argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko meatzarien greba historiko arrakastatsua
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 27a
Bizkaiko meatzariek, duela ehun urte, hainbat hilabete eman zituzten errebindikatzen eta borrokan. Azkenean, greba orokorra egin zuten, gerra-egoera ere ezagutu zuten, baina, guztiarekin ere, langileen eta haien familien aldeko emaitzarekin bukatu zen gatazka. Bada, joan den astean izan da gertaera haren mendeurrena; zehazki, 2004ko urtarrilaren 1ean. 1903ko urte hartan, arras gauza xumeak eta argiak eskatzen zituzten langileek: lehenik eta behin, berek nahi zuten lekuan erosi nahi zituzten elikagaiak, ez ugazabek agintzen zieten tokietan; bigarrenik, soldata astero kobratzeko modua egin nahi zuten. Hala, borrokan eta errebindikazioetan lau hilabete pasatu ondoren, 1904ko urtarrilaren 1ean erdietsi zituzten beren gurariak: elikagaiak nonahi erosteko eskubidea eta soldata lan-astearen buruan kobratzekoa aitortu zizkieten. Horrelaxe diote garai hartako historialarien kronikek eta Bilbon argitaratzen ziren egunkarietakoek, bereziki El Noticiero Bilbainon agertu zirenek.

Ordea, zergatik ziren hain xumeak Bizkaiko meatzarien eskariak? Funtsean, bi arrazoi ematen dituzte horretarako. Batetik, ugazabek beren janari-dendak zituzten instalatuak meatzarien barrakoietan, eta gauzak haietan erostera behartzen zituzten. Modu horretan, langileek Bilbon erosita baino garestiago eskuratu behar izaten zituzten elikagaiak. Bestetik, ugazabek ez zizkieten soldatak hilero pagatzen, baizik eta ia berrogeita hamar egunen buruan.

Meatzaritza Zirkulurako gutuna

Bizkaiko meatzetako langileen 1903ko mobilizazio haiek, nolanahi ere, izan zuten bestelako atariko bat. Meatzarien ordezkariek, hots, Bizkaiko langile meatzarien elkarteek eta talde sozialistek, beren egoerari buruzko gutun bat igorri zieten Meatzaritzako Zirkuluko enpresaburuei »meatzaritzako patronalari, alegia». Dataz, 1903ko abuztuaren 14koa da gutuna, eta dio "behar-beharrezko gaien garestitzea zela kausa, gero eta nekezago bizi zirela jornalariak". Gutunaren izenpetzaileen iritziz, ugazaba askok meatzarien barrakoietan instalatuak zituzten dendetan erostera behartzen zituzten langileak, eta egitate horretatik zetorkien kaltea. Gutunean jaso zutenaren arabera, sinatzaileek baieztatu zuten "Bilbon baino %20, %30 eta are %40 garestiago zeudela kontsumoko gaiak barrakoietako dendetan". Kontuak horrela, nahi zuten tokian erosten uzteko eskatzen zieten enpresaburuei. Aurrekoaz gainera, sinatzaileek zioten meatzariak garaiz kanpo ari zirela kobratzen. Gutuneko letran datorrenez, "hilabetea igarota, hamar, hamabost edo hogei egun geroago (berrogeita hamar egunera) ari ziren alokairua jasotzen". Horrenbestez, aurrerantzean astero kobratzeko nahia azaldu zieten.

Patronalak hiru astera erantzun zien; irailaren 3an, hain zuzen. Lehenik eta behin, talde sozialistei hartzen zien kargu, haiek ere gutunaren izenpetzaile izan zirenez gero. Injerentzia aurpegiratu zieten, ezen, ugazaben iritziz, ez ziren inortxoren ordezkari, eta are gutxiago meatzarienak. Bigarrenik, egonezina apaltzat-edo kalifikatu zuen patronalak: ugazaben aburuz, meatzarien gutunean deskribatutako egoerak meatzetako meatzari guztien %10a ernegatzen zuen "gehienez". Hurrena, berriz, jabetzako denda gutxi zuela barrakoietan adierazi zien. Guztiarekin ere, era horretako komertzioren baten berri izanez gero, zegokion ugazabari salatzeko zioen. Gainerakoan, baztertutzat jo zituen langile meatzarien eskariak.

