Gernikako arbola Habanan

  • Turista gehienak begira-begira, baina beste ezeren antza duenik ohartu gabe pasatzen dira Habanako Tenpletea deitzen den monumentu neoklasikoaren aurretik. Turista euskaldunak, esan nahi dut. Bakar bat ezagutu dut ohartu dena, Habanako zeiba zuhaitzak eta Tenpleteak Gernikako haritzaren eta juntetxearen antza duela jakin gabe konturatu dena. Ikusteaz batera esan zuen: "Gernikako arbola ematen du!".Historia zaharrean arakatu behar da jakiteko antza ez dela kasualitatezkoa, Tenpletea euskaldun batek eraikiarazi zuela orain dela 175 urte, Gernikako biltzarren etxea apropos imitatuz.

2021eko uztailaren 27an

Badira euskal historiografiak ahaztu dituen euskaldun batzuk. Euskal Herritik urrundurik bizi eta hil direnekin sarritan gertatu da sorterrian ahaztuak izatea, eta halakoa da Juan José Díaz de Espada delakoaren kasua. Kubako historia liburuetan XIX. mendeko pertsonaia nagusienetakoa da eta, hala ere, Euskal Herriko historia liburu eta entziklopedietan ez da aipatu ere egiten. Elhuyar Entziklopedian, esate baterako, ez da ageri Azkoitiko zalduntxoen eta Elhuyartarren lagun hau.

Juan José Díaz de Espada y Fernández de Landa, Arabako Arroiabe herrixkan sortu zen, 1756ko apirilaren 21ean. Salamancako unibertsitatean ikasi zuen, orduan ohikoa zenez, eta hantxe lortu zuen Teologian doktore gradua. Liburu debekatuak irakurtzeko lizentzia omen zuen eta gero konprenituko dugu detaile hau zergatik aipatu dugun.

Elizako goi karguak izan zituen harrezkero Calahorra, Villafranca del Bierzo eta Mallorcan, azken leku honetan Inkisizioaren egituran. Gero, Chiapas aldeko apezpiku izateko izendatuta zegoenean, Habanara heldu zen. San Cristobal de La Habana deitzen zen hiria, eta elizbarrutiak Kubaren mendebaldea hartzen zuen orduan, Camagueytik sartalderako lurralde guztia, baina Floridetako lurra ere bai kontinentean.

Juan José Díaz de Espada 1802ko otsailean iritsi zen Habanako portura. Egun batzuk ohean pasatu behar izan zituen, itsasoko bidaia geldoa eta latza izan zelako, baina osasuna errekuperatu eta martxoaren 14an apezpiku-aulkia hartu zuen zeremonia solemnean. Aulkia esan dugu, baina tronua esatea hobe dugu, jarleku horrek sasoi hartan zuen garrantziagatik. Eta tronu horretan egon zen Juan José Díaz Espada 30 urte, 5 hilabete eta 19 egunez. Jarlekua duen jendearen portaera kontuan hartuta zehaztasun inportantea: denbora luze horretan ez zen eserita egon.

1802ko martxoko egun hartan Juan José Díaz de Espadari apezpiku mitra edo makila eman ziotenek ez zekiten, makila hura bere eskuetan Arkimedesen palanka bihurtuko zela. Hala esaten dute Kubako historiagileek, eta XIX. mendearen lehen erdiko erreformatzaile sozial nagusitzat hartzen dute.

