argia.eus
INPRIMATU
Oroimen kolektiboaren katebegiak
Xabier Portugal 2021eko uztailaren 16a
Mark Twain, William Faulkner, Saul Bellow, Charles Dickens eta Albert Camusek, besteak beste, ederki asko erakutsi ziguten literaturan norberaren jaioterriak eduki dezakeen balio unibertsala.

"Txokoan eta munduan kokatu behar du batek bere burua: bietan batera. Mundua txoko eta txokoa mundu dela sentitzea ere baita saudadea", zioen Juan Garzia Garmendiak bere Saudadearen laudorioan (ikus Krabelinen herriminha).
Hori horrela izanik, Pasaiako Udalak bere garaian emandako ikerketa beka bati esker kaleratu berria den Pasaiako euskal kronika zaharrak izenburuko liburuaren argitalpena gogoz agurtu nahi dut.

Antxon Elortegik buruturiko ikerketa lan honetan Pasaiako euskal kronika zaharrak agertzen zaizkigu, XIX. mendearen amaieratik Franco buruzagiak gidaturiko militar altxamenduaren bukaeraraino garaiko egunkari eta aldizkarietan euskaraz argitaraturiko albiste eta artikuluak, hain zuzen. Lan hau oso hutsune garrantzitsua betetzera iritsi da, ez soilik ezezaguna zitzaigun material hau Pasaiako herriaren historia ezagutzeko eta ulertzeko funtsezkoa delako, baita taldeko memoria berreskuratzeko baliagarria suertatzen zaigulako ere.

Kronika hauek Pasaiako kultur ondarearen zatiak dira. Lerro hauek agerian uzten dituzten zirrikituetatik gure oroimen kolektiboa agertzen zaigu. Horregatik, hainbat irakurlek pasaitarren ohiturak eta euren arteko harremanak edota sanpedrotar nahiz sanjuandar arraunlarien kontuen gorabeherak gertutik ezagutu nahi badituzte, orri hauetara jo beharko dute.

Beste batzuk, berriz, orri hauek arakatuko dituzte euskal prentsaren hastapenen bila dabiltzalako edota Pasaiako euskararen bilakaera sozialaren berri jaso nahi dutelako. Eta ez dira faltako, azkenik, liburu honetara gure herriko historia politikoaz interesatuta daudelako joko dutenak. Irakurleak erraz ulertuko duen legez, kronika hauetan nazionalisten mundu-ikuskera dago batez ere baina, hala ere, denek asetuko dute beren jakinmina.

Kronika hauek urrun gelditzen zaigun garai batetaz mintzo zaizkigun arren, hitza dela medio, euskararekin lotzen gaituzte berriro. Egia da gure herria asko aldatu dela artikulu hauek sortu zirenetik. Orduz geroztik handia izan da gure populazioaren hazkundea eta izugarria, bestalde, gizarteak ezagutu dituen aldakuntzak, hizkuntzaren estandarizazioa barne, baina lan honetan garbi azaltzen denez, Pasaiako herriak euskara eta euskaltzaletasunarenganako izan duen maitasuna eta ardura jasorik daude bertan.

Irakurketa ezberdinak erraztearren, testuak gaien arabera eta kronologikoki ordenatuta agertzen zaizkigu. Pasaiako barrutiz barruti ere bidaia dezake irakurleak eta ez da falta herri kazetarien lanak jarraian irakurtzeko aukera ere.

Kronika guztiak liburu batean jasotzea ia ezinezkoa zenez (400 baino gehiago aurkitu ditu Antxon Elortegik), interesgarria iruditu zitzaien egile eta udalaren teknikariei egindako lanaren aukeraketa labur bat 100 orrialdetako liburuxka batean argitaratzea. Artikulu guztiak, berriz, CD-ROM batean jaso dira, edozein gai edo lanetaz interesatuta dagoenarentzat kronika haren bilaketa eskuragarriago suerta dadin.

Neuk dakidanez hau omen da horrelako herri kronikak biltzen dituen lehen liburua. Horregatik, pasaitarrentzat interesgarria oso bada ere, liburuaren interesa haratago doa. Antzeko zerbait egin zitekeen Euskal Herriko herri bakoitzean. Garai bakoitzean sortzen den informazioa gure herria etengabe idazten ari den historia luzearen katebegiak baino ez dira, Historia zerbait idazten den unetik sortzen dela ikasi baitugu beti. Horregatik, bada garaia gure aurrekoek idatzita utzi zuten lanak biltzeko eta argitaratzeko. XX. mendearen hasieran hainbat etnologo eta euskaltzale herriz herri eta baserriz baserri ahozko tradizioak jasotzen ibili ziren. Orain, ehun urte beranduago, R.M. Azkuek Euskal Herri osoan zehar, Barandiaranek Gipuzkoan, Kanpionek Nafarroan, Aranzadik Bizkaian eta Federiko Baraibarrek Araban burutu zituzten lanek jarraipena behar dute. Jendearen oroimenei eta ahozko literaturari bizkarra erakutsi gabe, geure herrietako historiari ere eutsi behar diogu. Hori zen, hain zuzen, 2003an, Galeuska egitasmoaren inguruan Gernikan bildutakoek aztertu zuten gaia, "Oroimen historikoa", alegia. Berpizkundearen garaiak eman zizkigun eredurik ez da falta: Kirikiño, Kizkitza, Orixe, Aitzol, Cazenave, Jean Etxepare medikua... Haien lanek ederki asko erakutsiko digute bidea.

Milan Kundera idazle txekiarrak idatzita utzi zuenez, "Gizakiak boterearen kontra daraman borroka oroimenak ahanzturaren kontra daraman bera da".