Nor genuen Sakabi?
Trikitilari lanbidea serio hartu zuen lehenengoetakoa dugu Sakabi, soinu txikiari handitasuna eman zion soinujolea. Azkoitia-Azpeitia inguru hortan oso ezaguna zen guretzat Sakabi. Gerora konturatu naiz hori gurea dela, ordea. Kanpoko jendearekin hitz egiten duzunean, eta oso urrutira joan gabe, konturatzen zara beraientzat Sakabi ez dela bizi izan. Beharbada garai batean nahiko baloratu ez genuen kultura bateko partaide delako. Niri, Loiola Herri Irratiaren bitartez eta Joxe Mari Iriondok egin zuen lanari esker heldu zitzaidan trikitixaren kultura, baina oro har dugun itzal hori betetzea izan da lan honen helburua. Izan ere, ikaragarria da baina, historiak kanpo utzi dituen pertsonei buruz hitz egiten ari gara.
Zergatik diozu hori?
Trikitixak ez duelako existitu orain arte. Idatzi gabeko kultura batean bizi izan dira trikitilariak eta trikitiaz gozatu izan dutenak. Oso berandu arte trikitrixak ez du paperean izan ia agerpenik. Hain zuzen ere, historiatik kanpo geratu diren pertsona horien ohorez, horiek berreskuratzeko asmoz ere idatzi dut liburu hau.
Zaila izan al da liburua osatzea?
Sakabirekin suertea izan dugu, seguru asko Koldo Izagirrek Elgetarekin izan zuena baino handiagoa, Sakabiren familia oraindik bizi delako, eta Sakabirekin panderista-lagun ibili zen Egañazpi ere bai. Joxe Mari Iriondok ere asko lagundu du. Beraz, esatea dago berreskuratze lan bat izan dela, baina hainbesteko nekerik ez dudala hartu.