Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi "Txe"
Paper Hotsak
143 orrialde
12 euro
Bi aberri dituen bertsolaria
Joakin Arregi "Txe"k aspaldi utzi behar izan zuen sortzen ikusi zuen herria, Zizurkil, arrazoi politikoak tarteko. Hasiera batean Iparraldera eta gerora Venezuelara joan zen, 1981ean. Geroztik amerikar lurralde hartan bizi da, eta esan daiteke Euskal Herriari bezainbat kantatzen diola Amerikari Paper Hotsak argitaletxearekin kaleratu duen Karibetik Kantaurira bertso bilduman. Koldo Izagirrek hitzaurrean nabarmentzen duenagatik, barne sakoneko bertsolaria dugu Joakin Arregi, eta ez gai bakarrekoa, Gabonak, haurtzaroko oroitzapenak, sorlekua, herriko lagunak eta borrokan egindakoak, bere uste eta zalantzak, iraultza bolibarianoa, Lizarra-Garazi eta ETAren su-etena, Caracaseko bizimodu latza eta beste hamaika kontu baititu kantatzeko oinarri.
Euskal Herria 2050
Batzuen artean
Gatuzain
133 orrialde
10 euro
Zazpi idazle eta marrazkigile bat etorkizuna antzematen
Liburu honen izenburua Gatuzain argitaletxekoei otu zitzaien, Euskal Herriko hainbat idazlek eta marrazkilarik etorkizun ez hain urrun horri dagokionez zernolako ikuspegia zuten jakiteko gogoa zeukatelako. Erarik errealistenean zein fikzio hutsean agertu ahal zuten beren "iragarkizuna", nahi izanez gero politika, kultura edo ingurumena bezalako alorrak landuz. Eta ekimen horren emaitza da Euskal Herria 2050, Itxaro Borda, Eneko Bidegain, Gotzon Garate, Iban Zaldua, Castillo Suarez, Maritxu Lopepe eta Lucien Etxezaharretaren narrazioak eta Marcemedy-ren komikia jasotzen dituen liburua. Denetarik dago, baina, orohar, ez dirudi oso iragarpen itxaropentsuak dituztenik.
Hamar elkarrizketa
Iker Barandiaran
Apokaliftin
157 orrialde
80ko musikaren gaineko hitzak
Iker Barandiaranek Apokaliftin Kultur Elkartearen bidez plazaratu duen Hamar elkarrizketa liburuan agertzen diren iritzi guztiak lotzen dituen haria da 80ko hamarkadan Euskal Herrian musikaren munduan gertatu zen eztandari egiten zaion aipamena. RIP taldeko Karlos Mahomari, Pablo Cabeza Egin egunkariko musika adituari, Juankar Muga Bilboko rock egitarauen bultzatzaileari, Tijuana In Blue eta Huajaloteseko buru izandako Eskrotori, punkaren garai gogorrenetatik biziraun duen La Polla taldearen arima den Evaristori, Gorosabel anaiei, El Tubo aldizkariko Belen Mijangosi, Kike Turmixi, Mikel Kazalisi eta Jabi Destruyeri eginiko elkarrizketa luze bezain sakon hauek Putz aldizkarian ikusi zuten lehen aldiz argia.
Iqbalen historia
Francesco D'Adamo
Aizkorri
127 orrialde
6,95 euro
Haurren lan esplotazioa gai
Lurdes Auzmendik euskaratu duen Francesco D'Adamoren Iqbalen historia 13 urte zituenean alfonbragileen mafiak hil zuen mutiko pakistandar baten benetako zorigaiztoan oinarritutako salaketa nobela da. Iqbal Masih-i gertatutakoa beste haur askori gertatzen zaio Pakistanen eta munduko beste herrialde pobreetan: Iqbal familia txiro batean sortu eta bere familiak saldu egin zuen 16$eko mailegua ordaindu ahal izateko. Handik aurrera alfonbra lantegi batean egin behar izan zuen lan, egunero hamabi orduz, rupia bakar bateko soldataren truke, bere familiaren zorra kitatu arte. Esklabotza egoera horretatik ihes egitea lortu zuen, halere, eta Ume Langileen Askatasunerako Frontean parte hartuz, bera bezala esklabo ziren zenbait ume askatzen lagundu zuen. Baina mafiak ez zion barkatu.
Riga.Erlikiazko sentimenak
Garikoitz Zulueta
Ekoizpen Galduak
127 orrialde
Riga errekaren alboan idatzitakoak
Ekoizpen Galduaken bidez Garikoitz Zuluetak kaleratu duen liburu honen izenburu zehatza Riga. Erlikiazko sentimenak/ Sentimientos en reliquia da. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako narrazioak eta olerkiak eskaintzen dizkigu bertan Pateando Porkeria hardcore taldeko musikari eta Likiniano kultur elkartean zein DDT banatzaile alternatiboan aritzen den Garikoitz Zuluetak. Baina ez uste batzuk besteen itzulpena direnik, ez baita inolaz ere horrela. Goibel samar ageri zaigu 24 urteko gazte alternatibo hau liburuan agertzen dituen ia lan guztietan, batik bat Oroimenaren zapore mikatza deitutako kontakizunean, min handia eman zion benetako gertaera baten parabola delako.
R. M. Azkue saria 2002
Batzuen artean
Euskaltzaindia/BBK
98 orrialde/ 3 euro
Azkue lehiaketan saritutako narrazioak eta olerkiak
Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak euskal ikasleak literaturgintzara bultzatzeko eta euren artean irakurketa indartzeko antolatutako Azkue literatur lehiaketan 2002an saritu zituzten lanen bilduma dagoeneko kalean dago. Hamairu urtekoen artean, Beskoitzeko Maiatza Louessard-en narrazioak eta Baionako Nahiara Saralegiren olerkiak eskuratu zuten lehenengo saria. 14-17 urte artekoen artean, berriz, Bidarraiko Dioni Agerrek eta Gernikako Amaia Jauregizarrek jaso zituzten.
Kaixo, Kattin!
Antton Kazabon
Elkar
80 orrialde
6,25 euro
Eskutitzak oinarri dituen kontakizuna
Elkar argitaletxeak plazaratu berri duen gazteentzako Taupadak bildumako liburua dugu Antton Kazabonen Kaixo, Kattin!. Eskutitzen bidez osatu du oiartzuarrak oraingo honetan bere idazlan hau, non arrazoi politikoak eta sentimentalak medio haserretu egin den Kattin ordura arte bere lagun koadrila izandakoarekin. Izugarri haserretu da, gainera, bere mutil-lagunak "española de mierda" deitu diolako, eta beste inork ez duelako bera babestu hark esandako irain horren aurka altxaz. Egia da bera ere ez dela isilik geratu eztabaidan, hitz oso gordinekin erantzun diola mutilari, jakinik haren ama ezkongabea dela, baina merezia zuelakoan dago. Haserre hura gertatu zenetik, bakar-bakarrik geratu da Kattin, ikasturtea amaitutakoan ikastola utzi eta beste ikastetxe batera joan behar izan duen arte. Eta hara non koadrilako neska bat hasten zaion eskutitzak idazten, gertatutakoa konpondu nahirik antza denez. Bada, ez dio erantzuten, zer uste du horrek. Zer uste dute lehengo koadrilako den-denek! Beste neskak ez du etsitzen, ordea, eta Kattinen isiltasunari bere bihotzeko eskutitzez aurre egiten jarraitzen du, ahalik eta erantzuna lortu arte.