Habanako hilerria hiriaren erdi-erdian dago, Vedado auzoan, Iraultzaren enparantzatik hurbil. XIX. mendearen zazpigarren hamarkadan eraiki eta zabaldu zen. Hilerriaren arkitektua Calixto de Loira izan zen, eta bera izan zen hain zuzen, hilerriaren lehenengo bizilagunetako bat, 1872ko irailaren 29an ehortzi baitzuten hantxe bertan.
Arraroa da hilerria hiriaren hain erdian izatea. Eraiki zen sasoian ez zen hain zentrikoa izango, baina Habanaren zabalkundeak hiriaren erdi-erdian utzi du. Urbanistek aztertuko dute egokia den ala ez hilerria hiriaren zentroan izatea, baina auzokoek ez dute protestatzen. Habanarrek harreman nahiko estua dute hilekin, gogoan izaten dituzte maite izan eta hildakoak, eta urtean behin baino gehiagotan bisitatzen dituzte. Garraioa hain zaila den hirian, gainera, eskertzekoa da nekropolia bertan izatea.
Pertsona maite galdurik ez duen jendeak ere sartzeko aukera du. Kubako monumentu funerariorik hoberenak eta estatua kontzentrazio handiena aurkituko du Colongo hilerri barruan. Eskultura museo harrigarria da, estalperik gabe muino zabalean. Harresia du inguruan eta sarrera estilo erromanikokoa, baina barruan estilo guztiak daude.
Bi etorbide nagusik gurutze bat marrazten dute lurrean, nekropoliaren planoari erreparatzen badiogu. Erdi Arokoen moduan harresiz inguratutako hiri arraroa da, harri txintxarrezko kaleekin. Marmolak, brontzeak, aingeruek, gurutzeek eta bertute teologalen alegoriek hiri txiki harrigarri bat osatzen dute.
Imajinazio harrigarriek asmatu dute hil bakoitzari dagokion etxea. Batzuetan familiak ordaindua, baina beste batzuetan herriak zor handiren bat ordaintzeko eraikiko zuen monumentua. Hortxe dago, 1871ko azaroaren 27an fusilatutako Medikuntzako zazpi ikasleen monumentua. Hor dago Isasi burdindegian hildako suhiltzaileei eraikitakoa. Hortxe dago Leonor Pérez, José Martíren amaren hilobia. Máximo Gómezek ere bere monumentua du, Kubako herriak eraiki ziona independentziaren aldeko gerran sortzez kubatarra balitz baino kemen handiagoarekin borroka egiteagatik. Hara hor beste Gómez batzuk, baina horiek ez dute Máximo Gomezekin zerikusirik, Gómez Mena familiaren panteoi aberatsa da hori. Begira hortxe, amodioz eta diruz gainezka, Catalina Lasari bere bigarren senarrak eraikitako monumentua.
Eguzkiak gogor jotzen du marmolen kontra, tropikoko eguzkialdi eta euri zaparradek egunero garbitzen dute hiliria. Eraikinetan denborarekin kolore zuri zahar esleituak irabazten du, ile urdinduaren koloreak, eta lantzean behin lurrean ikusten diren hezurrek ere halako kolorea dutela ikusten da. Ez dago supermerkatuetako pinturarik, denborak hezur kolorez pintatzen du dena.
Hilerrira 12 kaletik sartu, Cristobal Colon etorbidean aurrera joan eta kaperara iritsitakoan ezkerretara hartzen baduzu, Laurac Bat panteoira helduko zara.
Euskaldunen elkartea
Habanako euskaldunak hiriko hilerria eraiki zen sasoi berean elkartu ziren asoziazioetan. 1877 urtean sortu zen Habanan Asociación Benéfica Vasconavarra delakoa "pobres de solemnidad" ziren euskaldunei laguntza emateko asmoarekin, batik bat elbarrituei, zaharrei, alargunei, umezurtzei laguntzeko. Sorterrira itzulerak finantzatu nahi zituzten eta hilobiratzeak bideratu.
Euskal elkarte horrek 1887 urtean 365 bazkide zituen Habanan eta 228 Kuban zehar Güines, Cárdenas, Matanzas, Cienfuegos, Caibarién, Sagua la Grande edo Manzanillo hirietan. Horietatik 362 Bizkaia aldetik zetozen, 174 Gipuzkoatik, 135 Nafarroatik eta 75 Arabatik, eta Manuel Maturana arabarra zen elkartearen zuzendaria. 1906 urtean bazkideak 452 ziren, 289 bizkaitar, 49 gipuzkoar, 37 nafar, 17 arabar, 5 Iparraldeko eta 48 Kuban jaiotakoak. Juan Aspuru Isasi zen zuzendaria. Bazkideen kopurua hazi egin zen urterik urte, eta XX. mendearen erdi aldera bazkideak mila baino gehiago ziren, zazpi probintzietakoak. Kubako Iraultzak eten handia eragin zuen. 1960 urtean elkarteak 1.035 bazkide zituen eta 1979 urtean, ostera, 279. Hala ere, elkartea bizirik dago oraindik, sortu zenetik jadanik 136 urte pasatu direnean. Gaur egun, Markinan jaio eta Habanara ume-umetan etorri eta jadanik laurogei urte inguru gainean dituen María Begoña Uriondo da zuzendaria.
