argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Izaskun Jauregi 2021eko uztailaren 27a

Paulo Iztuetak buruturiko trilogia plazaratu du Utriusque Vasconiae argitaletxeak, Orixe saiogilea, Orixe auzitan eta Orixe gaitzetsia lanek osatua. Lehenengoan hain ezaguna ez den Orixeren saiogile lana arakatu du Iztuetak; bigarrenean, euskal kulturan jaso zituen kritikak aztertu ditu; eta azkenekoan, era intimistan jaso du Orixeren bizitza.

Traspasos antzerki taldeak Mario por alusión bakarrizketa estreinatu du. Lanak Miguel Delibesen Cinco horas con Mariori erantzun nahi dio, Mario bera berpiztuz. Rafa Martin gasteiztarrak taularatuko du José Antonio Pérezek idatzi eta Mikel Gómez de Segurak zuzendutako lana.

Simon Berasaluze beirate margolaria oso ezaguna omen zen, nahiz eta gure inguruan orain artean horren berri gutxi izan. Horregatik hain zuzen Felix Elejaldek debatarraren biografia idatzi du Simon Berasaluce. El artista que embellecía la luz izenburupean. Berasaluze AEBetan bizi izan zen urte askoan eta bertan daude bere lanik gehienak. Baina hemen ere, Debako eliz nagusian, Hernaniko Zikuñagan edota Eibarko Aginagan ikus daitezke.

Antso Handia izango du gai nagusi aurtengo pastoralak. Uztailaren 25ean eta abuztuaren 1ean taularatuko du Mauleko hiriak. Hasiak dira dagoeneko parte hartuko dutenak aurtengo emanaldia prestatzen.

Jose Luis Ansorenak Raimundo Sarriegi Etxeberria, musikari donostiarra lana kaleratu du Alberdaniaren Bertako sailean.

Lucia Lacarrak jasoko du Sabino Arana saria kulturaren alorrean. Hilaren 25ean burutuko da Sarien XV. edizioaren banaketa.