argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Izaskun Jauregi 2021eko uztailaren 27a

Thierry Malandain Biarritz Baleteko zuzendaria Benois de la danse sarietarako aukeratua izan da koreografoen sailean. Apirilaren 29an jakinaraziko dute Moskuko Bolshoi Antzokian zein den sariaren irabazlea.

Jean Bordaxar Zuberoako musikari eta kantariak Aitzina izena duen diskoa plazaratu du. Bertan, hamaika abesti bildu ditu. Kantu gehienen hitzak berak eginak dira Itxaro Bordak eta Jean Louis Davantek idatzitako bienak ezik. Bi urte diskorik kaleratu gabe egon ondoren plazaratu du honakoa.

San Telmo Museoan bilduta dauden lanei buruzko liburua kaleratu du Museoaren Lagunen Elkarteak. San Telmo, crónica de un centenario bost ataletan dago banatua. Horietako bakoitza Museoaren atal bati dagokio eta gai bakoitzean adituak direnek idatzi dituzte edukiak.

David Barbero kazetari eta idazleak Mexikon estreinatu berri du berak idatzitako Charlot, en el país de la libertad antzezlana. Lan horregatik irabazi zuen Rojas Zorrilla-Ciudad de Toledo saria. Barberok orain gutxi plazaratu du La Peregrina izeneko lehenengo nobela Hiria argitaletxearen eskutik.

Alberto Schommer argazkilaria sarituko du Bizkaiko Arkitektoen Elkargoak. Bere ibilbidean zehar paisaiei, hiriei eta eraikuntzei atera dizkien erretratu esanguratsuengatik saritu nahi izan dute argazkilaria.

Karlos Gimenez pianojole eta musikariak 12 geltoki izeneko diskoa kaleratuko du Elkarren eskutik hurrengo hilean. Bertan, pianorako sortutako 12 pieza jasoko ditu.