argia.eus
INPRIMATU
Zirt edo zart
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2007ko otsailaren 21a
Urduri dago Batasuna. Nafarroa Bai koalizioa dela-eta azaldu dituen nahiak eta ezinak ikusi besterik ez dago. Baina Batasunaren urduritasuna ez da Nafarroan amaituko, ezta martxoaren 14ean ere. Hurrengo hamabost hilabeteetan zirt edo zart egin beharko du, ez baitu orain arte bezala jarraitzerik izango.
Erabakitzeko ordua da: bertatik bertara politika egiteaz etsi eta ETAren baitango mugimendu ezkututzat jarraitu ala ETAren menpekotasuna hautsi eta soil-soil politikagintzari ekin.
Erabaki horrek noizbait etorri behar zuen baina, behar bada, zenbaitek uste baino lehenago etorri da, Batasuna legez kanporatzearen ondotik, Aralar plazaratzearekin batera eta Ibarretxe Plana bideratzeko bake-baldintzaren eraginez.
Batasuna ala Aralar, Aralar ala Batasuna, etorkizunak ez du bientzat besteko tokirik ekarriko. Eta Batasunak ez du maldan beherako joera gainditzerik izango hasieran Aralarri lar abantaila uzten baldin badio.
Seguru gero Carod Rovira eta ETAren arteko bileran honetaz ere hitz egin zutena. Josu Urrutikoetxeak honenbeste badaki. Jakin ezezik, baita konturatu ere. Eta jabetu.