Meatzeen museo bizia

  • Burdinaren ustiapenak izena eman zion Meatzaldeari. Trapagaran, Ortuella, Abanto, Muskiz eta Zierbenaren historia abiarazi zuen mineralak. Oroimen historikoa berreskuratu nahian dabil Gallarta auzoa (Abanto). Kontxa II izeneko meatzearen ondoan dago orain Meatzaritzaren Museoa.

2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Meatzaldea izeneko eskualdea meatzeen baldintzetara moldatuta badago ere, Gallartatik Zugaztietarako (Trapagarango auzoa) eremua "ustiapenaren bihotza" izan zen. Abanto eta Trapagarango auzook lotzen dituen hamar kilometroko ibilbideak ondare historikoaren berri eman, eta ingurumena berreskuratzeko saioak egin ditu.

Meatzaritzaren Museoaren aurre-aurrean, zeru zabalpeko Kontxa II meatzea dago. Itsasoaren maila baino hogei metro baxuago dago. 1961etik 1993a arte ustiatu zuten meatzea. Urtean 50.000 tona burdina ateratzen zuten 700 meatzari inguruk. Ondoan dagoen Bodovalleko meatzeak 60 kilometroko galeriak ditu. Galeria bakoitzaren barruan Burgoseko katedrala sartzen dela esan ohi da. Galeriarik sakonena itsasoaren maila baino 205 metro baxuago dago; Euskal Herriko punturik baxuena da. Kontxa IIko burdina preziatua eskuratzeko grina handia zen eta gainean zegoen meatzarien herria deuseztatu zuten. Langileen etxeak lekuz aldatu behar izan zituzten 1970ean, Kontxa IIren minerala ustiatzeko. Meatzaritzaren Museoko Kultur Elkarteak zeru zabalpeko meatzea monumentu izendatzeko eskatu berri dio Eusko Jaurlaritzari.

Kontxa IIren aurrean, 1881etik aurrera Meatzari Ospitalea izan zen eraikin zuria dago. Eskualdean, hiru modulutan banatuta zegoen meatzarientzako ospitalea. Enrike Areilza doktoreak zuzendutako ospitalearen ordezkaritzak Abantoko Matamoros auzoan eta Galdamesen zeuden. Tuberkulosiak jota, langile askok baja hartu behar izaten zuen. Bestelako biriketako gaitzek ere makina bat meatzari gaixo eragiten zuten. Dena den, horrelako gaixotasunak ez ziren lan-gaixotasun gisa hartzen.
Ospitaletik Campillo auzora joanda, Gallartako ikuspegi orokorra izango dugu. Lehenengo planoan, gainera, Kontxa II zeru zabalpeko meatzea izango dugu. Triano auzotik gora, mendi-pistari jarraituz, Zugaztieta dago (Trapagaran). Bidean, ingurunea berreskuratzeko saioen lekuko izango gara. Alde batetik, Enkarterriko billano txakurrak eta euskal pottokak hazten dituen baserria dago eta, bestetik, zabaltzear dagoen Ingurumenaren Interpretazio Zentro berria.

Hamar kilometroko ibilbide horretan meatzeek baldintzaturiko ingurunea ikus daiteke. Minerala garbitzeko putzuek hor diraute. Burdina herrira jaisteko plano inklinatuaren sistemak ez du aldaketarik izan. Gallartara helduta, trenez, itsasorainoko bidea hartzen zuen burdinak, handik atzerrira abiatzeko.

Zugaztieta mendi tontorrean eraikitako Trapagarango auzotxoa da. Herri monumentala izendatuta dago. Bere sorrerak, baina, XIX. mendera eramaten gaitu. Behin-behineko barrakoiek eskualdeko meatzariak hartzen zituzten. 1887tik aurrera, harrizko etxeak egin zituzten eta gaur arte iraun dute.

Burdina urre bihurtu zen mendea

Euskal Herrian, eraldaketa sozial eta ekonomikoa ekarri zuen burdinaren ustiapenak. Europako industrializazioak euskal esplotazio tradizionala bertan behera utzi zuen. Hortaz, XIX. mendeko industria boomari heldu zion Bizkaiko Meatzaldeak. Bizkaia eraiki zuten gizon-emakumeen lanaren omenez sortu zuten Gallartako Meatzaritzaren Museoa 1996an.