Begoña Ama Birjinaren irudia dute patroitzat eta, urtero, azaroaren bian, meza ematen dute defuntuentzat, Colon hilerri handian, Laurac Bat panteoiaren kaperan.
Laurac bat
Laurac bat izena konprenitzeko, lehen eta bigarren gerra karlisten arteko sasoia izan behar da kontuan. Lehenengo gerra galdu ondoren, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako diputazioek elkarrekin lan egiteko asmoa izan zuten. Euskal Unibertsitatea sortzeko asmoa ere izan zuten. Bigarren gerra karlistaren ondoren, Ameriketan sakabanaturiko euskaldunek elkartasun eta batasun asmo hori aintzat hartu zuten eta hainbat bilgune sortu zituzten izen horrekin. Laurac Bat izeneko euskal elkarteak eta euskal periodikoak sortu ziren. Buenos Aireseko euskal elkartea, esate baterako, horrela deitzen zen, Laurac Bat, eta 1878 urtetik aurrera Laurac Bat izeneko aldizkaria argitaratu zuen. Montevideoko euskaldunek ere berdin egin zuten, 1881ean, Laurac Bat izeneko elkartea eta aldizkaria sortuz.
Euskal panteoian lur eman zioten Faustino Díez Gaviñori. Kazetari eta poeta hau 1852 urtean jaio zen Portugaleten. Ingeniaritza industriala ikasi zuen Bartzelonan eta 1880an ontziratu zen Kubarantz, Manuel Calvo aberatsaren inguruko enpresetan lan egiteko. Kubako hainbat periodikotan idatzi zuen, baina batez ere Laurac Bat bertako euskaldunen asterokoaren zuzendaria izan zen. Euskal Herriko La Vasconia, Euskal Erria, El Noticiero Bilbaíno, El Anunciador Vitoriano aldizkarietan argitaratu zituen artikuluak eta Habanako Laurac Bat eta El Progreso Comercial periodikoen zuzendaritzan lan egin zuen, idazteaz batera. Euskal foruen defentsa izan zen Faustino Díez Gaviñoren bizitzaren obsesioa, horren alde idatzi zuen etenik gabe. Bere bizitzaren azken aldian bere obra poetikoa bildu zuen liburu batean, Versos izen motzarekin, baina autorea 1895eko otsailaren 10ean hil zen, liburu hori inprimatuta ikusi baino lehenago. Laurac Bat panteoian hilobiratu zuten, eta han egon ziren bere hezurrak bost urtez, harik eta 1900 urtean, Portugaletera eraman zituzten arte.
Milaka euskaldun izan dira ehortziak panteoi horretan. Haietako asko pobre-pobreak eta bakardadean hilda sorterritik urrun, "pobres de solemnidad" paperetan esaten den moduan. Baina beste batzuek, hain pobreak izan ez arren, tonba komunitario hori aukeratu dute hil ondoren egoteko.
Edgar Lee Masters euskaldun batek Spoon River Anthology berri bat egingo luke Laurac Bat panteoian ehortzitako milaka euskaldunen patu arraroaz. Guk, hiru pertsonaia gogoratuko ditugu bakarrik.
Ramón Aldasoro eta Antonio Lotina
Ramón Aldasoro, Tolosakoa zen eta Izquierda Republicana alderdiko militantea, Bigarren Errepublikaren sasoian Gorteetan diputatua Gipuzkoatik. 1932 urtean Euskal Estatutuaren aldeko biltzarretan parte hartu zuen, Hegoaldeko lau probintziak estatutu bakar batean antolatzeko lan handia eginik. Gerra zibilaren sasoian, Euzko Jaurlaritzan Ekonomia sailburua izan zen, gobernu britainiarrarekin harremanak ondo lotu zituen eta, horri esker, ez zen gerra denboran janaria eskasia larririk izan Euskal Herriaren parte errepublikarrean. Bilbo erori ondoren, Montevideora joan zen bizitzera eta erbeste horretan hainbat liburu idatzi zuen. Ia kasualitatez zegoen Habanan 1952 urtearen hasieran. Bat-batean gaixotu zen eta La Dependiente izeneko ospitalean hil zen, otsailaren 2an. Emaztea Parisetik heldu zen. Habanako hainbat euskaldun bildu zen kanposantuan azken agurra emateko. Laurac Bat panteoiko 43. hilobian ehortzi zuten.
