argia.eus
INPRIMATU
400 gramotik gorako jaioberriek bizirik irauten dute
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21

Hori izan daiteke mundu osoko pediatrek eta neonatologoek (bereziki jaioberriez arduratzen diren espezialistek) Bilbon egindako nazioarteko kongresuan plazaratutako ondorio nagusiena, nire iritzian bederen.
Bilboko Euskalduna Jauregian egindako kongresua Europako Ikerketa Pediatrikoen Elkarteak batetik, eta Europako Neonatologia Elkarteak bestetik bultzatuta egin zen, eta bertan adituen kezka nagusiak biltzen dituzten gaiak jorratu ziren: nutrizioa, metabolismoa eta gaixotasun arraroak, betiere haurtzaroko lehenengo aro horiei begira.
Iazkoa (2003. urteko iraila-urrian egin zen) 44. edizioa izan zen, eta bertako presidente Adolf Valls i Soler doktoreak esan bezala, "garaiz aurreko jaioberrien biziraupenerako pisuaren beheko muga 400 gramotan koka daiteke gaur egun, eta horrek jaiotza haurdunaldiko 24. astean gerta daitekeela esan nahi du". Valls-en arabera, jaioberrien biziraupenerako pisu-mugak poliki-poliki beherantz joan dira, historikoki. Duela urte batzuk 1.500 gramotan zegoen muga hori, aurrerago 1.000 g-tan jarri zen biziraupeneko muga, eta badira urte batzuk erreferentzia hori 500 gramotan dagoela jarria. Baina hortik beherako pisuarekin jaiotako ehunka ume bizirik atera direnez gero, gaur egun muga hori 400 g. inguruan dago ezarria. Eta horri heldu nahi diote adituek.
Muga hauek badituzte ondorioak, noski, eta epe gutxi-asko luzera ume horiek arrasto neurologikoak, biriketako arazoak, garuneko paralisia, atzerapen mentala edo ikaskuntzako arazoak izan ditzakete. "Arrisku bereziko haurrak izan arren; kasurik gehienetan ondo geratzen dira". Erditze goiztiarrak dira hilkortasunaren aurreneko arrazoia, eta baita jaioberrien arazoen aurreneko kausa ere, eta zoritxarrez ezin dira oraindik erabat prebenitu. Bi arrazoi aipatu zituen Valls i Soler adituak erditze goiztiar gero eta ugariagoak esplikatzeko: ama erdiberrien adina gero eta handiagoa izatea batetik, eta ugalketa lagunduaren eraginez erditze anizkoitzak gero eta usuagoak direla bestetik. Egunkarietako albisteak irakurri besterik ez dago, erditze hirukoitzak eta laukoitzak garai batean baino askoz ere "normalagoak" direla ikusteko.