekin ez nahastea eta deshidrataziorik ez gertatzeko ur asko edatea gomendatzen dute.
Jaki funtzionalek piztu duten interesa eta berauek osasunarekin lotzeko dagoen joera ikusirik, Europako Batasunak osasunari lotutako argibideak, hau da, jakion efektu onuragarriei buruz kontsumitzaileari zuzenduriko informazioa arautu nahi du Functional Food Science in Europa deituriko erakundearen bidez. Jaki bat funtzionaltzat hartzeko oinarri zientifiko sendoetan oinarritutako frogak erakutsi beharko dira eta adituen zeregina izango da jakiaren ezaugarri osasuntsu hauen berri ematea.
Functional Food Science in Europa deiturikoa osatzen duten ikerlarien ustez, jaki funtzionalak jaki normalen gisan merkaturatu beharko lirateke eta izan ditzaketen efektuak dietan normalki kontsumitzen diren kopuruetan frogatu behar dira.
Bestalde, Europako Batasunak osatutako erakundeak proposatzen duena araudian onartzen bada, jaki funtzionalek bestelako informaziorik ere azaldu beharko dute etiketan. Esate baterako, onura osagarriez gainera, hartu beharreko jaki kopuru egokiaren eta jakia hartzeko moduaren berri eman beharko dute. Gainera, dieta orekatu baten eta bizimodu osasuntsu baten garrantziaz ere ohartarazi beharko dute.