argia.eus
INPRIMATU
Trabesak
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Bere alde zituen. Gehienek jotzen zuten garaile. Dema egunaren hondar saioetarako, puntako laguntzailez inguratu zen errematatzaileak zirelakoan. Azkenerako, ez aurrelari ez erdilari defentsa gunetan aritzen diren sasi goleatzaileak suertatu, atezain orok gorrotatzen dituen horietakoak, arerioenarena baino omen berena zulatzen dutenak. Maragall genuen talde horren buru. Espainiatik ekarriak zituen bertakoen indarrak emendatuko zituzten izarrak. Bono, Rodriguez de Ibarra, Patxi Lopez. Eta izarretan izarrarena Rodriguez Zapatero. Lagunartekoak jokatu, eta goleadaz irabazi beharrekoa azken minututan galdu. Baloirik gabekoan maisu, futbol zelaian espainiar salako toreatzaileena egin diote PSCri, zezenik gabeko bere festa nazionalaren fartsa antolatu. Federalismo asimetrikoarena beste jardun bat dela, Katalunian badutela baloirik gabeko erdiratzeen berri eta adar jartze jotzeena alegia. Eta izarrek beren frakasoa onartuko ez dutenez, zezenak askatuko dizkiote Maragalli bere bulegora, edo zuzen-zuzen zezenetara bota erori delakoan. Istripua. Omenaldia. Elexuriak. Onik irteten bada zahartegira saritzat, zezenketak eta futbola etzanik ikus ditzan. n