argia.eus
INPRIMATU
Zer da... Burtsa
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Burtsa edo Balore Merkatua salerosiko instituzio bat da, zeinetan erosten edo saltzen baitira (kontratatu egiten dira) era guztietako konpainien akzioak: enpresenak, bankuenak, aseguru etxeenak, sozietate immobiliarioenak eta abar. Hornidurako merkatu batean gertatzen den bezala, Burtsara bi eratako pertsonak (inbertitzaileak) joaten dira: erosi nahi dutenak eta saldu nahi dutenak. Enpresa baten akzioak Burtsan kotizatzen hasten diren unetik aurrera, konpainiak, burtsako terminoetan, beste izendapen bat hartzen du: Balorea. Horregatik esaten zaio Burtsari Balore Merkatua ere. Espainiako Estatuaren kasuan, gaur egun 500 balore inguruk kotizatzen dute, sektoreka multzokatuak, zein produkzio jardueratan espezializatuak dauden. Balore horien parte handi bat Euskal Herriko enpresak dira. Euskal Herrian, burtsa bakar batek funtzionatzen du: ehun urte beteak dituen Bilboko Burtsak. Espainiako Estatuko gainerakoan, beste hiruk funtzionatzen dute: Madrilgoak, Bartzelonakoak eta Valentziakoak. Gaur egun, inbertitzaile handiez gain, zeinek eramaten baitute puskarik onena, milioika aurreztaile txikik hartzen dute parte burtsa horietan, zuzenean edo zeharka, inbertitzeko funtsen bitartez. Burtsa jotzen da enpresen osasunaren barometrotzat, ezen akzioen prezioak ispilatzen du inbertitzaileek sozietateen etorkizunaz duten iritzia. Orobat da herrialde bakoitzeko ekonomiaren martxa neurtzeko aparatu bat. Nahiz eta, batzuetan, errealitate ekonomikoa distortsionatzen ere duen.