argia.eus
INPRIMATU
Aviron
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Bayonnais. Baionako kirol elkartea. Aste honetan Parisen jokatutako Frantziako futbol kopako partidak egin du ezagun Hegoaldean. Izan ere, ETBk eta ETBdosak eman dituzte matxaren irudiak, zaleenak bereziki. Eta ikus zitezkeen jarrerek eta ikurrinek kanpokoak tronparazi ditzakete, hain etxeko egin baitzaizkigu bertakooi. Eibartarrak Madrilen ziruditen, euskal hedabideetako mikrofonotik euskaraz mintzo ari zirela. Beharrik Frantziako Futbol Federazioak debekatu ziela Anoetan jokatzearena, bertan egiteak sor lezakeen sinergiak arriskugarriak suerta bailirateke Europaren egonkortasunarentzat. Pentsatu bestela, hala izan balitz nolako ahaidetasuna kontzentratuko zen Donostian bi Estatuen kalterako. Ez direla kirola eta politika nahasi behar. Ez dela bidezkoa, ez dela komeni. Ez zaiola txikiari abantailarik eman behar. Zuzenagoa dela zakurren ipurdiraino igortzea partida burutzera. Baina kasu ematen al dute baionesek, egun kate internazionalak direla-eta, irudi horiek ikus baitzitezkeen AEBetako bazterretan, eta beti egon liteke Kerryren bat sagastiek fruta ematen dutela-eta bananeroen sailan sartzeko, hondarrean oro baita fruitu jaunaren etxean.