argia.eus
INPRIMATU
Landare-estanolek kolesterol "txarra" gutxitzen
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a

gasteizko txagorritxu ospitaleko endokrinologia zerbitzuak eta Leia Fundazioko Entsegu Klinikoen Unitateak elkarlanean egindako saiakuntza kliniko batek argi frogatu du landare-estanolek, edateko jogurt klase batzuetan presente dauden osagaiek, LDL kolesterolaren (edo askorentzat kolesterol "txarra" bezala ezagutzen denaren) odoleko mailak jaitsi egiten dituztela, eta beraz, kolesterolari egozten zaizkion gaitz kardiobaskularren intzidentziaren kontrako borrokan eragile oso garrantzitsuak izan daitezkeela.
Saiakuntza kliniko honetan, aurkezpeneko ekitaldian Algorta doktoreak adierazi bezala, medikamentu edo botika berriak garatzeko erabili ohi den metodologia bera erabili zuten. Horrela, ikerketari ekin aurretik, Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko Ikerkuntza Klinikorako Etika Batzordeak onartu zuen. Ikerketa horretan sexu bietako 30 paziente sartu ziren, 42 urteko batez besteko adinarekin, LDL kolesterola zertxobait altua eduki arren, tratamendu farmakologikorik behar ez zutenak.
Saiakuntzaren hasieran, pazienteen artean bi talde egin ziren, erabat ausaz. Talde batek Kaiku etxearen Benecol izeneko jogurta kontsumitu zuen bitartean, eta honen osagai nagusietako bat landare-estanola da, besteek plazeboa hartu zuten, hau da jogurt berbera, baina bere osagai aktiborik gabe. Hiru asteren buruan, berriro ere kolesterolaren odoleko mailak analizatu ziren, eta emaitzetan ikusi zen landare-estanolarekin hornitutako jogurta kontsumitu zutenei asko jaitsi zitzaiela kolesterol txarra, LDL kolesterola alegia.