Patxi Iturregi: «Esango nuke ezker-eskuin banatzen dudala egurra»

  • Patxi Iturregi itsasoko bizimodua islatzen zuen Haize kontra ipuin bildumarekin egin zen ezagun gure artean, duela zazpi urte. Erronkak maite dituen gizona izaki, laudiotar honek, itsasotik lehorrera jauzi egitea erabaki du orain, hiriak dituen mila norabideetan barneratzeko Behi eroak deritzan liburuan. Hamabi ipuin eskaintzen ditu, gehienetan umorea erakutsiz, drogaren zurrunbiloan dabiltzan gazteen mundua, hiriko oligarka harroena, motorzale handiputz samar batzuena, ezetzik esaten ez zekien baserritarrarena eta makina bat mundu gehiago erakusteko. Itsasoaz eta lehorraz hitz egin digu Iturregik.

2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Mundu nahasi honetan haize kontran nabigatzen dakienari deitzen omen zaio sorte onekoa, maniobreroa. Hala zenion zure lehenengo liburuan behintzat. Nondik jaso zenuen hitz hori?
Haize kontra idazteko itsas-hizkera behar nuen, baina, nahiz eta Euskal Herriak itsasbazter zabala izan, eta nahiz eta euskaldunok ibiliak izan munduko zazpi itsasoetan, itsas kontuetaz oso gutxi dago idatzita gure literaturan. Idatzi zuen lehenengoa Johannes Etcheberry izan zen. 1627an Itsassoco biayetaco othoicen araldean hainbat otoitz biltzen zituen, eta otoitz horietan itsas-hizkera agertzen zen. Badago hor ere beste liburu bat, teknikoa hauxe, XVI. mendean Martin Hoyarsabalek frantsesez idatzi eta Pierres Detcheverryk euskaratu zuena. Eta hor bai agertzen direla itsas-hitzak eta itsaso zabalean nabigatzeko hainbat gauza jakingarri. Baina gero jada tradizioa apurtzen da, XIX. mendean bizkaitar idazleak gaiari heltzen hasten diren arte. Txomin Agirreren Kresala famatua daukagu, Etxeitak idatzitakoak, eta haien ondoren Erziaga, edo Agustin Zubikarai bezalako batzuk. Idazle horiek guztien lanak arakatuz lortu nuen nik ikuspegi txiki bat izatea. Kostaldeko hitzak jaso nituen, adibidez, oraindik ez baitzegoen ezta itsasoko hiztegirik ere; duela urte gutxi atera du Eneko Barrutiak Bizkaialdeko itsas hiztegia. Eta beno, jada ez dut gogoratzen nondik jaso nuen "maniobrero" hitza, baina irakurketa horietatik dator.



Itsasoan ibilitako gizona zaitugu…
Bai. Itsas-pilotua naiz, eta hiru bat urtez itsasoan ibili nintzen, Golko Pertsikora bidaiak egiten. Hango ezer gutxi ikusten genuen. Ontzia zamatu hogeita lau ordutan, eta buelta egiten genuen. Ohiz Mediterraneo aldeko portuetara »Cartagenera, Algecirasera…» etortzen ginen, eta horretarako Afrika osoari eman behar genion buelta.



Haize kontran biltzen dituzun ipuinak benetako gertakizunetan oinarrituta al daude?
Ez. Liburu hori idazteko itsasoan izandako esperientzia hartaz baliatu nintzen, batik bat itsasontzi barneko giroa deskribatzeko orduan. Itsasontzi batean hainbat hilabetetan etsaiarekin zein lagunarekin bizi behar baituzu, eta konpondu, nola edo hala; eta alde horretatik oso baliagarria izan zitzaidan nire aurreko eskarmentua. Baina hortik aurrera, fikzioa egin nuen.



Zure istorioetako batean, itsasontziko kapitain baten emaztea ontzira etortzean eragiten duen giro petrala azaltzen duzu. Hain gogorra al da?
Ez dakit gaur egun nola izango diren gauzak, baina lehen bazen ofizialek bidaiaren batean emazteak-edo eramateko ohitura, horretarako aukera ematen zitzaielako. Eta horixe da Itsasoetako anaiartea ipuinaren oinarria. Hor, hainbeste gizonen artean, emakume bakarra izatean, bada, begi guztiak zuzentzen dira harengana eta konfliktoa sortzen da. Entzunak ditut halako gertaerak. Dena den, gaur egun gauzak aldatuak izango dira, zeren zorionez emakumezkoek ere Nautika ikasten dute eta itsasoan lan egiten dute.



