argia.eus
INPRIMATU
Zuritzearen onurak
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

datorren urteko uzten oinarriak jartzea da negu giro honetan egin dezakegun lanik eraginkorrenetakoa. Landare bakan eta multzoen ipurdiak eta sustraiak babestu eta aberastekoarena genuen lehengo astean. Karearena honakoa.
Baserrien inguruetan topa ditzakegun karobi edo hauen arrasto ugariek garai batean kareak edo kisuak izan zuen garrantziaz hitz egiten digute. Kare harria gure lurretan usu aurkitzen den lehengaia da. Harri hau karobi labeetan erre eta kare bizia ekoizten zen ia etxeero. Kare honek erabilpen anitz zituen: lurrezko ontzietan arrautzak kontserbatzeko, ukuilu, korta, etxe eta abar desinfektatzeko, landareak zurituz gaitz eta izurriteei aurre egiteko eta batez ere soro, baratze, belardi, sagasti eta abar ongarritu eta aberasteko.
Lurrari karea emateak izugarrizko onurak dakarzkio. Lehenik eta behin lurrak berez izan behar du kare-gosea. Buztin lurrak izaki honelakoxeak ditugu Euskal Herri atlantiarreko lur gehienak, kare premia nabarmenena dutenak, alegia.
Hiru mailatan lan egiten du kareak lurrean: desinfekzioa, fisikoa eta kimikoa. Desinfekzioan, lurrean dauden onddo, bakterio, intsektu eta hauen arrautza, har eta abar hil egiten ditu, arerioak kenduz landareei bizitza kalitatea hobetuz. Fisikoki, kareak lurra harrotu egiten du airearen eta uraren mugimendua areagotuz; lan hau bereziki egokia da buztina nagusi duten lurretan, buztin itxi gogor itoan landareen zainen lana erraztuz. Kimikoki, hasteko karea bera landareen eskuera jarri eta berarekin batera magnesioa. Honez gain lurraren gorabehera kimikoetan ugazaba den eta lurraren azidotasunaren neurria ematen duen pH-a orekatzen du, erdi pareko 6-ko neurri aldera. Honek beste ondorio batzuk dakartza: lurra bizitu egiten du, buztinetan gertatzen diren erreakzio kimikoak azkartu eta hauen bidezidor eta ataketan kateatuta dauden elikagaiak lurreko salda bizira bideratzen ditu landarearen eskuera jarriz.
Sail bakan batzuetan besterik ez da egun karea ikusten eta analisiek bere premia gero eta nabarmenagoa dela erakusten dutenez, garai bateko ohitura on hori berreskura dezagun. Ohartxo bat: batak bestearen lana kamusten duenez, karea eta simaurra ematea batera egin behar ez diren lanak dira, lan batetik bestera hilabeteko tartea behinik izan dadila.