argia.eus
INPRIMATU
Moralidad Publicak hil du Argentinako prostituten burua
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 27a

Argentinako Rosario hiriko La Capital egunkariak honela zioen joan den urtarrilaren 28ko zenbakian: «Asesinaron a Sandra Cabrera, líder del gremio de meretrices de Rosario». Bitxi egiten da «meretriz» hitza Europako bazter honetan: prostituta hitzaren gaztelerazko ordaintzat ikasi genuen mutikotan eskolan. Argentinan erabiltzen dute ordea normaltasunez. Hala ere, albiste horretan gauza bitxiagorik bada: Argentinako prostitutak sindikatu batean bilduak direla batetik. Eta albistea bere osotasunean irakurriz gero, hilketa honen erruduntzat hango poliziaren Moralidad Publica saileko agenteak jo direla.

Sandra Cabreraren gorpua goizeko 08:30etan aurkitu zuen lanera zihoan emakume batek Rosarioko Iriondo auzoan. 647. zenbakia daraman etxearen sarrerako eskilarapean zegoen emakumearen hilotza. Frakak belaunetaraino jaitsita zeuzkan, preserbatibo baten azaleko plastikoa zegoen bere ondoan, eta 32 kalibreko errebolber baten bala emakumearen buru barruan.

Hilketa gertatu zen lekura hurbildu zen kazetaria bi lekukorekin mintzatu ahal izan zen. Cabrera ezagutzen zuen Gustavo izeneko bizilagun batek esan zion nola hildako emakumeak adierazi zion «que se la tenían jurada». Auzoko beste emakume batek berriz «mesedez, ez ezazu nire izenik jarri, desesperatuta nago» erregutu zion kazetariari. Eta polizia bat aipatu zion, nola honek meatxu egin zien berari eta Cabrerari esanez «buruan tiro banarekin bukatuko zutela».

"La Capital"eko kronika honen lerroetan aurrera egin ahala ordea, Irigoien kaleko hilketa Argentinan egunero gertatzen direnen artean berezia egin duen hainbat xehetasun aurkituko dugu. Sandra Cabrera Asociación de Mujeres Meretrices de Argentina (AMMAR) elkarteko buruaren hilobiratzera 200 pertsona hurbildu ziren. Horien artean ziren Central de Trabajadores Argentinos sindikatuko ordezkariak, Asociación de Trabajadores del Estado sindikatukoak, Asociación del Magisterio de Santa Fe irakaskuntza sindikatukoak, hiriburuko zinegotziak eta beste zenbait politikari.

Santa Fe estatuko Jorge Obeid gobernadoreak Argentinako Justizia ministroari deitu zion »hileta egunean bertan» hirian bizi zen egoera minberaz hitz egin eta Giza Eskubideen idazkari nagusia Rosariora biharamonean bertan bidal zezan. Eta arartsaldean bildu zen prostituten sindikatuko idazkari nagusiarekin: Elena Reynaga-ri Obeidek agindu zion estatu horretako polizian garbiketa egingo duela, guztia CTA sindikatuaren eta bere bi ministroren aurrean. Ez hori bakarrik: agiri publiko bat plazaratu zuen Obeidek adieraziz hilketa horretaz inork daturik baldin badu era diskretoan Giza Eskubideen idazkariaren bulegoari jakinarazteko telefono bat antolatu dutela, eta publikoki konpromisoa hartzen duela «beharrezko neurriak hartu eta Polizian garbitasuna egiteko, honek bere betebeharra burutu dezan, alegia, jendeari laguntzea».

Bazituen azkar mugitzeko motiboak Obeid gobernadoreak: Sandra Cabrerak bera hil baino lau egun lehenago Auzitegian salaketa bat ipinia zuen Rosarioko polizia batzuen kontra beste prostituta bati meatxupean dirua kentzen ziotelako. Aspalditik ari zen AMMAR elkartetik Moralidad Publicako agenteen ustelkeria salatzen. Krisi betean dagoen Argentinan CTA sindikatuaren babesean prostituten defentsarako elkartea pixkanaka ari zen indartzen eta bere heriotzak asaldatu egin zuen Argentinako iritzi publikoa.