1802ko abenduan Espada apezpikuak Sociedad Económica de Amigos del País elkartearen kide izateko eskaera egin zuen eta herrilagunek, bazkidetzat onartzeaz batera, elkartearen zuzendari izendatu zuten. Elkarte hori, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País haren adarretik sortua zen Habanan, bazkide asko euskaldunak ziren, eta Kuban bizi arren, semeak Bergarara igortzen zituzten ikastera. Juan José Díaz de Espada bera Azkoitiko zalduntxoen ideia eta pragmatismoaren munduan zegoen. Bultza zituen aldaketak ausartak eta eskergak izan ziren Kuba kolonial hartan. Liburu bat beharko litzateke aurrera eraman zituen erreforma sozial eta kulturalen inbentarioa egiteko: elizan egin ohi ziren ehorzketak debekatu eta kanposantu orokorra egiteko obrak hasi zituen; Kubako osasun publikoa fundatu zuen; sakarokraziaren gehiegikerien kontra ekin zuen (azukrearen ekoizpena kontrolatzen zuen Habanako oligarkia), eta batez ere esklaboen trafikoaren aurka; arteak eta letrak babestu zituen; goi mailako ikasketak bultzatu zituen Kuban bertan, eta Filosofia katedra fundatu zuen, elite kreolaren eskola bihurtuko zena...

Ez zela eserita geratu, esan dugu, baina bere pertsonalitatea baloratzeko beste gauza bat ere hartu behar da kontuan. Goi kargu politiko eta eklesiastikoen lehenengo zeregina kutxa propioak diru eta urrez betetzea zen sasoian eta lekuan, Espada apezpikua, hil zenean, Amerikako elizbarrutirik aberatsenean, jabegorik gabe hil zen, 1832ko abuztuaren 13an.

Inkisizioaren erasoak jasan zituela esan beharrik ez dago, gaztetan Inkisizioaren partaide izan zen arren. Sakarokraziaren kontra jokatu zuela esan dugu, esan nahirik azukrearen oligarkiaren menpekoa zela orduan Kubako gizartea, populazioaren erdia esklaboa zen. Espada apezpikuak botere kolonialarekin, elkarlan aldi batzuekin, azpi borroka luzea sostengatu zuen.

Historia hori luzeegia eta konplikatuegia da hemen zehazki kontatzeko. Baina testuinguru horretan ulertu behar da Tenpletearen eraikuntza, 1828. urtean.

Tenpletea eta zeiba zaharra

Portuko etorbidean zeiba zahar bat zegoen. Zeiba hori Habanako San Cristobal hiriaren askatasunaren sinboloa zen. Hortxe ospatu omen zuten 1519. urtean lehenengo meza eta kabildoa. Hortxe zegoen antzinatik, zeiba handia, Portuaren alboan, Habanako harresien barruko jauregi eta gaztelu nagusien enparantza bazterrean. Enparantza hori Armen Plaza da, eta zeiba Kapitain Jeneralen jauregiaren aurrez aurre zegoen.

Gernikako arbola askatasun demokratiko lokalen sinboloa zen euskaldunentzat eta ordurako ezaguna eta zabaldua zen sinbolo lez munduan; William Wordsworth-ek, esate baterako, ordurako idatzia zuen bere poema. Zeiba Gernikako juntetxearen antzeko eraikinarekin hornitzea, Kapitain Jeneralen jauregian aurrez aurre bizi ziren autoritate kolonialei eginiko probokazioa besterik ez zitekeen izan. Gernikako haritzak bezala, Habanako zeibak ere askatasun lokalen sinboloa izan nahi zuen.

1828ko martxoaren 19an fundatu zen zeibaren Tenpletea. Tenplu greko-erromatarra da, orden dorikoa atikoarekin nahasturik, Europako ilustrazioak modan jarri zuen estilo neoklasikoan. Estilo horretan Habanan eraiki zen lehenengo eraikina izan zen. Etxearen barruko aretoa Jean Baptiste Vermayren pintura mural zabal batek betetzen du.

Arbola zaharragoen kimu eta ondorengoak dira oraingo biak, baina, zaharraren ondoren gaztea, hor daude bakoitza bere lekuan. Gernikako arbola haritza bada, Habanakoa zeiba da. Euskaldunek ez dute zeiba zer den ezagutzeko aukera handirik; hori ere ez da agertzen Elhuyar Entziklopedian. Zeiba, bombax ceyba deitzen omen da Linneoren sailkapenean, enbor sendoa, batzuetan hiru pertsona behar dira bere enborra besarkatzeko. Enborra garbia, urdin hauts kolorekoa eta oso garaia da, 20 metrotik gorako altuera har dezake, eta goian adarrak oso zabalak eta hostotsuak ditu. Hostoak galtzen ditu eta udaberrian errekuperatu. Loratu ere egiten da.

