argia.eus
INPRIMATU
Piratak: Bizimodu petraleko itsaslapurrak
  • Pirata, kortsario, bukanero, filibustero hitzak entzun edo irakurri orduko, geure irudimena piztu eta lurreko itsaso eta ozeanoetan barrena egundoko abenturak bizi izandako jende ausarta datorkigu gehientsuenoi burura. Nork ez du noizbait izan itsasgizon bikain horiekin batera itsas zabalean ibiltzeko irrika? Zer esanik ez aipatzen diren piratak euskal semeak badira! Baina hainbesteko miresmenaren zoramenean, gizon haiek benetan eraman behar izan zuten bizimodu latza ahaztu egiten zaigu, eta egin zituzten lapurreta eta triskantzak ere bai.
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 28a
Abenturazaleak ziren, bai, baina gehienetan lehorrean zituzten bizi-baldintza gogorrek bultzatuta itsasoratu beharrean aurkitu ziren. Errealistak izanik, itsaso bare zein haserreetan zebiltzanean, nolakoa ote zen ekintza bortitz haietan parte hartu zutenen egunerokotasuna? Bada, galdera horiei guztiei erantzuna ematera dator Euskal piratak, Iñaki Mendizabal Elordik idatzi eta Asier Sanz Nietok marraztutako liburua.


Egiazkotasunaren bila

Euskal piraten historiari ikuspegi berri batez arreta jartzen ahalegindu dira liburu zirraragarri honen egileak, piratei eurei entzunez, hainbat liburu eta agiritan hartutako aipuak jasoz. Eta euskal piratei begiratzeko modu berri horrek literatura erromantikoak eta zinemak orain artean azaldu izan diguten irudia baztertzea eskatu omen die. Zergatik? Bada, irreala delako. Benetako piratak ez zirelako preseski zuzentasuna guztiaren gainetik maite zuten abenturazaleak, film eta nobeletan maiz azaldu izan diguten bezala. Itsaslapurretan saiatzen zirenen bizimodua oso latza zenez, eta harrapatuz gero egiten zietena ere bai, jakina, euren jarduna ez zen batere samurra. "Liburu egiazko bat egin nahi izan dugu »adierazi digu Iñaki Mendizabalek», itsaslapurretan aritutako pertsonen bizimodua eta izaera gordintasunez azalduko zuena. Aldi berean, didaktikoa eta erraz irakurtzeko moduko liburua egiten saiatu gara".


Euskaldunak eta itsasoa

Beren lanean, euskaldunen itsasoarekiko atxikimendua eta zaletasuna agerian jartzen diren hainbat kapitulu daude, eta euskal itsas industriaren garrantzia ere azpimarratzen da, lorpen oso garrantzitsuak izan zituelako, "koka" izeneko itsasontzi mota adibidez. Hainbat ontzi ere atondu zituzten.

Aspaldi itsasoratu ziren euskal semeak, gutxienez X.-XI. mende inguruan, balearen bila lehenengo, bakailaoaren bila gero. Goiz hasi ziren merkataritzan ere. Eta hain zuzen, jardun horietan guztietan zebiltzala sortu omen zen itsaslapurretaren kontua, zeregin berberetan ziharduten beste herrietako itsasgizonekin nahastu zirenean. "Hortik sortu ziren lehenengo liskarrak", diote Euskal piratak liburuaren egileek.

Euskal armadoreak, bestalde, eginahal horiei guztiei aurre egin ahal izango zieten itsasontziak egokitzen hasi ziren; era guztietako tresneriaz atondu zituzten eta eskarmentu handiko tripulazioak bildu. Bai arrantzan, bai merkataritzan eta baita piraterian ere behar-beharrezko eran arituko zen jende iaioa eta adoretsua nahi zuten. Eta ondo baino hobeto baliatu omen ziren euskal armadoreak ingelesen, espainiarren, frantsesen eta holandarren arteko gerretaz. Hortik dator "kortsariotzak" gureen artean izan zuen arrakasta. Izan ere, piraten eta kortsarioen artean zegoen ezberdintasuna hauxe baino ez zen: piratek, beren kontura, besterik gabe, egiten zituztela itsaslapurretak, eta kortsarioek, berriz, erregeren batek-edo emandako baimenarekin. "Baina marra oso fina zegoen hor, kortsario izandako asko eta asko gero piraterian aritu zirelako. Hau da, itsaslapurretan ahalegintzen zirela inongo erregek emandako baimenik ez bazuten ere", argitzen du Iñaki Mendizabalek.


Gure portuen aberastasuna

Gauza da, Euskal Herrian gaur ezagutzen ditugun portu eta hiri asko ez omen liratekeela inolaz ere direna izango, kortsario lanetan aritu izan ez balira. Baiona, Donibane Lohizune, Donostia, Hondarribia, Deba edo Ziburuko portuak "kortsariotza"ri esker aberastu omen ziren. "Donostia, adibidez, 1622 eta 1697 urte bitartean 141 armadore eta 300 itsasontzitik gora izatera iritsi zen, eta gehienek kortsarioen patentearekin jokatzen zuten (erregearen baimenarekin)", diote ikerketaren egileek, Gipuzkoako hiri nagusia nola aberastu zen adierazteko. Baina berehala datorkigu zehaztasuna: "Aberastu, eta odolustu ere egin zen, Donostiako seme asko hil baitziren horretan, batez ere Ternuan. Askotan anaien arteko borroketan gainera, lapurtarrek eta gipuzkoarrek borroka latzak izan zituztelako, batez ere XVI. mendean, batzuek Frantziako eta besteek Espainiako koroaren alde egiten zutelako".