Untzi zatikalekua ipuinean, berriz, haurrak azaltzen dituzu. Hondakinen artean jolasten ibiltze hori ez al da dagoeneko galtzen ariko?
Hori jada galduta dago. Baina Bilbon bazegoen lehen halako dartsena bat, Benedicta Dartsena deitzen zitzaion, eta Portugaleteko aldapen gainetik ikusten zen, han behean. Hara eramaten zituzten txikitzeko ontzi zahar guztiak, leku guztietatik ekarritakoak. Ni sekula ez naiz han ibili jolasean, baina imaginatu nuen umeren batzuk ibiliak izango zirela bertan ontzietan zeuden gauza guztiekin jolasean, umeentzat dena izaten delako jostailu, eta ontzi zaharretan beti izaten direlako bandera kolorezkoak, itsas-kartak eta beste tresna baliogabeak.



Eta Iruzurraren tamaina nola sortu zenuen?
Hori ilunagoa da, aita urruneko portu batetik datorkion ume baten istorioa kontatzen baitu. Bakarrik ordu batzuk egongo denez Bilboko portuan, umea bertara joaten zaio bisitan amarekin, eta hor sortzen da geroko drama guztia. Uste dut ipuin hori ondo atera zitzaidala.



Esan dezakegu, oro har, Haize kontra osoa xarma handiko liburua dela. Zer-nolako harrera izan zuen?
Harridura sortu zuen. Kritikaren aldetik oso ondo tratatua izan zen. Salmenten aldetik, berriz, ez hainbeste, baina, beno, nik ez dut espero hortik aberasterik, eta galerarik ez sortzeko nahikotxo saltzen badut, bada, horrekin konforme naiz.



Orain, berriz, Behi eroak plazaratu duzu.
Eta aldaketa goitik-beherakoa da. Agian irakurleren batek esperoko zuen nik itsasoaren gaiarekin segitzea, baina nik ez nuen itsasoaren gaiarekin gatigatuta gelditu nahi. Bigarren liburu hau erronka eta liberazioa izan da niretzat.



Ipuin gehientsuak Bilbo aldean gertatzen dira. Lasaitasun gehiagorekin aipatzen al dira zenbait gai Bilbon kokatuz, eta ez Laudion?
Beno, egungo mundu globalizatua azaldu nahi baduzu, gertaleku handiagoa aukeratu behar duzu. Laudio txikia da, 20.000 biztanle inguru bakarrik ditu, eta beraz hainbat gauza ezin dira Laudion gertatu. Beno, bai, gerta daitezke, baina aukera ezberdina izango litzateke. Dena dela, Bilbo agertzen da, baina ez da benetako Bilbo bat. Eta Baiona agertzen da baita ere.



Matxismoa ere dezente salatzen duzu istorio hauetan, ez da hala?
Esango nuke eskuin-ezker banatzen dudala egurra. Matxismoa salatzen da, baina emakumezkoen afizioak ere salatzen dira. Nik ez dut bilatzen hor gizona zigortzea edo emakumezkoa zigortzea. Gure harremanen nahasmenduaren ispilu izan nahi lukete ipuin horiek.



Beti ere umorez?
Bai. Horretan aldaketa dezentea dago aurreko liburuarekin, hura trinkoa, lanbrotsua bezala, serio-dramatikoa baitzen, eta honetan umorearen erabilera ia ipuin gehienetan presente dagoela uste dut. Ironia edo umorearen erabilera zeharkako kritika hori bideratzeko modua da.



Zergatik hautatu zenuen Behi eroak titulutzat?
Istorio guztietan agertzen den gizartea erabat globalizatua delako. Izan ere, duela hogei bat urteko narrazioak ikusi eta Behi eroaken agertzen direnak parekatzen baditugu, berehala ohartuko zara jauzi ikaragarria eman dugula globalizazio kontuetan: bai musikari dagokionez, bai artean, gure harremanetan, bikote harremanetan, baloreen galeran »orain ilusiorik gabe bizi gara, utopiarik gabe; ez daukagu euskarririk, airean bezala gabiltza». Eta hori guztia azaltzeko aukeratu nuen liburuaren izenburua, zeren azken finean behi eroak gaitz global baten ondorioak dira. Bazegoen beste gaitz global bat, hiesa, baina horrekin gauza dramatikoago batera joango nintzen… Eta nik umorea nahi nuen.



Ipuinak idaztea al da zure aukera?
Bai. Nire bizitza hiru ardatzen bueltan mugitzen da: lana, familia eta literatura. Eta literatura diodanean, ez naiz ari bakarrik idazteaz, irakurtzeaz ere ari naiz, eta horretarako denbora behar da. Egia esan, askotan tentsioak sortzen zaizkit hiru ardatz horien artean. Baina beno, uste dut lortu dudala halako oreka bat maila horretan, eta jarraituko dudala idazten hil artean.


Itsas-pilotu literatur zale amorratua

Ozeanotan zehar ibilia da Patxi Iturregi, 1952-ko otsailaren 28an Lau-dion jaio zen idazle hau. Portugaleten ikasi zuen Nautika, eta itsas-pilotu dugu oraindik ere, nahiz gaur egun bere jaioterrian bizi eta bertako euskaltegiko irakaslea den. Literatur-zale amorratua, 1996an Elkar argitaletxearen eskutik Haize kontra izenburua duen bere lehen ipuin-liburua plazaratu baino lehen, ipuin mordoska argitaratuak zituen hainbat antologietan, eta horrez gain, Donostia Hiria, Tene Mugika eta beste zenbait lehiaketa irabazi ditu bere lanekin.