Mobilizatzeko deia

Erantzuna jakinda, meatzariek berehala jaso zuten mobilizatzeko deia. Urriaren 11n, igandez, mitin bat izan zen Bilboko Vista Alegre zezen plazan, eta hainbat mila lagun bildu zen bertara. Mitinean, Perezagua, Carretero eta Barre sozialistek hartu zuten parte, eta gogoz adoretu zituzten langileak urriaren 17an eta 18an meatzetan greba orokorra egitera, baldin ugazabek beren eskariei entzungor egiten bazieten. Handik atzera, Bizkaiko meatoki guztietara iritsi ziren mitinak, hala nola, Gallartara, Urtuellara, Muskiza eta Las Carrerasera, betiere eskatzen ziren eskubideen aldeko borrokara eta greba orokorra prestatzera deitzeko. Juan T. Gandarias lehendakari eta buru zuen Meatzaritzako Zirkulua, meatzaritzako patronalaren ordezkaria, gogor ukatu zen eskubideak aitortzera. Banakako negoziazioa bakarrik onartzen zuen, eta hura ere baldin greba orokorra baztertzen bazen.
Halatan, meatzaritzako inguru guztietara zabaldu zen lanuztea, eta urriaren 18tik aurrera iraun zuen, gainera. Buruzagi sozialistak, Perezagua batik bat, izutu egin ziren, eta egunik egun larritzen ari zen egoera bideratzen ahalegindu ziren. Hain estua zen kontua, non Pablo Iglesias bera etorri baitzen Bilbora, egoera kontrolatzera eta sozialismoaren interesen kontrako bortxazko ekinaldiak eragoztera. Alabaina, grebaren aldekoen eta kontrakoen arteko tirabirak zirela kausa, era arriskutsuan txartu eta mindu zen giroa meategietan. Guardia zibilak eta miñoiak jarri zituzten meatzaritzako inguruetan, baina, aski ez zirelako-edo, Gobernu Zibilak armada ekartzeko eskatu zuen, enfrentamendu zuzena galarazteko. Meatzaritzako talde batzuek greba orokor erabatekoa eskatzen zuten, baina sozialistak, Pablo Iglesias bera buru zela, ukatu egin ziren jokabide hartara. Greba orokorraren ordez, greban zeuden meatzariekiko solidaritatea eskatu zieten beste sektoreetako langileei.

Gerra-egoera

Sozialistek ez zuten lortu egoera kontrolatzea, eta, urriaren 28an, historialariek "talde bortitz" gisa kalifikatu zituztenek Bilbo bera hartu zuten, eta lau egunez egundoko kaosa izan zen Bizkaiko hiriburua. Egun haietan, itxi egin behar izan zituzten dendak, antzokiak, egunkarien egoitzak eta abarrak, eta, enfrentamendu fisiko eta zuzenen ondorioz, tiroak ere iritsi ziren, eta, haiekin batera, hainbat hildako eta zauritu ere bai. Sozialistek ez zuten hartu nahi izan liskar hartako inolako erantzukizunik, eta "grebalariak ez ziren elementu arrotzei" egotzi zieten gertaeren karga. Halatan, gobernadore zibilak gerra-egoera deklaratu zuen Bizkaian, eta armadak hartu zituen hiriburuko kaleak, baina, aldi berean, Zappino eskualdeko kapitan nagusiak gatazkan bitartekari aritzeko hitza eman zuen.

Bitartekaritza hark eman zuen fruitua, eta, hala, urriaren 31n irakurri zuten bando baten bidez zabaldu zen honako agindu hau: "1904ko urtarrilaren 1etik aurrera, lan-astearen buruan pagatu beharko zaie langile meatzariei". Horrez gainera, debekatu egin zuten elikagaiak barrakoietako dendetan erostera behartzea. Hortaz, grebalariak atera ziren garaile, eta patronalak, hots, Meatzaritzako Zirkuluko enpresaburuen taldeak, galtzaile aitortu behar izan zuen bere burua. Horrenbestez, esan gabe doa, benetan efikaza izan zen 1903an Bizkaiko meatzariek egin zuten greba.