argia.eus
INPRIMATU
Argitalpenak
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a

Nere berriketa eta aitortza
Leon Albeniz "Iruntxiberri"
Auspoa/Gipuzkoako foru aldundia
277 orrialde
15 euro



Korrikalariaren idazle marka


Aiako Iruntxiberri baserrian jaioa dugu Leon Albeniz Maiz, gerora "Iruntxiberri" izenarekin hain ospetsu egingo zen korrikalaria. 1937an ekarri zuen bere amak mundura, senideen artean hamargarrena zen, eta Nere berriketa eta aitortza liburuan adierazten duenez, behar adina hazi gabe gelditu ei zen, eta berrogeita hamar kilora ailegatu gabe berrogeita hamar urte pasatutakoa da. Baina hain zuzen arintasun horrek lagundu zion markarik politenak lortzen korrikalari bezala jokatutako apustuetan. Liburu honetan, bere bizitza ez ezik, apustularien mundua ere literatura bihurtu du, jaiotetxeko giroa azaltzetik hasi, korrikarako grina nola sortu zitzaion kontatu, egindako apustuen berri eman eta joko-gizonen gazi-gozoak zeintzuk diren agertuz.


Euskal Gaiak: Euskal Herriko Literatura
Miren Billelabeitia
Ibaizabal, Hariadna
124 orrialde
13 euro



Euskal idazleen lanaren azterketa


Bernat Etxeparek XVI. mendean idatzi zituenetatik hasiz XIX. mendean izan ziren idazleen lanetarainokoak aztertu ditu Euskal Herriko Literatura liburuan Miren Billelabeitiak, gure literaturaz kanpoko tradizio eta kultur mugimenduekin lotura eginez. Gure literatura klasikoa benetan literatura den ala ez zenbaitentzat eztabaidan dagoen aldi honetan -alegia, badirudiela idazlan askok azterketa filologikorako aproposagoak direla, eta ez horrenbeste azterketa literariorako-, euskal idazleen lana Europako giro kulturaletan kokatzen ahalegindu da Miren Billelabeitia, aurretik aztertutako egile bakoitzaren testua eskainiz, jarraian interpretazio bideak zabaltzeari ekiteko, idazle bakoitza bere garaian kokatuz, azkenean idazlearen eta bere lanen alde ederrak agertzeko.


Euskal Herria
Batzuen artean
Sua edizioak
120 orrialde
5 euro



Ezkutuan diruditen historiako pasarte eta bazter horiek


Badira gure inguruan hamaika gauza eta bazter miragarri oso gutxik ezagutzen dituztenak. Horiek guztiak argira atera nahiko lituzke Sua edizioak kaleratzen duen Euskal Herria aldizkariak, eta bere azkenengo zenbakian, euskal geografian aurki daitezkeen 26 arroila eta leize zuloren berri emateaz gain, beste lan hauek ere agertzen ditu: gure lurraldean dauden gotiko garaiko altxorrik preziatuenak, Floridako dortoken inbasioari aurre egin nahian dabiltzan euskal jatorrizko dortoken egoera, ia ezagutzen ez diren Xabier Minaren biografiako hainbat pasarte -gaztetan frantziar armadaren kontra egin zuen borroka, gero Mexikoko independentziaren alde ekitean espainiarren kontra egingo zuen bezala-, eta abar luzea.


Aldaketa soziala eta praxi kolektiboa
Zesar Martinez
Deustuko Unibertsitatea
68 orrialde
4,40 euro



Neoliberalismoari aurre eginez


Globalizazio neoliberalaren sasoi hauetan aldaketa sozialari buruz zabaltzen ari den diskurtso ideologiko deterministari aurre egin nahian, Soziologian doktore eta EHUko irakaslea den Zesar Martinezek egindako saio honen izenburu zehatza Aldaketa soziala eta praxi kolektiboa. Gizartearen produkzioa pentsamendu soziologikoan da. Bertan, merkatu globalizatuaren lehiakortasuna eta etengabeko hazkunde ekonomiko-produktiboa giza eboluzioaren eta aurrerapen sozialaren bide bakar gisa aurkezten duten adituen teoriei, beste ikuspegi teoriko ezberdinekin egiten die aurre Martinezek, pentsamendu soziologikoan garatu diren beste ikuspegi teoriko horiek gizartearen produkzioa eta gidaritza.nola kontzeptualizatu duten aztertuta.


Koadro isila
Xabier Etxaniz Rojo
Erein
199 orrialde
13,60 euro



2003ko "Donostia Opera Prima" saria


Xabier Etxaniz Rojok "Donostia Opera Prima" saria irabazi zuen iaz Koadro isila lehen nobelarekin. Laurogeiko hamarkadaren erdialdetik hurrengo hamarkadaren hasieraraino gure inguruan suertatu ziren gertakizun politikoak institutuko ikasle batzuen amets eta ikuspegitik nola bizi izan ziren islatzen duen narrazio honetako protagonista institutu garaian Jarraiko militante izandako hogeita hamar urteko marrazkilari etsitu samar bat da. Emaztea eta maitalea galtzeko trantzean dago, eta ez daki ezer egiterik izan ote duen gauzak horrela ez izateko. Urduri dabil gizona, emazteak ea behingoz seme-alabaren bat elkarrekin ez al duten izan behar galdetu diolako, eta berak gogoko duen ezezko borobilarekin erantzuteko gai izan ez delako. Eta hain zuzen orduantxe jaso du hamar urte aurretik ikaskide izan zituenen deia, institutuak hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldietan eta ikasle zein irakasle ohien arteko bazkarian ea parte hartuko duen galdetuz. Gustura erantzungo zien hauei ere ezetz, ez baitauka garai haiek oroitzeko gogo askorik, baina zer edo zer ordainduko diotela aipatu dutenez, bada... onartu egiten du proposamena.


Txomin komunean
Liesbet Slegers
Ibaizabal
26 orrialde
5,24 euro



Pixa eta kaka handiek bezala egiten ikasten


Jolasean dabil Txomin txikia, bat-batean pixagure eta kakagure dela konturatzen denean. Garrasi batean, amari deika hasten da, pixontzia ekartzeko eskatuz, dagoeneko ez baititu ez kaka ez pixa praketan egiten. Baina Txominen amak ez dio pixontzia ekartzen, haren esanetan jadanik mutiko handia delako, eta horiek ere beste guztiek bezala komunean egiten ikasi behar duelako. Eta komunera eramaten du, komuneko zuloaren gainean eserita uzteko. Orduan Txomin beldurtu egiten da, zulo hori galanta delako eta berari hankak lurrera iristen ez zaizkiolako. Baina azkenean egin beharrekoak egitea erabakitzen du eta amak ipurdia garbitzen dionean ohartzen da gauza berri bat egiten ikasi duela.


Bat-bateko bertsoak idatziz emateko...
Batzuen artean
E.H.ko Bertsozale elkartea
23 orrialde



Bat-bateko bertsoak idatziz emateko irizpideak


Bertsozale Elkarteak 1991n plazaratu zituen Bapateko transkribapenerako erizpideak, baina 2003an berriz heldu nahi izan zion lan horri, zenbait alderdi lotu beharra zegoela ikusita. Bertsoak argitaratzeko eta artxibatzeko pentsatuta dauden irizpide hauek bi ataletan daude banatuak. Batetik, bertsolariek kantatu bezala idatziko diren bertsoak agertzen dituzte. Eta bestetik, hizkuntza arauek ahozkoa lehenesten dutelako edo irakurketa errazten dutelako aldaketak egin beharreko zenbait kasu aztertzen dira.