argia.eus
INPRIMATU
Zer da... Wall Street-en indizeak
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a

Wall Streeten indizeak (Dow Jones Industrials eta Standard & Poor's 500) dira munduko indizerik garrantzitsuenak, eta nazioarteko gainontzeko merkatuen bilakaera baldintzatzen dutenak. Munduko finantza plazarik garrantzitsuenean, hau da, Wall Streeten, egunero egiten diren negoziazioak adierazten dituzte bi indize horiek. New Yorkeko Burtsan kotizatzen duten 30 balore garrantzitsuenek osatzen dute Dow Jones Industrials ezaguna. Dow Jonesek, 1885ean kalkulatzen hasi zenetik, Wall Streeteko joeren inguruko informazioa ematen die planeta osoko inbertitzaileei. Indize horrek prezioen batez besteko aritmetikoaren bidez neurtzen ditu baloreen kotizazioek izaten dituzten gorakada eta beherakadak, dibidenduek eragindako errentagarritasuna kontuan hartu gabe. Standard & Poor's 500ek (S&P 500), berriz, Dow Jonesek kalkulurako erabiltzen duen eredu bera erabiltzen du: prezio aldaketak neurtzen ditu, dibidenduek eragindako errentagarritasuna kontatu gabe, nahiz eta batez besteko aritmetikoa kapitalizazioaren arabera egiten duen. 500 enpresa esanguratsuk osatzen dute S&P 500, eta berau da Estatu Batuetako burtsa kapitalizazioaren zatirik handiena biltzen duena. Aipatutakoez gain, Wall Streeten adierazle gehiago ere badaude: NYSE Composite, Nasdaq eta Amex.