argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2021eko uztailaren 27a

Marmoka mota berri bat deskubritu dute Kalifornian

Monterreyko (Kalifornia, AEB) ikerlariek marmoka espezie berri bat deskubritu dute eta bere ezaugarri bereziak kontuan hartuta, marmoken azpi-familia berri bat osatzen duela ondorioztatu dute. Stellamedusa ventana deritzonak »hala deitzea erabaki dute Kevin Raskoff-en esanetara jardun duten deskubritzaileek» kanpai forma du, kolore zuri-urdinxka eta 10-20 cm-ko luzera, baina bere berezitasunik aipagarriena beste bat da: marmoka honek, elikatzeko oso lagungarri zaizkion lau beso luze ditu tentakuluen ordez.
Stellamedusa ventana marmoka Kaliforniako Golkoan bizi da, itsasertzetik gertu, 150 eta 550 metroko sakoneran.
Orain arte marmokak zortzi azpi-familiatan banatuta zeuden.


Gosaltzeko betarik hartu gabe


Eguneko otordurik garrantzitsuena omen da gosaria. Hala diote, behinik behin, elikaduran adituek. Haatik, gazte askok ez dute horrelakorik uste, bildu diren datuek diotenez. Berriki egindako azterketa bati jarraiki, 24 urtetik beherako gazteen %40ak astean behin gutxienez baraurik pasatzen du eguartea. Ohitura honek ez dakar ondorio onik: gehienetan gutxi eta gaizki janez edota litxarreriak zizka-mizka irentsiz pasatzen da eguna eta gero, arratsaldeko edo gaueko otorduan, errekuperatu egiten da goizean jan ez dena. Labur esanda, elikadura orekatu bat jarraitzeko egin behar ez den guztia egiten da horrelakoetan. Egokiena egun osoan beharko diren kaloria guztien herena gutxienez gosaritan jatea da.


Medikuntzako literatura irakurtzen dakien programa

Medikuntza ikerlariek orduak eta orduak eman behar izaten dituzte beren alor edo espezializazioaren inguruan argitaratzen diren aldizkariak, artikuluak, liburuak eta gainerako argitalpenak bilatzen eta irakurtzen.
Harold 'Skip' Garner Dallas-eko Southwestern Medical Center-eko (AEB) doktoreak programa informatiko lagungarri bat asmatu du Hiesa, minbizia edo dena delakoa ikertzen ari direnen lan astuna samurtzeko. Izan ere, biomedikuntzan aditua den doktore honek azaldu duenez, bere programak pentsamendu zientifikoaren prozesua emulatzen edo itxuratzen du eta horri esker ordu askotako lana ken diezaioke ikerlariari. Ordenagailuari literatura zientifikoa «irakurtzen», datuak alderatzen eta erabiltzailearen interesaren arabera laburbiltzen eta sailkatzen irakastea izan da Garnerren lan nagusia.
Programa informatiko honek dagoeneko emaitza onak eman ditu bihotzeko gaitzen azterketan eta, oraingoz lan mota hau erabat ordenagailuen esku uzterik ez badago ere, denbora benetako deskubrimenduetarako gordetzen laguntzen dio ikerlariari.
Sortutako programa Irisdescent da eta medikuntzan gehien erabiltzen den Medline datu-basean lanean jarri da. Mediku askok kontsultatzen du aipatu datu-basea eta askotan ordu ugari irakurtzen pasatzen dute gai bati buruzko ideiak finkatzeko. Irisdescentek irakurketa automatikoa egiten du eta irakurritako datuak estatistikoki multzokatzeaz gain beraien arteko loturak, probabilitatearen araberakoak, egiten ditu.