Bartolomé de las Casasek zeiba hitza tainoa zela utzi zuen idatzita. Testigantza horren kontra, Fernando Ortizek afrikar izena dela uste zuen, eta Ginea eta Kongoko hainbat hizkuntzatan topatu uste zuen. Antilletakoa bertakoa edo Afrikatik ekarria izan, esklaboek beren erlijio errito propioetan aintzat hartu zuten. Zeiba berez zuhaitz ikusgarria da, handia eta trinkoa. Gainera, oinaztargiek ez dute jotzen, adaburua nahiko horizontala delako, palmondoak jo eta hain erraz erretzen dituen artean. Boterea eta babesa iradokitzen dituelako izango da, beharbada, sorginkeriarentzat leku berezia zuhaitz hori. Gaur egun ere, edozein zeibaren albotik pasatzean enborpera begiratzen baduzu, opariak ikusiko dituzu. Hirian bertan ere bai, Habanako hirian edozein kale bazterretan daude zuhaitzak, eta zeiben oinetan beti aurkituko dituzu ez dakit zein santuri utzitako opariak: platanoak, oilaskoak eta auskalo zer gehiago.

Espada apezpikuaren jokabidean, Tenpleteari Gernikako Juntetxearen antzeko tankera ematean, absolutismoaren kontra askatasun lokalen errebindikazio ilustratua dagoela esan dugu lehen. Hala ere, ez da ahaztu behar zeiba harrizko eta burdinazko hesiz ezartzea, eta klasizismo greko-erromatarreko kapera horrekin hornitzea, herri xehe beltzaren sorginkeria paganoari mugak ipintzeko ere egin zela, eta alde horretatik ez zela jokabide hain herrikoia izan.

Bai Espada apezpikua, bai beste ilustratuak garai hartako seme-alabak ziren. Baina ez dugu hemen elizaren, burgesiaren eta ilustrazioaren balioen eta miserien historia egingo.

Zeibari hiru inguru

Herri tradizio zahar bat dago Kuban. Abenduaren 15etik 16rako gauean, San Cristobal egunaren zain, jendea Tenpletera etortzen da, zeibaren inguruan hiru buelta emateko asmoarekin. Bueltak ematerakoan gogoz eskatzen diren asmoak kunplitu egiten omen dira.

Kuba turismo masibora makurtu zenetik Tenpletea urtean zehar monumentu turistikoa besterik ez da. Turismoaren apartheid esparru dotorean, turisten eszenografia izatera kondenatuta dago. Turistak andanaka pasatzen dira bere aurretik, artzain itzultzaileak gidaturiko artaldeetan asko, euren kamera digitalekin eta euren begirada memeloarekin.

Ez dira enteratzen ia ezertaz, ez zer izan den, ez zer den. Kuban egon direla kontatuko dute eta Kuban dabiltzala pentsatzen dute, horixe ordaindu dutelako, ohartu gabe, gizajoak. Miserableki engainatuak izan dira, kubatar dekoratuen artetik Bahamasetan darabiltzate...

Urtean behin soilik, gau bakar batean bihurtzen da Tenpletea beste zerbait. Bertakoak etortzen dira eta itzultzen da Tenpletea Bahamas izatetik Kuba izatera. Abenduaren 15etik 16rako gau horretan milaka herritar inguratzen da Portuko etorbidera, sineste askorekin bateren batzuk, baina sineste urriarekin asko eta sineste arrastorik gabe gehienak. Baina, badaezpada.

Zeibari bueltak eman eta nahi duena eskatzen du kubatar jendeak. Iaz zerbait eskatu zutenetako bat aurkitu dugu. Mabel Larrechea deitzen da eta eskaria kunplitu zitzaion galdetu diogu: «Ez, hala ere aurten berriro joango naiz», erantzun du. «Iaz, uste dut nahastuegia nuela gogoa bueltak ematen nituen artean, ez nuen argi eskatu. Ez zaizkit kunplitu».