Azkenak
2025-02-28 | ARGIA
1936-1976an Nafarroan errepresaliatutako 407 irakasleak, nortzuk ziren?

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.


2027an ixten hasi behar diren zentral nuklearrak mantentzeko eskatu diote Iberdrolak eta Endesak Espainiako Gobernuari

Espainiako Estatuko zentral nuklearrak itxi ez daitezen aktoreen presioak gora jarraitzen du. Otsailaren 12an Espainiako Kongresuak itxi beharreko zentral nuklearrak ez ixteko eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta orain berdin egin dute Endesak eta Iberdrolak.


2025-02-28 | ARGIA
“Erdalduntzeko makina” salatzeko kanpaina abian jarri du Bilboko Guka mugimenduak

Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.


'Errealitatearen harribitxiak'
Arreta galdu barik

ERREALITATEAREN HARRIBITXIAK
Nork: Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Jare Torralba eta Amets Larralde. Mikel Martinezek zuzenduta eta Jokin Oregiren testuetatik abiatuta.
Noiz: otsailaren 21ean.
Non: Bilboko 7katu... [+]


2025-02-28 | Gedar
Adin txikiko neska bati eraso dio Sarako kirol entrenatzaile batek

 15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.


Nafarroako Gobernuak Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima aitortu ditu

Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu gure lurraldean giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima. Horien artean, hitzez hitz “motibazio politikoko biktima gisa” aitortzen ditu Patxi Erdozain, Eneko Compains,... [+]


Odon Elorzak Donostiako San Bartolomeko merkataritza zentroaren kontrako plataforma aurkeztu du

Donostiako alkate ohiak webgune bat sortu du, eta plataformarekin bat egiteko eskatu die herritarrei.


2025-02-28 | Sustatu
Webtest.eus: webguneen segurtasuna autoebaluatzeko tresna

PuntuEus-ek doako tresna erabilgarri bat jarri du edonoren eskura, webguneen segurtasuna erraz ebaluatzeko. Webtest.eus izeneko autoebaluazio-tresna honi esker, erabiltzaileek beren webgunearen segurtasun-maila modu sinple eta argian azter dezakete.

 


Okzitaniako A69 autobidea
Justiziak ezeztatu du obren gauzapena zekarren prefetaren ordenantza

"Historikotzat" jo du otsailaren 27an plazaraturiko epaia Lurraren Altxamenduak sare ekologista antikapitalistak. Bere aldetik, epaiaren "krudelkeria" salatu eta helegitea jarriko duela jakitera eman du Frantziako Estatuak. Duela hogei urte baino gehiago jarri... [+]


Arabako ospitaletako komunen irisgarritasun falta salatu du Eginaren Eginez elkarteak

Elkarteko Elena Avalosek salatu du aulki gurpildunarekin komunera sartzea oztopatzea, pertsona desgaituen eskubideen, autonomiaren eta duintasunaren kontra doala.


Txema Monterok EAJ birsortzea proposatu du, ‘Deia’-k zentsuratutako artikulu batean

Joan den asteartean La Vanguardia-n argitaratutako artikuluan egin zuen proposamena Txema Montero abokatu bizkaitarrak. 30 urtez Deia egunkariko kolaboratzailea izan da eta lehenik hara bidali zuen bere artikulua, baina egunkariak ez zion argitaratu.


Kapitalismoaren aurkako artikuluak debekatu ditu Bezosek ‘The Washington Post’-en

Hemendik aurrera egunkarian soilik "norbanakoen askatasuna eta merkatu librea" sustatzen dituzten iritziak jasoko direla adierazi du enpresaburuak. Iritzi artikuluen zuzendariak hedabidea utzi duela ere argitaratu du. 


PKKri borroka armatua amaitzeko eskatu dio Öçalan buruzagi kurduak

Urteak iragan dira bere azken argazkia ikusi zenetik. 26 urte daramatza preso Abdullah Öçalanek Turkiako Imrali uhartean, "erakunde terroristako" buruzagitza egotzita. Ostegun eguerdian bere bideo bat ez, baina argazki berri bat zabaltzeko baimena eman du... [+]


EHZk aurtengo leloa eta lehen taldeak jakinarazi ditu

Elkarteak ekainaren 27, 28 eta 29an Arberatzen (Nafarroa Beherea) izango den jaialdian izateko aurresalmenta abiatu du ostegunean. Hiru eguneko sarrerak 43 euro balioko ditu eta Ipar Euskal Herriko "lau ertzetatik" festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituztela... [+]


Eguneraketa berriak daude