Zalaparta bai, baina ez beste batzuetan bezala
Aski da! plataformakoek Donostian deitutako manifestazioak ekarri du oihartzun eta zalapartarik, batez ere antolatu den mezuagatik, Espainiatik jendea ekarri den moduagatik eta baita ere, ohi bezala, jende kopuruagatik. Bitxiak dira, partehartzeari dagokionez egiten diren irakurketa desberdinak: Espainiako komunikabide nagusienentzat 120.000 pertsonatik gora, El Correok «decenas de miles», Garak 14.000 eta Kataluniako Contrastant enpresak gehienez 22.400 pertsona. Jaramon egiten zaie halako manifestazioei, baina euskal gizartean behintzat ez dute lortzen duela gutxi manifestazio molde honek lortzen zuen oihartzuna.
Zerrenda abertzaleen aldarrikapena han hemenka.
Aralarrek, EAk eta EAJk akordiorako borondatea publiko egin ondoren, zerrenda lantzen ari dira jadanik hiru alderdiak Nafarroan. Iparraldean ere, martxoko kantonaletarako ABk gainerako alderdi abertzaleei zerrenda bateraturako edukia aurkeztu diela ezaguna da jada. Berriki, bestalde, Begoña Erraztik martxorako zerrenda bateratu baterako deia egin du, nahiko era orokor eta abstraktuan bada ere. Nola hala, abertzaleen indarrari etekin handiagoa ateratzearen nahia sumatzen da han hemenka. Bada pentsatzen duenik, Nafarroan eta Iparraldean halakoen beharra egonez gero, ea Araban zergatik ez, batez ere PPk berez zatikatua dagoen herria gehiago zatitzeko erabiltzen duenenean.
Aurrekontu garaia.
Eusko Jaurlaritzaren 2004ko aurrekontuak berriz luzatuak izango diren zurrumurrua aspaldikoa da, iazkoa moduko ezustekorik -Mayor Orejaren hutsa- gutxitan gertatzen delako politikan. Hirukoak ez du nahiko indarrik aurrekontuak ateratzeko eta beste norbaiten sostengua beharko du. Argi dago sostengu hori -aktiboa edo pasiboa- Sozialista Abertzaleen (SA) aldetik bakarrik etor daitekeela. Eta argi dago, bere giltza izaeraren jakitun, beste urte batzuetan bezala, SA hasi dela erabiltzen aurrekontuen tresna. Hori da datozen egunotan biziko den irudia: SA akordiorako prest dela adierazi nahian; Jaurlaritza, eta batez ere EAJ, akordiorik ezin dela eman ETAren jarduera salatu arte. Bitartean, egunerokotasunean, akordioak eman egiten dira han eta hemen, seguruenik, oro har pentsatzen duguna baino akordio izaera handiagoarekin gainera.
Kataluniako egoera lagungarri honako ere
Aspaldi ez bezala, euskal politikagintza Kataluniara begira egon da, azaroako hauteskunde autonomikoak medio. Eta aurrerantzean ere hala izango dela dirudi. 23 urte agintean egon ondoren, CiU oposiziora doa eta Pasqual Maragall da jada Generalitateko lehendakari berria, ERCrekin lortutako akordioaren ondoren. Lan eremu ugari izango ditu Generalitateko hiruko gobernuak esku artean, eta bere osaketa ikusita eta adierazitakoaren arabera, eremu sozialean emango diren aurrerapausoak izango dira garrantzitsuenetakoak. Espainian egun bizi den giro politikoarekin, ordea, Kataluniako Estatutuaren erreformak hartuko du oihartzun handiagoa. Hango parlamentuak erreforma onartu ondoren, Madrilgo gorteek atzera botatzen badute, herri kontsulta egingo duela jakinarazi du Maragallek. Egoera arras interesgarria sortzen da eta suma liteke, hangoa ere lagungarri izan daitekeela euskal politikagintzan bizi den korapiloa askatzeko.
Xirika gazte aldizkaria otsailerako
Gazteek gazteentzat egindako aldizkaria izango da otsailaren 6tik aurrera kaleratuko den Xirika. 24 orri izango ditu, aktualitatea eta informazio orokorra landuko ditu eta gazteak zirikatzea izango du helburu. Senperen izango du egoitza eta ardura nagusia lau kazetari eta marrazkilari batena izango da. Zero alea urtarrilean kalean izango da.
Euskalkien sailkapen berria
Euskalkiak, Herriaren Lekukoak liburua plazaratu berri du Koldo Zuazo hizkuntzalari eta EHUko irakasleak. Urte luzez herri hizkerak aztertzen egindako lanaren ondorioak biltzen ditu bertan. Atal batek euskalkien arteko harremana edo batasuna aztertzen du, baita euskalkiak bizirik daudela erakutsi. Bestalde, liburuak euskalki asko eta oso nabarrak daudela jasotzen du eta bata bestearengandik oso ezberdinak. Bi arrazoi ematen ditu horretarako Zuazok: Euskal Herriaren zatiketa eta euskararen ofizialtasun eza. Horrez gain, euskalkien sailkapen berri bat proposatu du Zuazok liburuan, Oihenartek XVII. mendean eta gerora Larramendik eta Bonapartek egindagoak gaurkotuz.
Larrialdi neurriak
Euskarak iparraldean bizi duen egoera larriari aurre egin asmoz, Euskal Irratiak elkartea osatzen duten Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hiru irratiek larrialdi neurriak proposatu dituzte. Batetik, Hizkuntza gutxituen Ituna berrestea eta ofizialtasuna bermatzeko legea sortzea bultzatu nahi dute. Bestetik, diru laguntzekin eta arlo teknikoagoekin zerikusia duten aldaketak proposatu dituzte. Bestalde, gazteen enpleguan Gobernuak proposatutako aldaketek ekonomikoki izan dezaketen eragin negatiboa azpimarratu dute.
Bagare Euskal Tokia abian berriro
Gasteizko euskalgintzako zenbait eragileren laguntzari esker zabalik da berriro Bagare Euskal Tokia. Bazkide gehiago erakartzeko kanpainarekin zabaldu dituzte ateak, laguntza ekonomikoa lortzeaz gain, euskal tokia eta euskalgintza sendotzeko asmoz. Hemendik aurrera, bestetik, euskaldunen beharrak zeintzuk diren ezagutzeko eztabaida prozesuak hasiko dituzte, euskalgintza indartzeko, topagune izateko eta kultura arloan lanean jarraitzeko konpromisoari eutsita.