Non babestu hobeto mafia?

Diktadura likidatu ezinean ari diren beste leku askotan bezala, Argentinan ere sistema zaharraren mamuak eten gabe azaleratzen dira. Santa Fe estatuan, zenbait komunikabidetan aipatzen zen 1995an polizia batzuek idatzi zutela barne txosten bat ofizial ustelek dirua irabazteko zuten antolakuntzaz. «La Santafesina S.A» izenez deitzen zioten hartaz zekitenek eta haren kutxan ordaindu behar zuten eskualde hartan prostituzioa, legez kanpoko jokoa edo droga trafikoa egin nahi zutenek. 1992 eta 1995 artean «ezkerretik» (eskupean) 12 milioi pesotik gora manejatu zutela zioten polizia salatzaile horiek beren txostenean. Baina idatzi honek ez zuen eragin handirik izan. 1998an Obeid gobernadore berriak zenbait polizia torturatzaile kanporatu zituen, eta laster jaso zuen gainerakoen meatxua: horrelakorik gehiago egiten bazuen, berehala lehertuko zitzaiola bake soziala.

Eta tartean, Sandra Cabrera azaldu zen. Bera eta beste prostituta talde bat bildu zen ordurako Buenos Airesen funtzionatzen zuen AMMARera. Prostituta hitza arbuiatzen dute hauek, eta berentzako «sexu langileak» deitura erabiltzen dute. CTA sindikatuaren barruan antolatuta, proxeneten eta polizien desmasiei aurre egiten hasi ziren. Munduko ofiziorik zaharrenean ari diren emakumeak hain gogor kolpatzen dituen gaitzei (Hiesa nagusiki, baina baita sifilisa, gonorrea eta abar ere) buruzko informazio eta sendabideak hedatzen dituzte. 2001eko abenduan Argentinako krisia bere gordinenera iritsi zenean, okerren zeuden prostituten artean janariak banatu zituzten.

Rosarioko «Enredando» aldizkariari kontatu zionez, Sandra Cabrerak 2000. urtean autobus geltoki inguruetan egiten zuen bere lana, eta hango txulo batzuek eman zioten jipoia publikoki salatu zuenean azaldu zitzaizkion Buenos Airesko AMMARekoak. Eta bera bihurtu zen pixkanaka Rosarioko prostituten buru, kasik oharkabean.

Gero eta gatazka gehiagoren erdian, agintariek polizia babesa ezarri zioten gauetarako. Baina hala ere 2003ko abenduan berriro erasotu zuten Sandra... bere etxean bertan eta atean poliziak zituela!

Urtarril honetako 24an Cabrerak Stella Maris Longoni-ri lagundu zion auzitegira salaketa bat ezartzera. 29 urte ditu Stellak, alarguna da eta hiru haur dauzka. Hona «El Ciudadano»ren izenburua biharamonean: «Una trabajadora sexual reveló que pagaba a un agente de Moralidad Pública para ejercer su oficio tranquila». Bezperan titulu dotore hori duen saileko poliziek arrestaturik eraman zuten: Stellak esplikatu zien Sergio Bermejo izeneko ofizialari astero bezala ordaindu zizkiola bere 50 pesoak, baina Bermejo hori komisaldegiz aldatua zutela, berriro ordaindu behar zuela... eta polizia «arduradun» berriek sekulako jipoia eman zioten komisaldegian.

Stella Marisi auzitegian salaketa egiten lagundu eta hiru egunetara akabatu zuten Sandra Cabrera tiro batez. Mafiaren manera bortitzekin. 33 urte zituen Sandra Cabrerak eta zortzi urteko alaba utzi du. Geroztik, Argentinan eztabaidan ari dira: zer egin moralitatea zaintzeko aitzakiatan jarduera ilegal guztien bizkar aberasten diren Moralidad Publicako polizia ustelekin?

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.