Euskal piratak

Ezagutzen diren lehenengo piratak bizkaitarrak ziren, XV. mendean aritutako Anton de Garay eta Pedro de Larraondo; biek ospe eta dirutza handiak bildu omen zituzten, hilaraziak izan ziren arte. Dena dela, gerora itsaslapurretan aritutako gehienak lapurtarrak eta gipuzkoarrak izan omen ziren.

Nolanahi ere, itsasgizon haien bizimoduan jarri dute Iñaki Mendizabalek eta Asier Sanzek arreta, haien ohiturak, kezkak, pairamenak… azaldu dituzte. Itsaslapurreta baimenarekin egin edo piratak izan, itsasontzietan lege oso zorrotzak omen zituzten. Itsasontziaren azalean lo egin beharrean izaten ziren, beren beharrak egiteko zailtasunak zituzten, janari urria eta ia beti berdina zeukaten eta gaixotasun asko pairatu beharrean izaten ziren. Bestalde, erabat gezurrezkoa omen da parrandazale eta neurrigabe batzuk zireneko kontua. "Baliteke portuan zeudenean horrelakoak izatea, baina itsasoratu orduko bukatzen zen hori guztia. Itsasontzietan oso diziplina zorrotza zuten, eta zigor latzak diziplina horren aurka ezer egiten zuenarentzat".

Liburuan, bost itsaslapurren profilak eskaintzen dizkigute: Pellot "Hendaiako Azeria"rena, Lafitte "New Orleanseko ezpata fina"rena, Marakaibo sutan jarri zuen Michel "le basque"rena, Ternuan deabru izandako Suhigaraychipi baionarrarena, eta Mediterraneoan erasoak egin ohi zituen Larraondo bilbotarrarena.

Hautaketa horren arrazoia Iñaki Mendizabalek azaltzen du: "Historiagile gehienen iritziz, garrantzitsuenak izan zirelako hautatu genituen, eta bakoitzak pirateriaren ikuspuntu ezberdina erakusten duelako. Baina, jakina, horiek baino askoz euskal pirata gehiago izan ziren, batez ere kortsarioak".



Mitoak baztertuz

Tonu errealistan egin nahi izan dute beraien lana Euskal piratak liburuaren egileek, eta horrek mito bat baino gehiago baztertzera eraman ditu. Esate baterako, banderaren mitoa, alegia, piratek beren itsasontzietan garezurra agertzen zuen bandera beltza eraman ohi zutenaren hori. "Gezurra da. Izan ere, zu lapurreta egitera baldin bazoaz ez duzu lapurra zarenik esango! Hemengoek bandera gorria eta beltza erabiltzen zuten, lapurtarrak baziren, edo bestela gorria, eta gero kapitain bakoitzak bere ikurra jartzen zion".

Baztertu duten beste mitoetako bat itsasontziak abordatzearen kontu liluragarria izan da. Piratak edo kortsarioak izan, nahiago izaten omen zituzten hitzartutako errendizioak. "Eta itsasontziren bat edo beste abordatzen bazuten ere, iruzurrez izan ohi zen, ontzian matxuraren bat zutela irudikatuz edo huraxe merkantzia moduan mozorrotuz; bestela, portuan zeuden itsasontziei erasotzen zieten". Gutxitan abordatzen zuten, beraz. Hori bai, abordatzearena gertatzen zenean, guztiz odoltsua izaten omen zen. Hara zergatik ez zuten hainbestetan egiten.

Hori guztia eta gehiago aurkituko duzu bihotz taupadak areagotuko dizkizun marrazkiz jositako liburu horretan.

Emakumezkoak eta apaizak ere negozioan
Makina bat jende aberastu zen baimenduta edo baimenik gabe egindako itsaslapurretari esker, baita Euskal Herrian ere. Gure portuek izugarrizko gorakada izan zuten pirata eta kortsarioen "urrezko gizaldietan", hots XVI. eta XVII. mendeetan. Baina, bistan da, oparotasun horretatik ez ziren aberastu itsaslapurretan zuzenean aritzen zirenak bakarrik. Itsasoratu behar izaten zuten arte, marinelek asteak egiten zituzten lehorrean, eta aurretik itsasoan pairatutako bizimodu petrala berriro gainera zetorkiela ahaztu nahian-edo, taberna-zuloetan egiten zituzten orduak eta orduak. Trago bat bestearen atzetik, txanponak xahutu eta askotan zorretan gelditzen ziren tabernariekin, zorra hurrengo itsasaldia amaitzerakoan ordainduko zutela aginduz. Eta tabernariek etekin oso onak ateratzen omen zituzten akordio haietatik. Euskal piratak liburuan aipatzen den Juana Laraondo oriotarrak, kasu, "negozioan" arituko zen itsasontzi propio bat atontzea lortu omen zuen marinelekin ateratako etekinekin. Agidanez, "San Juan" izenez bataiatu zuen eta Juan de Etxaniz delakoa izendatu zuen haren kapitain. Itsasoan harrapatutako guztia itsasontziaren jabearen eta tripulazioaren artean banatzeko ohitura ezin ahaztu! Nolanahi ere, ez pentsa Juana Laraondo izan zenik irabazi politak eskuratu zituen bakarra. Hain omen zen arrunta jokamoldea, kostaldeko herrixka askotako abadeek ere bere partea bazutela!