argia.eus
INPRIMATU
Udaberrian gozotik
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Negua pattal samarra doa eta azalpeko erreserbak luze iraungo du, geureak bezala landareenak. Minutuka-minutuka eguna luzatzeari emana da dagoeneko eta loreak azaltzen hasi dira: mimosa, Sanjose lorea, haltza... Izerdialdi berriaren atarian dira landareak.
Pixkanaka-pixkanaka lurra berotzen hasiko da eta luzatutako sustrai berrien eskura izango diren milaka eta milaka litro ur landareen enborretako hoditxoetan gora abiatuko dira. Ur hau erreserbetan metatutako jaki goxoekin nahastuko da eta landareak aurrez ondo baino hobeto planifikatutako hazkundea abiatuko da: kimuak loditu eta zabaldu, puja berriak bideratu, hostoak zabaldu etab...
Mirari antzekoa iruditzen zaigun hau ederki asko ikusten da batez ere hiazintoa lantzeko gero eta zabalduagoa den teknika batekin. Hiazintoaren erraboila ur hutsez betetako ontzi baten gainean jarri eta sustrai sare ikusgarria zabaldu ondoren sinestatzen ere lanak ematen dituen loretzarra garatzen du. Erraboilaren erreserbak metabolizatu eta ura ez besterik erabili gabe!
Izerdi berri hau inoizko mama gozoena da landarearentzat; baita guretzat ere. Tokian tokiko kultura gehienek ikasi dute aberastasun hau udaberriero ustiatzen eta ohizkoa da landareei izerdi gozo hau lapurtzea. Izerdi hauek irekin arazita loditu eta gozagarri gisa erabiltzen dira. Astigar bati (Acer saccharum) kentzen zaion izerditik sortzen den siropea da ezagunena. Ipar Ameriketako indigenen ohitura zahar hau mundu osora hedatzen ari den produktu bilakatzen ari da.
Dena delako edozein landarerekin gozagarri hau mustatu nahi baduzu martxoa eta ekaina artean pare bat edo hiru zentimetroko zulotxoa egin azalean, tutu bat sartu eta azpian ontzi bat jarri. Bildutako izerdia irakinarazi eta loditu denean, listo! Azukretan aberatsak dira edabe lodi hauek, glukosa eta fruktosa dituzte batik bat, eta sukaldean erabiltzeko hamaika aukera dituzu.