Loïc Le Ribault: zientzialari pioneroa ala gezurtia?


2021eko uztailaren 27an
Akitaniako (euskaldunak barne) ehunka gaixo kronikok dute Loïc Le Ribault zientzigizonaren eta bere G5 silize organikozko erremedioaren berri. Askok »lagunei bezala prentsari erreparorik gabe aitortu dienez» beren gaitzak (batik bat artritisak, psoriasiak eta abar) arindu edo sendatu dizkielako. Beste batzuek (kazetari honek, tartean) erremedioa erabili eta hobekuntzarik nabaritu ez arren, aukera terapeutiko interesgarria dela deritzotelako.

Gaixo guztiok zekiten G5 produktuaren egile eta jabeak arazoak zituela Frantziako agintariekin, eta bere produktua Irlandan egiten zuela: postaz erosten zioten. Urtarrilaren 21ean jakin dute »Baionako Le Journal du Pays Basquen, Iban Etxezarretak Pantxo Arretzi egindako elkarrizketa irakurrita» ongi ezagutzen duten Loïc Le Ribault Suitzan preso daukatela. «Ikertzaile baten kontrako atxilotze agindua» izenburua daraman dokumentala aurkeztu du Miarritzen Pantxo Arretz euskaldun paristarrak eta bertan bildu du kasu honetaz jakin ahal izan duena, Le Ribault berarekin egindako elkarrizketa barne. Baina, horra kasualitatea: filma erosi eta antenaratuko duen telebista bakar bat ez zaie azaldu oraindik.

«Dena ongi doa» pentsatu nahi duen herritarrari hainbat zalantza sortzeko moduko historia da Loïc Le Ribaultena.

1947an Bretainiako Morbihan departamenduan sortua, oso gazterik erakutsi zuen kimika alorrean gizon garrantzitsua izango zela. 23 urterekin, kuartzoa mikroskopio elektronikoz aztertzeko metodo berri bat asmatu zuen, exoskopioa deitzen dena. Tesia bukatu eta ikerketan segitzen zuelarik, silize organikoak hainbat gaitz sendatzeko dituen ahalmenez ohartu zen kasualitatez: erabiltzen ari zen nahasketa batean bere esku psoriasiduna sartu eta sendatu zitzaiola konturatu zenean. Geroztik, mikroskopio elektronikoaren erabileraren eta arearen (silizioaren) inguruko ikerketetan eman du bizitza.

Bi alorretan mamitu zen Le Ribaulten lana. Mikroskopio elektronikoaren erabilerak Frantziako polizia eta zerbitzu sekretuen aholkulari garrantzitsu izatera eraman zuten. Horien azpikontrata moduan, Carme izeneko laboratorioa antolatu zuen. FBI eta DST (Frantziako barne espioitza agentzia) ziren bere bezeroak, ehunka poliziari eman zizkien ikastaroak, poliziak argitu ezinezko kasu zailetan argibide garrantzitsuak eskaini...

Arerioak zerbitzu sekretuak eta farmaindustria badira...


Beste adarrean, gizakien gaitzen sendatzeari dagokionean, 1982an Norber Duffaut kimikoa ezagutu zuen. Honek 1957tik zeukan DNR izeneko erremedioa patentatua, eta Bordeleko mediku garrantzizko batzuekin silize organikoaren sendatzeko ahalmenak garatzen ari zen. 80ko hamarkada izan zen bi gizonen arteko elkarlanaren urrezko garaia: bata laboratorio prestigiotsu baten jabe, bestea esperientzia terapeutiko handiekin, G4 silize organikozko erremedioa sortu zuten. Baina 90eko hamarkada bukaera aldera hasi zitzaizkien buruhausteak.

Silize organikoari dagokionez, ez zuten lortu Frantziako Osasun Ministeritzak ontzat hartzerik. Eta Carme laborategiak Frantziako poliziaren eta zerbitzu sekretuen interesekin egin zuen topo. Zenbait kasu sonaturen erdian agitu baitzen. Baionan bi hilketa egotzi zizkioten Pinault-en kasuan, familiaren abokatuei arrazoi eman eta bertsio ofiziala hankaz gora joan zen. Gauza bera gertatu zen Toulon-go base militar baten inguruan 1989ko otsailean gertatutako leherketa batekin: agintariek gas eztanda bat egin zuten, 13 pertsona hil ziren, eta Le Ribaultek titanio arrastoak aurkitu zituen. Izan ere, egun hartan Toulon-en maniobra militarrak ari ziren egiten eta galdutako misil batek eragin zuen sarraskia.
Gobernuek zerbait gorroto badute bertsio ofizialak hankaz gora botatzen dituen jendea da, eta lan enkargurik gabe geldituta, bere laboratorioa itxi behar izan zuen Le Ribaultek.

Silize organikoaren negozioa ez zihoakion hobeto. 1993an Norbert Duffaut bere sozioa hilik agertu zen. Bertsio ofizialak bere burua hil egin zuela dio, baina bitxia dirudi kimiko on batek suizidatzeko potasio zianuroa bezalako pozoi mingarria hautatu izana.