Uriartek, museoko zuzendariak dioen moduan (eta baita zonaldeko askok ere), Bizkaia eraiki zuten herriak probintziako langile gune garrantzitsuenak bilakatu ziren hamar urtetan. Etorkinen olatu masiboekin batera, garaiko Bizkaia sortu zen. Lurjabeek itsasadarraren eskuinaldera jo zuten eta burdina lantzeko enpresak sortu ziren Ezkerraldean eta Meatzaldean. Mugimendu politikoek bidea hartu zuten: sozialismoak, anarkismoak eta nazionalismoak. Hamar urteko epe laburrean, Bilboko populazioa bikoiztu zen, Barakaldokoa hirukoiztu, eta Sestaokoa hamar aldiz biderkatu. Espainiatik etorritakoek meatzeetan eta ondoko enpresetan lan egiten zuten, bertoko nekazarien seme-alabekin batera. Klase kontzientzia berria abian zegoen. Gallarta dugu Dolores Ibarruri «Pasionaria»ren jaioterria.

Bederatzi urteko jornalariak

Museora sartu aurretik kartel hori handi batekin egingo dugu topo. "Gaur, 0,0 lan-istripu izan ditugu". Egunero-egunero, lauzpabost meatzariren heriotzaren berri ematen zuen kartelak non gauden gogorarazten digu. 20-30 urte bitarteko gizonezkoek jarduten zuten burdin meatzetan. Bizitza itxaropenaren batez bestekoa 18 urtekoa zen garaian (haurren heriotz tasa izugarriak azaltzen du datuaren gogortasuna), enpresaburuek 40-50 urtekoak eta umeak ere enplegatzen zituzten "beharrezko kasuetan". Bederatzi urte besterik ez zituen jornalari baten heriotza-akta dago Museoan ikusgai.

Zazpi egunez, hamabi orduz, lan egiten zuten meatzariek. Egunean 15 bagoi betetzeko beste mineral atera eta kargatu behar izaten zuten langileek, 15.000 kg guztira. Horren truke zazpi pezeta irabazten zituzten hilean, 1940ko datuen arabera. Soldata horrekin sei pezeta balio zituen dozena bat arrautza baino ezin zen erosi orduan. Gainera, enpresaburuaren kantinan erostera behartuta zeuden meatzariak.

Meatzearen ondoko barrakoietan bizi ziren langileak. Ohe bakar batean hiru langilek egiten zuten lo, lan-txanda ezberdinetakoak izaten ziren-eta. Barrakoi horiek ere enpresaburuaren errentapekoak ziren. Kanpotik zetozenentzako etxebizitza eredu berria asmatu zen, behin familia osatu eta gerorako. Pisu bakarreko etxe txikitxoak dira, zuriz kareztatutako fatxadekin. Oraindik, ikus daitezke eraikinok Balastera eta Putxeta auzoetan, Gallartan bertan, Meatzaritzaren Museotik ez oso urrun.

1890ean hamar orduko lan-eguna eskatzeko antolatu ziren lehenengoz meatzariak. Espainiako Estatuko lehen greba orokorra izan zen 1890eko hura.

Karmelo Uriarte, Meatzarien Museoko zuzendaria: «Naizen honen erroak meatzeetan daudela sentitzen dut»
Nondik datorkizu meatzarien bizimoduarekiko harremana?
Meatzeetan hazi nintzela esan daiteke. Gurasoak meatzariak ziren eta hori izan da txikitatik ikusi dudana. Bilbotik Kantabriarainoko zonaldean, 200 bat meatze egon ziren. Gallarta eta Zugaztieta horren bihotza ziren.

Museoaren sorreran hartu zenuen parte. Zergatik museo hori?
Eskualdeko ezaugarri nagusi bilakatu ziren meatzeak. Orain hogei bat urte, baina, desagertzen hasi ziren. Herriari bizitza kendu zietela ematen zuen. Naizen honen erroak meatzeetan daudela sentitzen dut. Sentimendu hori berreskuratzeko asmoarekin piezak biltzeari ekin genion, eskualdea inoiz izan zenaren oroimena galdu ez dadin.

Nola berreskuratu zenituzten museoan ikusgai dauden objektuak?
Seme-alabek lagunduta nire bilduma txikia osatzen hasi nintzen orain hogei bat urte. Lagunek ere parte hartu zuten eta denon artean, zerbait osatuagoa egin nahi izan genuen. Galerietara sartzen ginen bizitza arriskuan jarriz gehienetan. Gero, lortutako materiala berriztatu behar izan dugu. Herriko hiltegia izandako eraikinean bildutako piezak lagatzeko baimena eman zigun Abantoko Udalak. Gero, bertan jarri ditugu ikusgai, Museoa zabaldu genuenean.

