argia.eus
INPRIMATU
Aurrera eta atzera
Igor Estankona 2021eko uztailaren 19a
Nire pertzepzioa baino ez da izango behar bada, baina irudipena daukat halako ezkerreko kontserbadurismo bat zabaltzen ari dela gurean, ia guztiari aplikatua, eta bereziki hizkuntzaren alorrari.
Lehengo batean Elorriotik idatzi zioten egunkari bateko zuzendariari, ohartaraziz euskara aberastasuna galtzen ari dela, adibidetzat hitanoa jarriz. Gutunaren azken esaldiak txunditu ninduen, eranskin soil bat baino gehiago gogoetaren funtsari eragiten dion oinarri-oinarriko zerbait iruditu zitzaidan eta. Sinatzaileak «bilobei kontu zaharrak kontatzen» jarraitu gura zuen.
Horregatik diot kontserbadurismoarena. Aukera egon daitekeen lekuan arriskua ikustera ohitu gara eta hondamendia iragartzen beti gara lehenak, nortzuk eta gu, gauzak transformatzeko beharrizan handiena dugunok. Horrek ez du, noski, artikuluan esandakoa kentzen, ezta ukapenak eta ezetzak bizitzan izan dezaketen erabilgarritasuna ezabatzen, baina beti lehenagoko denboretatik edaten duten ideia horiek (lehen hobeto hitz egiten zuten, lehen hobeto geunden) paretik kentzeko gure aurreko belaunaldiak xahututako indarra da, gaur egun ere, gure indarra.