argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2021eko uztailaren 20a
Segurtasun-uhalaren garrantzia
Automobil gidarientzako aholkuak etenik gabekoak izaten dira estatu gehienetan. Aholku hauetako batzuk lege indarra duen arau bihurtzen dira askotan eta horien artean segurtasun-uhalaren erabilera dugu.
Autoaren gidariaren kasuan arrunta da segurtasun-uhala lotuta eramatea, baina ez da gauza bera gertatzen atzeko eserlekuetan joaten direnen kasuan. Buffaloko Unibertsitateko eta Calspan UB Research Center-eko ikerlari talde batek azken zazpi urteetan heriotza gertatu den ia 300.000 istripu aztertu ondoren, autoaren atzean segurtasun-uhalik gabe doan bidaiari batek bai bera eta baita aurrean doazen bidaiariak hiltzeko arriskua asko handitzen duela ondorioztatu dute. Hain zuzen ere, atzeko bidaiariaren hiltzeko arriskua hirukoiztu egiten da eta aurrekoarena bikoiztu.
Aipatu azterketa ez zen estatistiko hutsa izan, baizik eta hainbat froga errealetatik ateratako ondorioak ere argitara eman zituzten. Frogatan panpinak erabili zituzten eta egindako neurketen arabera, aurrez aurre gertatutako talka batean atzeko bidaiaria loturik ez badago gidariak jasaten duen indarra laukoiztu egiten da atzeko bidaiaria lotuta joandako egoerarekin alderatuz.
AEBetan pertsona helduek ez dute derrigorreko segurtasun-uhala lotzea, baina zientzialarien ondorioei kasu egiten bazaie, atzeko aulkian bidaiatzen duten pertsonen hiltzeko arriskua %95 txikituko litzateke, hau da, AEBetan 800 hildako eta 65.000 zauritu gutxiago egongo lirateke.

Minak detektatzeko landarea
Danimarkako ikerlari talde batek hiru urteko ikerketa burutu berri du eta Arabidospis Thaliana landarea genetikoki aldatu ondoren, mina-detektagilu gisa funtzionatzea lortu du.
Landare hau belar txar gisa hartzen da gizartean eta 2001 geroztik bere genoma erabat ezagutzen da. Honi esker laborategi askotan erabiltzen da hainbat ikerketa eta frogak egiteko.
Munduan 100 milioi mina baino gehiago daude lurrazpian 75 estatu baino gehiagotan barreiaturik eta hainbat estimazioen arabera 20 minuturo pertsona bat hil edo zauritzen da. Orain arte minak indargetzeko sistema bakarra eskuzkoa da, horrek dakarren arriskuarekin.
Arestian aipatu ikerlariek lortu dutena zera da: berdea den landarearen sustraiek, hazi ahala, minak sortutako nitrogeno dioxidoa topatzean kolore gorria hartzen dute. Itxaropena sortu duen saiakuntza hau Bosnian, Sri Lankan eta Afrikako hainbat estatutan frogatuko da lehenbizi.

Régent izeneko pestizida eztabaidagai
Frantzian ekoizten den Régent TS pestizida Europako estatuetan debekatua izateko bidean da. Toxikotasuna aztertzen duen batzorde frantziarrak (Comtox) oso kritikoa den txostena argitaratu du berriki. Batzorde hau administrazioko edozein erakunderekiko independente da eta Europako Batzordeari aholkatu dio ez onartzea pestiziden zerrendan.
Europan pestizidak onartzeko egin behar diren tramiteen artean jatorrizko estatuetako erakunde independenteen txostenak daude eta oraingoz Comtoxen txostena onartzearen aurkakoa da.
Pestizida honek hazietan du eragina eta 2003ko otsailean egin zen ezaguna, erlezainek erleen hilkortasunaren errudun egin zutenean. Pestizida hau Fipronil bezala ere ezagutzen da eta epaitegietako hainbat teknikarik pertsonengan izan dezakeen eraginaren inguruko abisua eman dute.
Bestalde pestizidaren egilea den BASF enpresak ukatu egin du bere produktuaren kaltegarritasuna eta beraz eztabaida mahai gainean dago.