argia.eus
INPRIMATU
Nazioaz -denok- eztabaidatzeko unea
Julen Zabalo 2021eko uztailaren 19a
Eskal Herriko gaurko marko politikoak irtenbiderik aurkezten ez duelakoan, batzuek beharrezko ikusten dute horretaz hitz egitea. Besteak, berriz, eroso sentitzen dira oraingo markoan, eta elkarrizketa eta hitz egitea ez beharrezko, baizik eta kaltegarritzat ere jotzen dituzte, ETAren jarrera indartzen delakoan.

Abiapuntu horrekin, argi geratzen da, hitz egitekotan, lehenengo multzokoek bakarrik egingo dutena. Eta horrela gertatu da. Azkeneko denboretan hainbat proposamen agertu dira Euskal Herri osoan, baina eztabaida horretatik at geratu dira, nahita, Espainiako eta Frantziako indar zentralistak. Horrek mugatu egiten du eztabaida, zalantza barik, baina zuzena eta demokratikoa izango litzateke horregatik eztabaidarik ez egitea?

Hala ere, hitz egiteko gogoa omen daukatenen artean ere mugak agertzen dira. Ezer finkorik ez dagoen halako egoera batean, badirudi proposamen guztiek gutxienez entzunak izateko eskubidea eduki beharko luketela, eta horrela ulertu du, esate baterako, ezker abertzaleak Ibarretxeren plana aintzat hartuz. Ez da berdin gertatu, ordea, sektore batzuetatik bultzatzen ari den Nazio Eztabaidagunearekin. Prozesu horrekiko errespetua adierazi arren, nabariak dira EAJ eta ELAren hutsuneak, eta ez da argi geratu zergatik uko egin dion Aralarrek.

EAJ mugatu egin da instituzio baten legaltasuna daraman Ibarretxeren plana zabaltzera. Baina legala delako ez da, halabeharrez, «demokratikoa». PPk, adibidez, Ibarretxeren plana baliogabetu nahi du, jarraitu den prozedura ilegala delakoan, eta hala egingo balitz, demokratikoki ezarritako legalitate baten izenean egingo litzateke, guk ezagutzen ditugun demokrazia liberal ordezkatzaileetan, legalitatea modu demokratiko baina ordezkatu batean osatzen baita, eta horrek ez du ziurtatzen herriaren parte-hartze zabala, oinarri-oinarritik egina.

Ziur nago euskal herritar gehienek ez luketela onartuko neurri hori. Hala ere, legalitatea gora-behera, plan horrek prozedura demokratikorik jarraitu al du? Legala izango balitz, baietz esan liteke, arauturiko pausuak bete ditu-eta. Baina, hain gatazka sakona konpontzeak asko hitz egitea eskatzen du. Arazoak zehaztu, bakoitzak bere argudioak azaldu eta bestearenak entzun behar dira. Hori dena ez da egin Ibarretxeren planean eta, hortaz, zuzena iruditzen zait esatea denak pozteko moduan aurkezten omen den plan hori partidista dela, zentzu estuan esanda, aldeen iritzia jaso ez delako, alegia.

Txalaparta gutxiagoz, baina, nire ustez, modu «demokratikoago» batean, Nazio Eztabaidagunea ekimena garatzen ari da azkeneko hilabeteotan. Fase bi aurreikusten dira, eta lehenengoaren amaiera abenduaren 20rako dago iragarrita. Han Euskal Herriari buruzko diagnosi bat aurkeztuko da, dituen aldeko eta kontrako faktoreekin, eta bigarren faserako utziko da aurrera egiteko beharrezkoak diren, edo izango liratekeen, pausuak lantzea eta adostea. Bidean, oinarritzat hartu diren txosten batzuk eta horiei eginiko hainbat ekarpen geratzen dira: batzuk zuzenean, azaroan eratu zen ekarpen foro zabal batean parte hartuz, eta besteak, internetez igorriak. Inori inolako trabarik ipini gabe.

Alderdi edo eragile batzuk ez daudelako, zenbaitek ekimen mugatutzat joko du. Hala ere, alderdi zentralistek parte hartu nahi ez dutelako, Ibarretxeren plana baztertzekoa ez den modu berean, Ibarretxeren plana bultzatzen duten batzuk parte hartu nahi ez dutelako, Nazio Eztabaidagunea ere ez da baztertzekoa. Horra paradoxa: prozedura demokratikoa eskaini, eta modu zabalean planteatzen den ekimen bati uko egitea (partidista delakoan, batzuen ustez), eta horren ordez, agian ilegaltzat joko duten eta modu itxian planteatzen den ekimen (partidista) bat hobestea.