argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2007ko otsailaren 21a
Unibertsoaren kolorea aldatzen ari da
Hainbat astronomok 300 bat galaxia aztertuz egin duten lanaren arabera, Unibertsoaren kolore orokorra aldatzen ari da: gaur egun nagusi den koloreak beixaren antza duela esan liteke eta, aldiz, orain dela 11.500 milioi urtekoa askoz ere urdinagoa zen.
Marijn Franx Holandako Leideneko behatokiko arduradunak emandako azalpenaren arabera, urdina izar gazteen kolorea da. Beraz, orain dela 11.500 milioi urte galaxietako izar gehienak gazteak izaki, Unibertsoaren kolore nagusia ere urdina zen. Gaurko kolore gorrixkak, berriz, izarrak zahartu egin direla eta gazteak baino gehiago direla erakusten du.
Bestalde, Unibertsoak antzina zuen argi kopurua gaur egungoaren antzekoa dela gaineratzen du Gregory Rudnick Alemaniako Astrofisika Institutuko arduradunak. Alegia, lehen aipatutako garaian orain baino izar gutxiago zegoela, izar gazte urdin batek izar zahar gorrixka batek baino argitasun handiagoa ematen baitu.
Halaber, esan liteke Unibertsoko izar gehienak berantiarrak direla, ez zirela gure eguzkia baino askoz lehenago sortu, hau da, Big Bang leherketa handia gertatu eta 7.000 milioi urtera sortu zirela.

Baratxuria eta zelula hautatuen suntsitzea
Aspaldidanik ezagutzen dira baratxuriaren onurak eta sendatzeko ahalmena. Kheopsen piramidean dauden irudiek horren testigantza erakusten dute eta gure aitona-amonei ere makina bat aldiz entzun diegu horrelakorik. Herri jakinduriaz gainera, zientziak ere aspaldi heldu zion baratxuriaren propietateen azterketari. Israelgo Weizmann Institutuko Aharon Rabinkov ikerlariak zuzentzen duen taldeak, esate baterako, liliazioen familiako landare belarkara honekin egindako estudioaren berri eman du oraintsu, eta minbiziari aurre egiteko izan dezakeen balioa nabarmendu dute.
Baratxuriaren osagarrietariko bat allizina da. Allizina sulfuro bat da, alliina molekularen eta allinasa entzimaren arteko erreakzio biokimikoaren emaitza, erraz lurrintzen dena. Hain zuzen ere, baratxuriari usain eta zapore berezi horiek ematen dizkion substantzia da.
Antza denez, allizina dosi handi batek zelula biziak hiltzen ditu eta erasotzeko ahalmen horretan oinarritu dira Rabinkov eta bere taldea. Ikerlarion helburua zera litzateke: alliina molekula minbizi zeluletara helaraztea eta ondoren allinasa entzima gehitzea, hartara minbizi zelulak suntsitu ahal izateko. Laborategiko saguekin egindako frogek emaitza onak erakutsi dituzte, batik bat urdaileko minbiziari dagokionez. Aurrerantzean, beste minbizi motatan zer eraginkortasun duen eta gizakiari prozedurak balioko ote liokeen neurtu beharko dute.