argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 27a
Foru Aldundiak, berrikitan omendu ditu bertako kirolariak. Ongi. Sarituak sail ezberdinetakoak izaki eta atal bakoitzak bere pontekoa izan du. Ez dakit nik zein merituen arabera aukeratuak izan diren sari horien izendapenak, dakidana Tomas Iruretagoyena errenteriarraren izena daraman bat badela tartean. Bikain. Eskolan ezagutu nuen On Tomas hura bera da, frankismoak irakasle bilakatutako linternero falangista hura, plonbierrek »batuan iturginek» hain beharrezkoa duten zakur-gako lanabesa abandonatu eta funtzionario espainol patriotikoaren zaunkaz bizia igaro zuena. Kiroletan multidisziplinarra, berdin zitzaion futbola, saskibaloia, eskubaloia. Nik bitan ezagutu nuen, futbolean eta eskubaloian. Gizon eskasa eta entrenatzaile eskasagoa, soldadutza eta kirol jarduna bereizten ez zuen haietakoa. Gure arteko harreman hodia itsu, ez genion inoiz aukerarik eman elkarri gure artekoa ureztatzeko, lehortean pasa baikenituen bi denboraldi haiek. Eta kiroletik at, agurrik ere ez, nahiz eta bi aldiz gure taldeak txapelketa irabazi. Izango al dute duintasunik Gipuzkoako Foru Aldundian honen izena sarien zerrendatik kentzeko, frankismoaren lehortearen miseriaz gaztiga ez gaitzaten.