argia.eus
INPRIMATU
Birziklapena
Bixente Serrano Izko @bixentesi 2021eko uztailaren 27a
Euskal Herriak du hartu behar ETArekin finitzeko erantzukizuna» dio Itxaro Bordak, Hiruko izenburu erranguratsuko liburu horretan. Ni, ados. Ohar batekin, aukeran: Euskal Herriak ez, izaki bat izanen balitz bezala haren osotasunean harturiko herri honek ez, euskal gizarteko zati aurrerakoi eta ezkertiarrek, demokrazia ireki eta sakona nahi omen duten sektoreek, Euskal Herrirako ere herri guztietarako defendagarri diren eskubideak irabazi nahi dituztenek hartu beharko lukete erantzukizun zama nagusia. Gure jendartea anizkor, aldakor, kulturalki aberats, kritiko, euskaldun, eleaniztun, justu eta abegikor nahi dutenek hartu behar dute erantzukizuna, eta ez, aldiz, jendarte kontserbadore, egoista eta uzkurrean eroso sentitzen direnek. Arazoa da nire maitagarriago horiek egiten ez badute, bertzeek lortuko dutela. Eta bertze hauek, ETA ez ezik, bertzeon balore aurrerakoi eta ezkertiarrak ere eraman nahi dituzte «finitzera».

Aspaldi bukatu zaio ziklo bat ezker abertzaletasunari. Eta ziklo bat bukatzean, birziklapenari ekin behar. Esperantzak izan zituen hitz hauek ordenuan lerrokatu nahi ditudan honek harako 1998 hartan, Lizarra-Garaziko garaietan. Bazirudien orduko Ezker Abertzalea konturatu zela birziklapen beharraz. Laster zapuztu egin zizkidaten itxaropen haiek, hala ere. Kontsolamendu bakarra: Euskal Herritarrok-en barneko sektore batzuk behintzat, hala nola Batzarre eta geroago Aralar fundatuko zutenak, kontzienteago zirela aurreko zikloaren amaieraz eta birziklapen beharraz. Batasuna, aldiz, entzungor. Eta hor dugu gaur, bere horretan, aitortu nahi gabe ezinbertzekoa dela ETAren itzalpeko ziklo historikoarekin bukatzea. Eskubide politikorik gabe gainera, eta ezker abertzale osoak sorturiko hainbat eta hainbat mugimendu, ekimen eta erakunde sozial nola kultural bere atzetik eramanez amildegira. Batasuna kinka larrian murgiltzen den bitartean, areago nagusitzen ari dira euskal gizartean bertze indar eta balore kontserbadoreagoak. Eta zaila, oso zaila zaie birziklapen beharraz ohartu diren ezkerreko sektoreei eraikitzea ezker abertzale berri bat, irekiagoa, bokazio integratzaileagokoa, joko politikoan bertzeekin »ez independentista, ez abertzale ez direnekin ere» sartzeko prestagoa, Euskal Herri zatikatu honetako egoera berezi eta anitzei egokitzeko beharraz kontzienteagoa... eta ETAren isil erabatekoaren premia gorriaz jabetua.

Giro honetan sortu da Nafarroa Bai. Bertzeak bertze, bi puntu ditu, funtsezkoak, Batasunak aitortu nahi ez eta koalizioko ateak zeharkatzea uzten ez diotenak: bata, noski, ETArekin «finitzeko» erantzukizuna hartu beharra, argi eta ozen erraten armak isilarazi behar dituela; bertzea, gutxiago aipatua, ezin dela Nafarroatik bakarrik egin Bergarako agiriak nahi duen autodeterminaziorako negoziazio prozesua Espainiarekin. Nahikoa dugu bazter honetakook nafarron aniztasuna, euskaltzaletasuna, erabakitzeko ahalmena eta gizarte askoz justu eta irekiagoaren beharra aldarrikatzearekin, bai Madrilen, bai hemen bertan. Lan-neke latzak izanen ditugu helburu xume horien inguruan borondateak batzearekin, gure itolarri kultural eta politikotik behingoz ateratzen saiatze aldera. Eta, horretarako, euskaltzale eta aurrerakoi gehienak bildu behar ditugu, ez bakarrik «Espainiari ez» erratera prest daudenak.

Ez, Arnaldo, ez dizuegu eskatzen ETAren burua irakiarren sarraskigileei ematea, ETAri erratea baizik, argi eta ozen, ez bururik ez hankarik dabilela, amildegira eramaten duela denon artean eraiki dezakegun guztia. Ez, Jose Mari Espartza lagun hori, ez dugu egur bihurtu nahi zuen zuhaitz eroria: aizkolari arrotzek guztiz txiki ez dezaten, zuhaitza bertze baso-mutur batean berriro altxa dezazuela nahi izanen genuke.