argia.eus
INPRIMATU
Mondarrain herensugearen beldur
Andoni Otamendi Mikel Zarautz 2007ko otsailaren 21a
Euskal mitologiak ongi ezagutzen duen mendia da Mondarrain. 750 metroko altuerarekin XII. mendean Nafarroako Erreinuko gaztelu baten gune izana da, bere harresi eta guzti, XVI. mende hasiera arte. 1941. urtean, oraindik, gazteluaren aztarna batzuk ikus omen zitezkeen.

Ezpeletan jasotako legendak dioenez, bazen pasabide bat Mondarraingo gaztelua eta Eiheroxarre eta Jauregia etxeak batzen zituena. Baita mendian dagoen kobazulo batera irten zintezkeen bidea ere. Tamalez, sugez josita egoteak bertara sartzea ezinezko egiten omen du.

Lamien kokalekutzat ere jo izan da mendi eder hori eta badakizue, lamiak non, orrazi kontakizunak han. Baina orraziaz gain, Belaskabieta baserriko etxekoandreak 1946an zioenaren arabera, artzain bat kobazuloan bertan gelditu omen zen. Nonbait, barrunbe handiko gelak izan Mondarrain haitzuloak, eta bertara joaten bide ziren aterpe bila artalde osoak. Lamiek pilatutako urre ugariak ere ba omen daude...

Errolanharria deitzen zaio Ezpeletako Hartsugaina baserriaren ondoan dagoen harritzarrari. Diotenez, Errolanek berak, Mondarrain menditik Ezpeleta herria suntsitzeko ahaleginetan botatako harkaitza da. Azken uneko irristada batek, ordea, xedea burutzea oztopatu zion. Gaur egun ere, itsu-itsu erori zen toki berean omen dago harri hura, heroiaren atzaparren arrasto eta guzti. Halaxe kontatu zuen, 1942an, Hartsugaina baserriko Manex Daliak, behintzat.

Itsasu herriko Laxia auzoan, zubia igaro ostean utzi dugu autoa. Mondarrain zuzenean igo nahi izan bagenu ez genuke zubirik gurutzatuko eta aurrera jarraituko genuke. Itzulera bertatik egitea proposatzen dugu. Ibilbide luzeagoaren aldeko hautua egin dugu. Botak jantzi eta errepidean gora hasi gara. Berehala, eskuinean, belarrezko bidexka bat ateratzen da. Bertara jauzi egingo dugu eta altuera irabazten hasiko gara. Berriro eskuinera hartu ostean; haritz, gerezi, gaztain eta urki baso baten ondoren ezkerrari eutsiko diogu.

Burutuko dugun ibilbidea ulerterraza da. Bailara luze bat erdian, ezkerretik Artzamendi igo, aurrera jarraitu altuera jaitsiz, beste muturrean buelta hartu eta Mondarrain mendira igo, ondoren itzulera egiteko.

Altuera pixka batekin, ekialdean, Mondarrain mendia ikus daiteke, dagoeneko. Artzainen bordak, astoak, ataka bat... Bide politean goaz aurrera eta seinalaturik egoteaz gain, altuera hartu behar dugula jakinda, erraz joango gara. Kontuz ibili, bidean ikusten ditugun muinoak gure lehenengo helburua den Artzamendirekin erratu gabe. Oraindik izerdi pixka bat atera beharko dugu lehenengo atsedenaldirako. Bidea lurrezkoa eta galtzada erakoa da. Bihurgune zabalak topatuko ditugu ezkerrera zein eskuinera, borda zaharrak lagun, txanpa gogorrenera iritsi arte. Artzamendi tontorra (926 metro) antena eta izotzezko bola dirudien zirkunferentzia handi batek itsusten du. Ordu eta erdi behar izan ditugu Lapurdiko ikuspegi paregabeaz gozatu ahal izateko eta era berean, komunikazio parapeto ezin oldarkorragoa jasateko.

Behera egingo dugu norabidea aldatu gabe. Errepideko zatitxo bat egin ostean, hogei minututan GR-10 bidexka hartuko dugu ezkerrera. Mehatzeko lepoaren ondoren, pista bikoizketa batean ezkerrera hartuko dugu. Iguzki mendiaren azpian Veauxeko lepora iritsi gara, ibilbidean bi ordu eta laurden egin ondoren. Esteben aterpea zeharkatu eta, itxitura ondotik pista bidezidor bihurtuko da. Zunarrete lepoan (hiru ordu) GR-10 utzi eta eskuinetik Mondarrain igotzeari ekingo diogu. Ordu erdi geroago, harkaitzak inguratu ostean, eta bide jakinik gabe, tontorrean izango gara. Ikuspegi ezin hobean, bailararen erditik kurriloak ikusi ditugu goitik behera, euren urteroko ibilbide amaigabean.

