argia.eus
INPRIMATU
Emakume zaintzaileak zaintzen
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21

Joan zen astean Zainketa Paliatiboen Elkartea aipatzen genuen orrialde honetan bertan. 1992. urtean sortutako erakunde horrek gaixoaren bizi-kalitatea hobetzea du helburu nagusi, bere bizitzaren amaieran, eta gaixoaren familiari laguntza ematea. Hamar urteotan, hainbat eta hainbat gaixori erosotasuna eta laguntza eskainiz egindako lan izugarriagatik, Eusko Jaurlaritzak onura publikoko erakunde izendatu zuen 1996an eta Donostiako Udalak Merituaren domina eman zion 2001. urtean.
Baina elkarte horretaz gain, beste hainbat talde eta ekimen ere azpimarratzekoak dira, gaixoen arreta munduan. Batetik, asko direlako oraindik, hainbat arrazoi direla medio, ospitalean artatuak izan ordez, beren etxeetan zainduak izaten diren pertsonak. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Ongizateko Zuzendaria den Anjel Baok esan bezala, ezintasun arin edo larriak dituzten 86.762 pertsona daude zenbatuta. Eta horietatik gehienak etxean bizi dira. Beraz, bere eguneroko bizimoduan, ohetik jaiki, jantzi, garbitu, jan eta edan, edo eguna zerbaitetan emateko, beste pertsona baten laguntza behar dute, ezinduak daudelako.
Gure gizarte honetan, dena dago erregistratua, nonbait apuntatua. Eta horri esker, badakigu lehen aipatutako pertsona ezindu horiek zaintzen dituztenak zenbat diren ere. 57.000 pertsona inguru dira, horietatik ia denak emakumeak (%99): gaixoaren ama, edo alaba, edo baita bikotea ere, adinean 45-60 urte bitartean daudenak. Eta bere hurbileko pertsona horiek zaintzen denbora asko ematen dute gainera. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta Etorkintza fundazioak web orri bat sortu dute (www.cuidador.com), zaintzaileen eta gaixoen egoera hobetzeko asmoarekin, orain bi urte martxan jarritako "Zaintzailea zaintzen dugu" izeneko programa arrakastatsuaren segida gisa.