argia.eus
INPRIMATU
Goizero
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Dauzkagu zain Bidasoa zaintzen. Santiagon, Pausuan eta Biriatun, normaltasunaren seinale, Europan gaudela ohar gaitezen. Hedabideetan erakusten ez badute ere, aireportuarena aspaldi ezarria dute paraje hauetan. Urdin ilunez jantzita, burua estalita, metrailetak eskutan erakusgai. Kotxeak lerroan, txoferrak urduri ordulariak jopuntu, mugikorrak disimuluzko dantzan lantokietara mezuak igorriz. Gazteak agindu batean bazterrera, adinduak emeki-emeki joaten uzten dituzten bitartean. Inork ez du txintik ateratzen, inor ez da sospetxatik libre. Badaezpada. Honi, errespetua esaten diote, kontrolaren zergatia galdetzeari berriz erdeinu, desakatu. Lanean hasiberria edo izango zen gaur Biriatutik eraman dutena furgoian. Esaiozu nagusiari zure berantarena, haien probokazio dela. Esaiozu egunero ezberdinek geldiarazten zaituztela, bezperakoak beste batzuk zirela. Esaiozu batzuetan ordu erdi lehenago abiatzea ez dela aski. Ez dizu balioko seguruenik zure aldiko kontratua berritzeko. Edo bestela, galde iezaiezu urdin tapatuei frogagiriren bat, garai batean eskolara joan aurretik anbulatoriora egiten zenuenekoan bezalaxe. Edo topoz ibili, lantokian kotxe propio izatera ez bazaituzte behartu.