argia.eus
INPRIMATU
Joan Mari Irigoien: «“Oilarraren promesa” nobela politiko bat da, funtsean, ez nobela psikologiko bat»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Zure lehen nobela berrargitaratzearen arrazoia?
Azken bolada honetan banituen jarraitzaile batzuk horren eske zirika ari zitzaizkidanak, aspaldi agortu baitzen hondar edizioa. Eta hala, amore ematea erabaki nuen. Dena den, liburu hau ez da orain hogeita hamar urte argitaratu nuen hura bera, eleberria ezin nuelako, zinez, bere horretan argitaratu. Aspertuko bainuke gaurko irakurlea! Ez zuen zentzurik. Zentzurik ez zuen bezala gauza guztiz berri bat egiteak ere. Baldintza horietan, erdibide bat bilatzen saiatu naiz. Nobelaren izpiritua eta nobelaren giroa mantendu behar nituen, baita narrazioaren injenuitate puntua ere, epilogoarena tartean, baina aldi berean testua soildu behar nuen, eta zaborrontzira bota soberan ikusten nuen guztia.

Zein da Oilarraren promesaren mamia?
Guk gaztaroan ezagutu genuen munduaren fabulazioa. Francoren diktaduraren azken urteetan geunden, Pinochetek jo berria zuen estatu-kolpea Txilen, eta hori nabari egiten da nobelaren orrietan barna. Nobela politiko bat baita, funtsean, ez nobela psikologiko bat.

Zer irudikatzen du Azpilen zanpaketak?
Altzan »nire herrian» izandako hondamena. Horixe dut fabulagai Oilarraren promesan. Paradisu bat zena zementuz ito baitzuten, mila etxe eta beste hainbat dorre egiten zituztela, zabortegiak eta autopista, zentro komertzialak eta harrobiak, modurik antiestetikoenean. Eta oraindik ez dira gelditu, beste hiru mila etxe egitekotan baitira bertan, ustezko demokrazia ustel honetan.