argia.eus
INPRIMATU
Kardiologoek esandakoa betetzen dute
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a
Tabakismoaren prebalentzia dezentez baxuagoa da Espainiako Kardiologia Elkarteko kideen artean, gure herrialdeko beste osasun espezialista batzuk biltzen dituzten beste erakunde edo elkarteetan baino. Horrela, kardiologoen artean %8,7 besterik ez omen da normalean erretzen duena. Horrela dio, behintzat, López García-Aranda doktorearen koordinaziopean egindako ikerketa batek. Kardiologoek joan den udazkenean egindako urteroko kongresuan aurkeztu zuten ikerketak argi erakusten du espezialista horiek oso kontzientziatuak daudela gizartean erreferentzia bezala jokatzen duten rolaz, eta tabakismoaren kontra jarrera aktiboa hartu dutela.
Datu horiek aldaketa handia erakusten dute, 1985. urtean kardiologo eta pneumologoei (hau da tabakismoaren kalteak zuzenean tratatzen dituzten espezialistei) egindako inkestarekin konparatzen baditugu. Orain ia 20 urte inkestatutako %35,7k ohizko erretzailetzat jo zuen bere burua. Eta oraingo ikerketaren arabera, berriz, kardiologoen %9,5 besterik ez da ohizko erretzailea, beste %5ek aldian behin erretzen du, %49,5 erretzaile ohia da eta gainerako %36 ez erretzailea.
Kardiologoen etsenplua ezinbestekotzat jotzen du inkestatuak izan diren espezialisten %92,6ak; izan ere, ez da oso itxurazkoa tabakoaren kontra aritzea, ekar ditzakeen kalteez eta ondorio txarrez gaixoa ohartaraztea, baina aldi berean erretzailea izatea. Eta hemen ere, asko aurreratu da, aurrez egindako ikerketetan kardiologoen %62k bakarrik onartzen omen zuen jendearen aurrean bere portaerak izan zezakeen eragina. Espainiako Kardiologia Elkarteko presidentea den Jose Mª Cruz medikuak esan bezala, "oso zaila baita inor tabakoaren arriskuez konbentzitzea, ahoan zigarroa duzula aritzen bazara".