Azaroko hostoak


2021eko uztailaren 28an

Identitateaz

Euskaldunok geure nortasuna identifikatu, zehaztu, bereizi eta kokatu behar omen dugu historian eta munduan. Gure eskubidea omen da. Eta, batez ere, gure erantzukizuna.
Jende asko da gurean erantzukizun horren nekea sentitzen duenik. Hala zioen Edurne Ormazabal kazetariak Berrian: "Herri honek batzuetan nagia ematen du: beti geure buruaz hitz egiten, hausnartzen". Jende asko da gurean erantzukizun horri obsesioa irizten dionik ere. Eta obsesioak, definizioz, hersturazko sentimendu mingarri batez itotzen gaituenez, identitatearen auziak antzutu egiten gaitu, ez omen gaude-eta identitatea ez den beste ezertarako. Identitatearekiko itsumenez jota dagoenak sentitzen duen gu eta haiek bereizi behar etengabe gaixoak ahultzen omen du desberdinarenganako sentiberatasuna. Identitateak, muturreraino eramaten direnean, hiltzaile bihurtzen dira, zioen Amin Malouf idazleak muturreraino eramandako arrazonamendu baten bidez.
Ados nentorke »ados nator» sukar identitate zalearen kontrako jardun horrekin. Ez daukagu inora joan beharrik, negu honetan sukar horixe ari zaigu-eta etxea berotzen.
Bestalde, Espainia eta Frantzia ez dira identitateak aintzen dituzten estatu moderno, eskuzabal eta irekiak; ez dira halakoak izan sekula, eta, halaber, ez dira beren baitako borondatez aldatuko; guztiz deserosoa zaie »antinaturala, erreakzionarioa, logika guztien kontrakoa» hain errotua duten eredu berdin bakarretik apartatzen den oro.
Herri honetako askok eta askok zer nahiago genuke identitatearen obsesioa gainetik kentzea baino! Baina luzerako dugulakoan nago. Bitartean, atezuan egon beharko dugu gehiegikeriekin: identitatearen defentsa, baztertzailea bada, ez da justiziazkoa ez baztertuarentzat ezta identitatearen izenean baztertzera prestatzen denarentzat ere.


Erantzun bila

Lehia bikoitza da beti etikarena: batetik, geure baitan bizi duguna; bestetik, adostasun moralari eraso egiten diotenen aurkako lehia (adibidez, azken bolada luzean, Irakeko gerraren kontrakoa).
Zergatik, ordea, bikoiztasun hori?
Freud-ek zioen: "Neure buruari galdetzen diodan bakoitzean zergatik saiatu naizen ondradua izaten, zergatik izan naizen eramanekoa eta bihotz zabala hurkoarekin, zergatik ez diodan uko egin kaltea eta kontraesanak besterik ez zekarzkidan jarrerari, ez daukat erantzunik".
Ez, ez dago erantzunik. Baina erantzuna ezagutzen ez badugu ere, garbia da zeregina: barruko ez dakigu zein indar klasek bidegabekeriaren kontra egitera bultzatzen gaitu eta, aldi berean, bidegabekeriak eragindako biktimen alde jartzera.


Lotsaren patioan

Honek, egunkariko orriak pasatu; honek, azkura kendu; honek, sudur-zuloa garbitu; honek, arerioari kontuak eskatu, eta bosgarren pikaro zatar honek botoia sakatu.
Haur-jolas bat Eusko Legebiltzarrean, sarriegi lotsaren patioa bihurtzen diguten horretan. Baina legeaz eta parlamentuaren betebeharrez ahoa beteta hitz egiten duten politikari eta kazetari berek garrantzia kendu nahi izan diote gertakizunari. "Larriagoa izan da hirukoak SArekin egin duen ituna!". Anekdota bat, beraz? Zutabe, bineta eta txisteetarako gai aproposa gehienera ere…? Niri, ordea »zer egingo diot ba!», Eusko legebiltzarrean gertatu den lotsagarrikeriarik handiena iruditzen zait.
"Ez da, dirudienez, zerurik ez lurrik ikaratuko garaiz ohar gaitezen gure azken orduaz. Aski izango omen da, diotenez, norbaitek »ez dakigu nork» botoi kaskar bat estutzea", idatzi zuen Mitxelenak mehatxu nuklearraz. Mayor Orejaren ordez botoia sakatu zuenak ez du zerurik ez lurrik ikaratu, baina politikaren sinesgarritasun faltak minbiziak bezala usteltzen du jardun politikoa; eta botoiarenak, anekdotaren gainetik, koska bat estutzen du lehendik nahiko estu zegoen politikaren sinesgarritasun falta izugarria.


