argia.eus
INPRIMATU
Pornografia
Joxerra Garzia 2007ko otsailaren 21a
Munduan audientziarik gehien duen telebista programan gertatu zen, Ameriketako Estatu Batuetako Super Bowl txapelketaren finaleko emankizunean. Sekulakoa antolatu dute, han gertatua amerikarren moralaren, etikaren eta estetikaren aurkako atentatutzat harturik. Haurrak ere tarteko baitziren, ikusle gisan, asko eta asko.
Janet Jackson kantariak sortu du eskandalua, eskuin bularra bistan-edo zuela (titi-muturra izar moduko batez estalita) agertu baitzen, segundo batez, emanaldian.
Errazkeria barka ezina litzateke, noski, pitokeria edo "titikeria" hori dela eta eskandalua armatu dutenen zurikeria, moral bikoitza eta gainerakoak salatzen hastea. Nabilen baino agortuago ibili behar nuke etorriz hain kontu begi-bistakoa gaitzat hartzeko.
Erakusten den gorputz atalean barik, begiratzen duen begian zegoelakoan nengoen pornografia. Orain, ordea, ikusiak ikusi eta entzunak entzun, garbi dago gaitza ez dela begiarena soilik. Garuna ere halakoxea behar du, hainbeste gauza zinez pornografiko inguruan izan, eta pornografia muturrik gabeko titi batean ikusteko.