argia.eus
INPRIMATU
Gonzalo Etxague: «Munduan dauden ikuspuntu ezberdinei buruz hitz egiten dut»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Zer diozu «Ahots bilduma» zure lehen nobela honetan?
Munduan dauden ikuspuntu ezberdinei buruz hitz egiten dut liburuan. Istorioa eroetxe batean gertatzen da, baina bitxia da, ze liburu osoan ez da eroetxe hitza agertzen, protagonistak beti Etxe Zuria deitzen diolako eroetxeari.

Nor dugu protagonista?
Ero bat, Estepan. Beno, eroa dela diot, medikuak eroturik dagoela esaten diolako, baina berak ez du onartzen eroturik dagoenik, ero hitza zentzurik gabeko hitza baita berarentzat. Poz-pozik bizi da Etxe Zurian, lagunez inguratua. Duen arazo bakarra hain zuzen ere medikua da, oso setatsua baita eta beti dabil Estepani bere burua sendatu behar duela esanez. Estepanek ez dio ulertzen, ordea. Berarentzat normaltasuna algarak egitea eta ero moduan ibiltzea baita, horrela da zoriontsu, eta ez du ulertzen zergatik esaten dion medikuak sendatu behar duela. Poliki-poliki, Estepan konturatzen da egoera hori ez dela bidezkoa. Berak Etxe Zuriko guztiak »eroak, medikua zein zaindariak» maila berean jartzen ditu. Eta momentu batean konturatzen da zer edo zer egin behar duela.

Zein bide aukeratzen du bidegabekeria konpontzeko?
Matxinada egitea bururatzen zaio. Beno, egia esan, berak entzuten dituen ahotsei bururatzen zaie matxinadarena, eta nola ahotsek beti aholku onak ematen dizkioten, matxinada egitea erabakitzen du. Istorio osoa Estepanek kontatzen du, eta beti bere ikuspuntutik. Gizon hori bere munduan bizi da, eta mundu hori nolabait zuritu egiten du.