Bizkar-poltsarena

Horra Kataluniako bozketek ekarri dutena, besteak beste: ezkerrak aginduko ote duen aukera. Ezkerrak historikoki izan duen arazo nagusia: ez du ikasi egia, justizia eta askatasuna bizkar-poltsa berean sartzen. Ez du ikasi ezin zaiola bati uko egin bestea indartzeko. Ez du ikasi elkarrekin eta elkarren arrimuan indartzen direla hirurak. Hara ditugu begiak.


Iraun

Euskal kulturako ekimen asko porrot ekonomikoaren muga-mugan bizi omen da, hala diote erdi lotsaz erdi ezkutuan dabiltzan azterketa, iritzi eta larri-dei askok.
Goethek lagun baten heriotzaren berri jakin eta esan zuena datorkit gogora: iraun beharra zagok, iraun beharra!
Baina Goetheren iraun behar horrek ez du zerikusirik gure eguneroko diosaletan ageri den etsipenarekin:
-Zer moduz?
-Hementxe. Irauten.
Iraun beharra dago, bai, baina ez etsipenezko erantzun abaildu horrekin. Ez da etsi behar, ezta sentibera jartzeko adinera heldutakoan ere. Gazte izaten segitu beharra dago; berariazko borondate gazte batek (beti zalantzen arragoan goritu behar den ikuspuntu moral eta estetiko batek) gorde dezake piztuta, ez beste ezerk, Goethe zaharraren begietako su gaztea. Sentiberatasunak nola senti dezake ezer berririk eta begiradak nola ikusi, ez bada etengabe berrituz sentiberatasuna eta begirada?
Ekimen kultural asko egongo da porrotaren arriskuan. Baina gehiago amorratzen naute aspaldi handian hilda bizi diren jardunbideek. Begi-bistakoa da irauteagatik irauten dutela. Sosak dituztelako diraute, ez barneko premiak edo kanpoko eskakizunak eraginda.
Sosik gabeko iniziatibak hiltzen dira, ordea; ez, kemenik eta funtziorik gabeak.


Hondartza

Urtebete da Prestige hondoratu zela. Ikaragarri idatzi da hartaz guztiaz. Ez dago, ordea, dena esanda.
Munduan ageri diren gauzen sorta baino zerbait gehiago da mundua; noiz manifestatuko zain dauden gauzen multzoa ere bada mundua.
Esateko dauden gauzena, adibidez.
Arteak, esateko dagoena esaten saiatzeaz gainera, azti baten gisa jokatzen du; aurreratu egiten du, inork ez ikusi arren, gertatzear dagoena. Orain dela berrogei bat urte Robert Graves-ek Hondartza izeneko poema eder bat idatzi zuen Mallorcako Deyá herrian:
"Kaioek baino ozenago egiten dute kurrixka umeek /gurasoen eskutik helduta apar gazterantz; / beste batzuek, berriz, izurik gabe, bularreraino bustitzen dira, / beren ahoei irribarre kresaltsua dariela…"
"Baleak ikusi dituen marinel gihartsuak, /arrain hegalariak ikusi eta Demerara eta Boli Kosta/ bezain toki urrunetara heldu denak / abisu emango die ipuina entzutera hurbildu zaizkion haurrei / alkitranaren usaina dutela ozeano guztiek".
Gravesek aurreikusi zuen ozeanoetako alkitrana ez zen Exxon Valdezek edo Erikak edo Prestigek isuritako miseria beltza. Ez zeukan horretarako premiarik: gizakiok hondatutako ozeanoak usainduak zituen Gravesek. Horrek egin zuen jakitun zer etorriko zitzaigun, horrek egin jakitun zein gorrak garen. Halatan, zezakeen ekintzarik iraultzaileena egin zuen: poema eder bat ondu abisutzat.
Ez dago dena esanda, ez. Baina ezta esandako guztia gure oroimenean ere.


Non dira?

Bushen administrazioak Iraketik datozen hilkutxen irudiak hartzea debekatu du. Telebistaz ematen ez dena ez da albiste; telebistatik pasatu gabea ez da bihotzera heltzen.
Ez dute entzun nahi Monzonen poemako alargun zoroak botatako oihu lazgarria senarra eta hiru seme gerran galdu eta gero:
"Non dira beste zoro horiek, gudan nahi zutenak hasi?".


Azkenak
Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Montanako (AEB) Auzitegi Nagusiko epaile anderea... euskaraz

Irulegi irratiak elkarrizketatu du AEBetako Montana estatuko Auzitegi Nagusiko epaile Katherine Bidegaray. Gurasoak behe nafartarrak zituen, aita Mendibekoa eta ama Ahatsakoa.


2025-01-16 | Leire Ibar
Osakidetzako zuzendari ohi Mikel Sánchezek Mutualiarekin fitxatu du

Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.


Eguneraketa berriak daude