Ea desirak nork kunplitzen dituen galdetu diogu: «Ez dakit. Hor zuhaitzean bizi den santuren bat izango da, ezta? Aurten ondo eskatuko ditut, oso ozen, eta nahiak kunplitzen ez badizkit, orduan izena ipiniko diot santu horri, El Sordo!».
Mabel Larrechea 27 urteko neska da, badiaz bestaldean dagoen Regla auzokoa. Abizen euskalduna du, baina Euskal Herria zein kontinentetan dagoen ere ez daki. Totí baino beltzagoa da, bestalde. Totí deitzen da belearen antzeko txori beltz bat. Erru guztiak totíri egozten zaizkiola esaten da. Baina hau ere beste historia bat da.

Ea zergatik egin dizkiogun galderak galdetu digu Mabelek. Gernikan, Habanakoaren antzeko arbola bat dagoela erantzun diogu, euskaldunentzat zuhaitz horrek balio sinbolikoa duela, eta horri buruz idatzi nahi dugula zerbait. Orduan, Mabel Larrecheak hau galdetu du, bere aurpegi beltzeko begiak borobil eta handi zabaldurik: "Eta euskaldun horiek ere arbolari eskatzen dizkiote gauzak?"

Euskaldunak Espainiaren alde eta aurka

Espainiaren alde

Tenpletearen historia Habanaren historia da ia. Luzea eta nahastua. Habanako Tenpletea euskaldunekin erlazioan agertzen den bi momentu historiko aipatuko ditugu bakarrik.

1869ko ekainaren 2an Guipúzcoa izeneko bapore posta heldu zen Habanako portu sarrerara. Ontziak Tertzio Baskongadoak zekartzan. Arratsaldeko 14:00etan sartu zen baporea badiara eta arratsaldeko 16:00etan jaitsi ziren euskal soldaduak lehorrera. Kubako euskal jauntxo boteretsuenak zeuden ongi etorrian: Zulueta, Araiztegui, Eleicegui, Arcocha eta abar. Ez ziren falta musika bandak eta kantari koroak. Guanutas, Colón eta Cárdenas aldeko txapelgorriak ere han zeuden.

Portuko nasatik Tenpleterainoko alfonbra luze dotore bat ezarri zuten eta Kuban Gernikako Arbola adierazten omen zuen zeibaren inguruan gortinak, banderak eta zutoihalak. Jende guztia, euskaldunak asko, tertzioei bibaka. Juan María Eleicegui merkatariak euskaraz egin zien ongietorri mintzaldia: "Osasuna, euscaldun gazteriari". Horrela hasi zuen ongi etorria eta garai hartan erabiltzen zen grafia errespetatzen diogu. Juan Maria Eleiceguik bertakoen poza aldarrikatu zuen heldu berriek bidaia ona egin zutelako. Gero, honela esan zuen:

"Atozte, bai, atozte, Euscal-errico tercio portitzac, Cubaco Ugarte español onetara, zuen anaiari laguntcera, lembailen bucaera emateco guda caltarquitsuari eta etsai dollor orri.

Dembora gucietan Euscal-errico semeac izan dirade ala ichasoz nola lurrez, gaiñ gañeco gudari leialac, portitzac, ernaiac, alaiac, galantac eta prestuac, jaquin izandutenac Ezpañiaco bandera garbia ifincen garailari chit goitua, ala mundu zarrean nola berrian, baita ere ichasoco ontzietan, beren eguinde gogoangarriaquin.

Euscaldun arguidotar oien icenac daude chit aguirian jarriac condairan ta orregatic eztitut icendatcen.

Zuec, oroituaz ceratela oien sustraietatic zatozten semeac, eguingodezute aleguiña, bicia galdu arteraño, iduquitceco Ugarte guci au Ezpaiñiaren mempean, cergatic dan beraren ondra eta orrena da gurea, eta iduquibeardegu Ceruraño jasoa, español bat bacarrac daucan artean bicia..."

