argia.eus
INPRIMATU
Zer da... CNMV
2007ko otsailaren 21
Euskal Herria burtsa kontuetan ere Espainiako Gobernuak ezarritako esparru politiko eta juridikoaren menpe dago. Hori dela eta aipatu beharra daukagu Espainiako Balore Merkatuko Komisio Nazionala (CNMV). Merkatuan dagoen euskal burtsa bakarra ere, Bilbokoa, alegia, CNMVren menpe dago. Burtsa gainbegiratu eta ikuskatzeko organo gorena da hori, Burtsako Konstituzio Auzitegia, nolabait esateko. Bere egiteko nagusiak dira merkatuak nahiz negoziaketetan dabiltzan instituzio eta enpresa guztien ekintzak ikuskatu eta aztertzea. Dagokion lana eraginkortasunez egin ahal izateko, CNMVk ahalmena dauka Burtsan ezarritako arauak betetzen ez dituztenei zigorra jartzeko. Dirutan ordaindu beharreko zigorrez gain, CNMVk arau hausleen kotizazioa eten dezake eta arauak betetzen ez dituzten horiek merkatutik kanpo ere utz ditzake. CNMVren eginbeharren artean dago eskaera eta eskaintzan oinarritutako prezio egokiak jartzea. Horrez gain, burtsa parkean dabiltzan zurrumurru guztien eta eragiketa zikinen adierazgarri izan daitezkeen prezio aldaketa susmagarrien berri izan behar du. Halako prezio aldaketak gertatzen direnean, CNMVk balorearen kotizazioa aldi baterako eten, eta ikerketa bat egiten du zer gertatu den jakiteko.