Loïc Le Ribaultek bakarrik segitu zuen eta molekula aurreratuago bat sortu, G5. Bere izena zabalduz zihoan, eta gaixo berri gehiago inguratu zitzaizkion Sud Ouest egunkariak Le Ribaultekin eta bere silize organikoak on egin ziela zioten gaixo askorekin 1995ean egin zuen erreportaiaren ondotik. Berehala salatu zuen justiziaren aitzinean sendagileen elkarteak eta 1996an ihes egin zuen Le Ribaultek, Karibeetako Antiguara. Han bere Commonwealtherako G5arentzako baimena lortu ondoren, berriro itzuli zen Frantziara hemen legeztatzeko asmoz, baina 1996ko abenduan lehenbizikoz espetxean sartu eta isolamenduan eduki zuen Bordeleko juje batek.

Bi hilabeteren buruan presondegitik aterata, Jersey uhartera egin zuen ihes lehenik eta Irlandara gero. Handik komertzializatu du urteotan bere G5 silize organikoa, posta eta Internet bidez. Eta gauzak horretan estabilizatua zirudien. Baina beste polizia afera ilun bat nahastu da tartean berriro: Chanal afera.

Pierre Chanal poliziako ofiziale bat zen, autostop egiten ari zen gazte hungariar bat bahitzen ari zela 1988an arrestatu zutena. Frantziako Montmelon inguruan gertatu ziren hilketa ugarietako familiek eskatuta, Loïc Le Ribaultek Chanal heriotz horietako beste gehiagorekin ere inplikatzeko frogak aurkitu zituen. Berriro bertsio ofiziala gezurtatuz.

2003ko apirilean zen Chanalen epaiketa Reimsen. Lekuko gisa deitu zioten Le Ribaulti, baina ihesi zegoenez ez zuen azaldu nahi. Beldur izateko motiborik bazuen: beranduxeago, Pierre Chanal hau ere suizidatuta azaldu da joan den urriaren 15an, estu-estu zainduta zegoen espetxeko bere ziegan. Pierre Chanal honela definitu du urtarril honen 7an Suitzako Le Libre Journal egunkariak: «Zerbitzu sekretuetako killer bat historiako hiltzaile beldurgarrienetakoa bilakatu zena». Badago zer ezkutatua duen handi jendea beraz.

Loïc Le Ribault espetxean ikusita, «iruzurgileak zigortu egin behar dira» pentsatuko du askok. Konspiraziozaleak bere altxorra betetzeko bazka aurkituko du (Interneten ugari). Eta gaixo sendaezinak segiko du pentsatzen pioneroak ezin direla jende zentzudunen artean aurkitu, lapur, hiltzaile eta iruzurgileen artean bilatu behar direla.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Lizarran, biltegi batek eztanda egin ondoren

56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.


Beldurra espazio komun gisa

Herritarren segurtasunik ezaren kezka gero eta handiagoa da gure auzo eta hirietako elkarrizketetan, batez ere kalean bizirik dirauten Magrebeko gazteek eragindako lapurreten eta gatazken inguruan. Badirudi egoera horiek areagotu egin direla azken hilabeteetan, eta alarma eta... [+]


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


Sinwarren hilketaren ondoren, gerrak bere horretan jarraitzen du

Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ondoren, Ekialde Erdiko gerrak nola jarraituko duen aurrera mintzagai da hilketaren biharamunean. AEBek, Joe Bidenen ahotik, berehala iragarri dute orain su-etenak bidea libre izan dezakeela. Bide beretik jo dute Mendebaldeko hainbat buruzagik... [+]


2024-10-18 | Ahotsa.info
Azken hiru urteetan altueratik erorita Nafarroan 10 langile hil direla salatu dute

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.


Marcos Maceira, A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidentea
“Oso zaila izango da galiziera leheneratzea PPren hizkuntza politika ez bada zuzentzen”

Galiziako Estatistika Institutuak galizieraren egoeraren inguruko inkestaren azken datuak ezagutarazi ditu. Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


2024-10-18 | Hala Bedi
Makroproiektuen aurkako manifestaziora deitu du Gasteizen Araba Bizirik!-ek, urriaren 26rako

“Araba ez dago salgai” eta “Makroproiekturik ez” lelopean egin dute deialdia. Urriaren 26an elkartuko dira 18:00etan “etekin pribatuak bermatzera” bideratuta dagoen eredu energetikoa eta “instituzioek jokatzen duten papera”... [+]


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-18 | Uriola.eus
Bazter Fest ospatuko dute Bilbon azaroaren 9an, protagonistak emakumeak diren hip-hop jaialdia

Azaroaren 9an, emakumeak protagonista diren hip-hop jaialdia ospatuko dute, 17:30etatik aurrera. Jaialdiak urtez urte hip-hop eta rap estiloetan ibilbide ezaguna duten emakume artistak bildu izan ditu.


Xamarrek ‘Orhipean, Gure Herria ezagutzen’ liburuaren edizio berria aurkeztu du

Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.


Eguneraketa berriak daude