argia.eus
INPRIMATU
Autoan doazen umeen erdiak ez du seguru bidaiatzen
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 28a

Servei català  de trànsit (sct) erakunde serioa da, hemengo gure Trafiko Zuzendaritzaren parekoa, nolabait esateko. Eta duela gutxi adierazi duenez, Kataluniako errepideetan zehar dabiltzan 12 urtetik beherako umeen %55ek inolako segurtasun-sistemarik gabe bidaiatzen du autoan doanean, neurri horiek ezinbestekoak diren arren, eta istripuren bat gertatuz gero, umearen bizitza salbatu dezaketen arren.
Datuak hangoak dira, noski, eta ez dauzkat Euskal Herrikoak orain bertan, baina zoritxarrez, hemengoak ere ez dira hain urruti ibiliko. 2002. urtean Katalunian errepideetako istripuetan hil ziren 13 umeetatik bakarra zen bere eserlekuan euste sistemaren bat zeramana. Edota, beste hitz batzuekin esanda, trafikoko istripu bat gertatzen bada, bizitza salbatzeko askoz ere aukera eta posibilitate gehiago dituzte eserlekuetara behar bezala lotuak doazen haurrek, lotura edo euste sistema horiek oraindik ere (legez) derrigorrezkoak ez diren arren.
Kontuan hartzeko beste datu bat da haurren euste sistemak gero eta eskasagoak direla, normalean, zenbat eta ume gehiago joan autoaren barruan. Horrela, auto batean adin txikiko bakarra doanean, kasuen erdian (%50eko posibilitatea), haurra behar bezala lotuta joango da, bere adinaren arabera dagokion sistema euslea (aulkia nahiz segurtasun uhala) erabiliz. Automobil berean hiru, lau edo gehiago direnean batera doazen haurrak, ondo lotuak joateko posibilitateak ikaragarri murrizten dira, %11 soilik izateraino lau umeren kasuan.