Antonio Lotina Armintzan jaio zen 1911 urtean. Kubara 15 urterekin heldu zen, 1926 urtean, ez zuelako soldadutza egitera Afrikara joan nahi, Espainiak gerra gogorra sostengatzen zuelako sasoi hartan Rif aldean Abd el-Krimen berebertarren aurka. Kuban, Manzanilloko Chertudi burdindegian hasi zen lanean, Orienteko probintzian. Futbolean jokatzen zuen, atezain, eta abeslari ona zen. Manzanillon, gero ospetsuak izango ziren kantalagunak izan zituen, Carlos Puebla esate baterako, eta Manuel Navarro Luna, hau famatua idazle moduan egin zen arren. Gero, Antonio Lotina Habanara etorri zen, portuaren etorbidean zegoen Garay y Zatica burdindegian lan egitera, aduanaren aurre-aurrean. Eta Habanan Euskal Orfeoiko eta Habanako Koraleko kantaria izan zen luzaroan. Antonio Lotina behin bakarrik itzuli zen Lemoizera, 27 urtez gurasoak eta hiru arrebak ikusi gabe egon ondoren. 1953ko otsailean joan zen Bizkaira semea eta alaba eskutik helduta; ama Plentziako tren geltokian zegoen zain. 1953 urte osoa eman zuten lotinatarrek Lemoiz aldean, han "amerikanoak" ziren. Antonio Lotina, Habanara itzuli eta, gurasoak hil ziren. Ez zen gero egundo itzuli Euskal Herrira. Kuban, burdindegian lanean, Athleticen berriak jasoz eta ahal zuenean euskaraz kantatuz igaro zituen Iraultzaren hedapen urteak eta aro espaziala, XX. mendearen akaberan Laurac Bat panteoian lurperatu zuten arte.
Fernando Oyarzabal eta beste
Fernando Oyarzabal Markinan jaio zen, 1926an. Frontoietan ezagunagoa izan zen Urtiaga izenez, amaren abizenagatik. Sei urterekin esku pilotan hasi zen, hamabostekin zestarekin Vigoko frontoian hasi zen, Galizian. Soldadutza abiazioan egin ondoren, Manilan aritu zen jokatzen urtetan. 1953 urtean Habanako Jai Alai frontoira joan zen. Orduan munduko hoberenetakoa zen frontoi ikusgarri honi El Palacio de los Gritos deitzen zitzaion eta oraindik zutik dago, Malekoitik bi koadratara, Almejeiras ospitalaren atzealdean. Piston famatua ere jokatzen ari zen oraindik. Urtiagak Kareaga, Urkola, Guenaga, Andrinua, Egurbide, Elordui, Mugerza gazteenarekin, Guara anaiekin eta Salsamendi anaiekin eta halako pilotariekin jokatu zuen. 1959 urtean abiazioa ikasten zuen, frontoian jarraitzearekin batera. 1962 urtean Jai Alai frontoia zarratu egin zen eta Fernando Oyarzabal José Martí aireportuan hasi zen lanean mekaniko gisa, 1991 urtean jubilatu arte. Lana utzi eta urte batzuetara hil zen, familia Vedadon utzirik.
Fernando Oyarzabal "Urtiaga"ren izena marmolezko hilarri batean irakur daiteke Laurac Bat panteoiaren aurrean. Badira beste izen batzuk ere irakur daitezkeenak marmolezko hilizkribu soltetan: José Olivares Abrisqueta, esate baterako.
Hezurren ezinegona
Kaperaren ate herdoilduan abisu bat dago eskegita. Panteoian ehortzitakoei buruzko dokumentu asko galdu omen dira, hezurrak nahastu egin omen dira hor behean, hil batzuen hezurrak besteenekin, eta panteoiaren enkargatuek hezur pilo bakoitza bere izenarekin ordenatu nahi omen dute. Laurac Bat panteoian 100 baino urte gehiagotan lurperatu izan diren milaka euskaldunei buruzko informazioa eskatzen da, izen eta datuak hobeto jakiteko.
Zahartuta dagoen arren, burdinazko hesi herdoildua inguruan, kapera itxia, hilarri batzuk loka, horma batzuk arrakalaturik, hezurren eta hondamendiaren kolorera makurtuta, panteoia inportantea da. Balio arkitektonikoa omen du. Baina askozaz gehiagokoa da bere memoria balioa. Hezur multzo horien memoria. Lurpean geldirik egon beharrean beren ezinegonean bata bestearekin nahastu diren hezur horiena. Tropikoan bizi eta hildako euskaldunen oroitarria.