Zein da Meatzarien Museoaren helburua?
Oroimen historikoa gordetzeko beharrezko museoa da. Meatze horiek dira Euskal Herriko aberastasunaren oinarria. XIX. mendean hasi zen langile mugimenduaren berri emateko lekukoa da

Museoa

Ostegunetik larunbatera: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Igande eta jaiegunetan: 11:00etatik 14:30etara.
Astelehenetik asteazkenera:
talde-bisitak.
Telefonoak: 94-636 36 82
/ 94-636 04 60
Webgunea: www.museominero.net
E-posta:
informacionmuseominero.net
Helbidea: Hiltegi zaharra. Bodovalleko meatzea. 48.500 Gallarta (Bizkaia)
Nola heldu: Autobusez: Bilbo-Muskiz eta Santurtzi-Muskiz (Bizkaibus). Trenez: Bilbo-Muskiz (RENFE)
Bibliografia: Dolores Ibarruri, Pasionaria: El único camino (1962). Vicente Blasco Ibáñez: El intruso (1904).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Meatzarien grebak
2021-07-26 | Zihara Enbeita
Ihesi: Meatzaldea II. Burdinazko herriak

Bilbotik Meatzalderantz joanez gero, lehenengo Barakaldo herriarekin egingo dugu topo. Merkatalgune erraldoiek edota Bilbao Exhibition Centrek, besteak beste, betetzen dituzte gaur egun bertako lurrak. XIII. mendera arte, berriz, nekazaritzatik bizi ziren barakaldarrak... [+]

2021-07-23
MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK
Fernando Montenegro, Muskizeko zinegotziari elkarrizketa
Fernando Montenegrorekin berbetan
MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK
Bizkaian badira bi lurralde (bakarra ote?) beste guztiek baino askoz ezezagunagoak eta baztertuagoak daudenak: Enkarterria... [+]



Trapagaran (Bizkaia)
Burdin goseak zauriz bete zuen mendia

“Arrakalatuta utzi digute hegazkinek zerua”, abesten zuen Txuma Murugarrenek. Eta, horixe bera pentsatu dut Larreineta funikularretik jaitsi eta Zugaztietara (Arboledara) bidean: arrakalatuta utzi ziguten meatzariek Trianoko mendi gaina, Peñas Negras... [+]


Anarkismoa Euskal Herrian
130 urteko historia gorabeheratsua

Euskal anarkismoaren mugimendua aurrera atera zuten pertsonaiak eta eztabaidak aztertu ditu Juantxo Estebaranzek bere azken liburuan: Breve historia del anarquismo vasco (Txertoa 2011). Historia horren errepasoa egin dugu, egilearen beraren laguntzarekin.


2011-07-12 | Josu Chueca
SOVtik ELAra
Sindikatu abertzalearen metamorfosia

1911ko uztailean sortu zen Solidaridad de Obreros Vascos, egun Euskal Langileen Alkartasuna (ELA) izenarekin ezagutzen dena. Sabino Aranaren ideien altzoan sortutako sindikatuak klase sozialen arteko elkarrizketa predikatzen zuen eta sozialismoa deitoratu. Aldiz, orain,... [+]


2008-04-28 | Daniel Udalaitz
Maiatzaren lehena Euskal Herrian
Meatzarien 1890eko maiatza
Etxebizitza duinaren eta zortzi orduko lanaldiaren aldeko lehenengo greba historikoa 1890ean egin zen Euskal Herrian, Bizkaiko meatzetan. Grebaren erdigunea Trapagarango Zugaztieta auzoa izan zen eta handik Ezkerralde osora hedatu zen. Gobernuak “gerra egoera”... [+]

2008-01-08 | Unai Cuevas
Larreineta eta Zugaztieta (Bizkaia)
Meatzarien ordez, txangozaleak
Zugaztieta, meatzaritzaren erdigune izandako eremuak, itxuraldaketa nabarmena jasan du azken hamarkadetan. XX. mendearen lehen erdialdean meatzarien pikotxek eta antzeko lanabesek lehentasuna bazuten ere, gaur egun mendizale eta ibiltarien amu bihurtu da.

2003-05-01
Langileek euren aldarrikapenak ozen entzunarazten dituzten eguna

Jon Torner jontorner@argia.eus
1889az geroztik, maiatzaren 1ean munduko langileria kalera atera ohi da bere aldarrikapenak entzunarazteko. Urte hartan II. Internazionalak egun hau Langileen Nazioarteko Eguna izendatu zuen eta urtez urte, maiatzaren lehena iristean... [+]


Eguneraketa berriak daude