Momentu horretan euskal tertzioek eten egin zuten hitzaldia euskaraz oihuka: "Ill arte! Ill arte! Ill arte!" Euskal mutilak isildu zirenean, honela amaitu zuen Juan Maria Eleiceguik bere hitzaldia: "Bandera eder ori izangoda zuen biotzac indarrez betetceco eta erru aundiarequin etsaiari jazartceco eta garaitua utcitceco, obiaturic mendi sasi tartean edo aitz zuloetan: orduan emangodiotzute Españiari eta bere seme on guciai, beste egun eder bat, ceña izangoda oroipengarria beren biotzetan.

Eta orain oju indartsuarequin esanzagun. ¡¡­Viva España!!"

Bestelako ongietorria jasoko zuten euskaldun gazte gizajo haiek maniguan (mendian). Askozaz ustekabekoagoa, latzagoa, bakartiagoa, tragikoagoa. Manbiek eta tropikoak akabatuko zituen gehienak. Baina hori, Tenpletearekin loturarik ez duen beste historia bat da.

Espainiaren aurka

Tenpletearen aurrean harrera egin zioten Jose Antonio Agirre oso bestelako mezuarekin etorri zen Kubara 1942 eta 1950 urteetan.

Bere lehenengo bisita Habanara 1942ko urrian izan zen eta arrakasta handikoa izan zen zentzu guztietan. Fernando Ortizek (abokatu, historialari eta antropologo ezagunak) pertsonalki azaldu zizkion Jose Antonio Agirreri Tenpletearen eraikuntzaren gorabeherak eta Espada apezpiku euskaldunaren garrantzia Kubako historian eta nazionalitatearen sorreran.

Bitxia bada ere, Euskal Etxean baino Jose Antonio Agirreri harrera hobea egin zioten Centre Catalá delakoan. Kubako katalanak independentista erradikalak ziren sasoi hartan, euskaldunak baino askozaz gogorragoak, eta urriaren 18an ospakizun politiko handia antolatu zuten. Kataluniako, Galiziako eta Kubako hizlariek parte hartu zuten, eta gero Jose Antonio Agirrek berak. Bere adiskide izandako Lluis Companys gogoratu zuen, gerra sasoia zen eta baioneta anglosaxoiek inposatuko zuten bakea betiko izango zela adierazi zuen, beraz une inportanteak zirela estaturik gabeko nazionalitateentzat. Eta Euskal Etxean aipaturiko ideia errepikatu zuen Zentro Katalanean ere: "Els bascos només pactarem a través de la nostra llibertat". Hau da, euskaldunak hitzarmenetarako prest daudela, baina euren askatasunetik abiatuta. Sasoi hartan, abertzaleak kide errepublikar espainolekin istiluetan zebiltzan, batez ere Indalecio Prieto sozialistarekin, hauek mehatxutzat hartzen zituztelako euskal instituzio subiranoak

Jose Antonio Aguirrek aldarrikatu zuen euskaldunek independentzia izateko eskubidea dutela, beste herriekin elkartasunean lotzeko eginbidea izan orduko. "Viva Galicia Ceibe! Gora Euzkadi Azkatuta! Visca Catalunya Lliure!" aldarrika amaitu zen Galeuzkaren biltzarra Habanako egun hartan.

1950eko Jose Antonio Agirreren bisitak oihartzun askozaz gutxiago izan zuen. Baina hau ere beste historia bat da.


Azkenak
Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


2024-12-18 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Loa

Loti ederra eta errauskinaren irudia izan du hizpide aurtengo Feministaldian Irene Coulon-en hitzaldiak. Loaren ideia kulturalak zartatu ditu, loaldia ere maskulinizatua dugula argituta. Loaren irakaspen (kultural) asko barneratuak ditugu, eta gorputz feminizatuan edertasunaren... [+]


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Bortxaketaren kultura epaitzeko plaza bihurtu dute Mazango auzia

Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]


Eguneraketa berriak daude