argia.eus
INPRIMATU
Babaloreon nobedadea
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 16a

Eurokada batez zoriona, eta okerragoa dena edertasuna eskuratzea uste dugun babaloreak baino gutxi, gero eta gutxiago, gehiago gara. Apartekoa, berria, ikusi gabea edukitzea dugu garunean karranpatua, askatu ezinezko korapilo eta txibista. Gaitza dugu hauxe ere landareekin.
Tarteka-marteka eurokada etxeko metara bildu asmoz nobedade deigarriren bat asmatzen duen azkarren baten berri izan ohi da. Eta kopeteko karranpa are gehiago estutzen digun nobedadeak jotzen gaitu. Seko jo ere!
"Zoriaren banbua" dugu azkena. Dracaena sandenaria landarearen puja edo aldaska da. Kanabera itxura du eta hortik banbua deitzea, banbu eleganteari sona lapurtuaz. Zoriarena, saltzeko trikimailua, besterik ez. Lora denda, gardena, mintegia, zoazenera zoazela hantxe topatuko dituzu aldaska mehe deigarriak, punttan hosto berriak ageri eta saltzailea komediante: lurralde urrun eta exotikoren bateko errito edo mitoren bat aitatuz: "...hau opari jasotzen duenari zori ona luzatzen omen dio...". Gero, kolonizazioaren tamainaz jabetzen gara: edozein bulego, taberna-zoko, denda edo etxean topatuko duzu. Zorionak enbata gisa etorria beharko luke aspaldi, baina bai zera! asmatzailearen patrikara enbatakada txanpon eraman bai...
Antzeko enbatakada bildu zuen bateren batek "Tamaya" deitzen zuten begonia batekin duela hamarren bat urte. 1896an Paul Bruant baratzezain poitierstarrak "Comte de Miribel" izena eman zion begonia hibrido bat sortu zuen, Begonia albopicta eta Begonia "Corallina " nahastuz. Enbortxo batean txertatuaren itxura emanez hazi eta bereziki diseinaturiko lorontzi batean saltzen zen hura, bizitzaren galtzarako estrapozuak leundu eta zori ona ekarriko zizunaren antigoaleko mitoa liburuño zintzilikario batean amu erakusten zuelarik. Negozio galanta hura frantses batzuek antolatu omen zuten, Boli Kostako Pierrelaten Coraline enpresak egiten zituen.
Asmatzailea bera ote zen? Nobedadeak karranpatuak behintzat bai, babalore alaenok! Portzierto, azoketan artaburuak bezala baba-loreak saltzen hasiko al gara? Ea enbata hori...