argia.eus
INPRIMATU
Basagainera bidaia
2021eko uztailaren 16a
Pasus taberna Zizurkiletik Basagainera joaten den bidean dago, horregatik gelditu gara leku horretan Xabier Peñalver eta Sonia San Joserekin. Iritsi garenean Xabier zain dugu, arduraturik dabil euria hasiko ote duen beldurrez, industeko traste guztiak ziztu bizian jaso beharko baitituzte orduan. Bere Land Rover zaharrari segi diogu bide estu batetik gora, baina azken zatian gu geu ere Land Rover-ean joan gara dinbili-danbala pista malkartsu batetik zehar Basagaingo muinoraino.

Hainbat pertsona lanean dabil, tresnak eskuan, lurra zatika kenduz; ikasleak edo arkeologoak dira. Basagainek oso handia dirudi. Anoetako udalak lur horiek erosi zituenean pinudiak bota zituzten, horregatik aztarnategia oso ongi definiturik dago gaur egun eta harresia nondik nora doan garbi ikus daiteke leku askotan.

Zuhaitz bakarti baten ondoan eseri gara eta bi arkeologoek bertan egindakoa azaldu digute. Intxurreko indusketak bukatutakoan ezagun batek Basagaingo aztarnen berri eman eta Peñalverrek ez zuen dudarik egin leku horretan indusketa proiektua hasteko. Berak nahiago izaten du indusketa sakonagoak egin beharrean, dirua hainbat indusketatan erabiltzea, horrela ondorio orokorragoak atera baitaitezke.

Sonia San Josek indusketan erabilitako metodologiaren berri eman digu. Lan neketsua dirudi, lurra geruzaz geruza industen dute eta bertan azalduriko materiala poltsetan gorde, egiturak (harresia, hormak...) mantendu egin behar dira eta xehetasunez marraztu; gainera, materiala adituen esku uzten dute, hobekiago azter dezaten. "Mendi osoa mapa topografiko batean koadrikulaturik dago eta material berezienari koordenadak ere ipintzen dizkiogu, gero mapan kokatu ahal izateko" esan digu Soniak induskatzen ari diren gunera begira.

Arkeologo batek buztina besterik ez dirudien zeramika puska bat eskura eman dit, horrelakoak sarri topatzen omen dituzte. Baina baita gauza baliotsuagoak ere: tornu bidezko zeramika, burdinazko iltzeak, golde baten burdinazko nabarra, beira-orez eginiko lepoko aleak... Arratsaldeko 16:00ak dira, bertako jendea oraindik bazkaldu gabe dago eta gosetu dira. Tresna guztiak jasotzen ari dira alde egiteko. Datorren urtean indusketa gunea zabaltzeko asmoa dute eta arkeologo adituek susmorik baduten arren, batek daki zer agertuko den lur azpian eta harri artean.