Jaitsiera bidea hartu ondoren, harkaitz inguru hauetan gertatu zen kondaira gogoratu dugu. R. M. Azkuek jaso zuen Mondarraingo elezahar hau. Hemen inguruan dagoen kobazuloan gertatu zen. Inork ez daki nola, baina herritar guztien larritasunerako zazpi buruko sugetzar bat atera omen zen leize honetatik. Herensuge deitu zioten. Mamutzarrak urtero neska gazte bat hari emateko agindu zuen, hori egiten ez bazuten inguruko herri guztiak hondatuko zituela eta inor bizirik ez zuela utziko.

Horrela, bada, familia-buru guztiak bildu eta zozketa egin zuten herensugeari eskaini beharreko neska zein izango zen erabakitzeko. Erregearen alabari suertatu zitzaion. Erregeak onartu beharra izan zuen zozketa hura, baina aldarria egin zuen inork bere alaba akabera hartatik libratzen baldin bazuen, emaztetzat emango ziola.

Eguna iritsi zenean, leizearen sarreran utzi zuten neska, zuhaitz bati lotuta. Begiluze asko beste zuhaitzetara igo ziren ikuskizuna ondo jarraitzeko, baina lurrean ez zen inor gelditu neskari laguntzeko. Kontuak horrela, artaldearekin eta txakurrarekin han inguruan zebilen artzain bat hurbildu zitzaion gazteari eta, han lotuta ikustean, askatzea erabaki zuen zer gertatzen zen galdetu ostean. Bat-batean izugarrizko hotsak entzun ziren leize barruan. Neskak aldentzeko eskatu bazion ere, arriskuaren berri emanez, artzainak erregearen alaba askatzen jarraitu zuen. Herensugea azaldu zenean xaxatzeko agindua eman zion bere zakurrari eta honek sekulako borrokaren ondoren akabatu egin zuen herensugea. Artzainak zazpi buruetako mihiak moztu zituen eta baita erregearen alabak zeramatzan zazpi gonazpikoei zatitxo bana kendu ere. Eta alde egin zuen.

Bien bitartean, zuhaitzetan igotako begiluzeak handik jaitsi ziren eta haietako azkarrenak sugearen zazpi buruak moztu eta zaku batean gorde zituen. Gero erregeari eraman zizkion animalia beldurgarri hura berak hil zuela esanez.

Hitz emana betez, erregeak ezkontza prestazeko agindu zuen.

Ospakizunaren bezperako bazkarira artzaina ere azaldu zen bere txakurrarekin. Inor ez zen ohartu ordea, hura han zegoenik. Bazkariaren azken aldera, artzainak erregearen platera ekartzeko agindu zion zakurrari.

Han zeudenak aho zabalik geratu ziren eta erregeak, arras haserreturik, zakur hura lotzeko agindu zuen. Orduan artzainak, zegoen lekutik jaikiz, zakurra berea zela eta bera izan zela herensugea hil zuena adierazi zuen. Hango zalaparta izugarriaren ondoren, denek eman zuten nork bere iritzia. Eta senargaiak herensugearen zazpi buruak erakutsi bazituen ere, zerbait falta zitzaiela aldarrikatu zuen artzainak. Bere zorrotik mihiak atereaz, printzesaren zazpi gonazpikoen puska banatan gorderik eduki zituela erakutsi zuen.

Printzesak bere salbatzailea ezagutu zuen, eta itxuratiak burua makurtuta atera behar izan zuen. Esan beharrik ez dago, printzesa artzainarekin ezkondu zela eta herrialde hartan ez zela beste herensugerik inoiz azaldu.

Herensugearen beldurrik ez izan arren, Laxiara lehenbailehen iristeko gogoz errepidera iritsi gara ordu laurden batean. Bihurgune baten ondoren ezkerrera, egurrezko atexka bat pasa ostean joango gara basorantz. Berriro asfaltoan, Garroa baserria ezkerretara utzita basoranzko bidea hartu beharko dugu berriro, eskuinera. Azken ezusteko polit bat izan dugu, bertan. Parez pare saiak ikusi ahal izan ditugu. Lau ordu eta erdiren buruan hasitako tokian gaude.